“Antzeztea da zoriontsuen egiten nauena”

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 2a, 11:48

Amets Ibarra Aurrekoetxea, aktorea

Marie De Jongh konpainiarekin batera, Asuko gaztea Euskal Herriko zein Estatuko agertokietara eramaten dabil Ikimilikiliklik antzezlana. Antzezten umea zela hasi zen eta zaletasuna ogibide bihurtzeko du amets; horretarako, gogor eta gogoz dabil taula gainean.

Antzerkian bost urte besterik ez zenituela hasi zinen.

Antzeztea beti izan dut gustuko. Sondikako eskolan hasi nintzen, eguerdiko eskolaz kanpoko ekintzetan; beranduago, Sondikan antzerki-taldea sortu zen eta bertan ere ibili nintzen. Derioko institutuan Batxilergo Zientifikoa ikasi ondoren, Arte Ederretako lehen maila egin nuen eta ikasturte horretan Barakaldoko antzerki eskolan ere egon nintzen. Arte Ederretan nengoela konturatu nintzen nire lekua antzerki-munduan zegoela.

Zergatik?

Antzeztea zoriontsuen egiten nauena delako. Eskolan edo agertokian nagoenean beste mundu batean sartzen naiz eta berdin didate kanpoko arazoek: zoriontsua naiz. Egun hobeak edo txarragoak egon daitezke, baina antzerkia beti izan dut babesleku. 

“Egun hobeak edo txarragoak egon daitezke, baina antzerkia beti izan dut babesleku”

Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolaren ikaslea zara gaur egun. Zer moduz bertan?

Proba batzuk egin behar izan nituen eskolara sartzeko. Lau maila dira eta egun hirugarrenean nago. Lehen mailan mundu berri bat deskubritu nuen, bertako eskola-saio gehienak bestelakoak baitira; esaterako, ez gara mahai batean esertzen irakasleari entzuteko eta eskola batzuk oinutsik jasotzen ditugu. Gainera, oso ikasle gutxi garenez, guztiok ezagutzen dugu elkar. Lehen mailan, hortaz, mundu berri hori eta errutinak barneratu behar dira, asko ikasi, eta bigarren mailan, ordea, badakizu non zauden eta nola jokatu behar duzun. Nik oso ondo pasatzen dut eta pila bat gustatzen zait eskolara joatea, nahiz eta batzuetan estresagarria izan, ordu asko eta lan handia egin behar dira eta.  

Zer ikasten duzue?

Antzezpena, dantza, kantatzea, dramaturgia, ekoizpena… Gauza asko dira eta jakin behar da dena ondo eramaten; ni horretan nabil, erraz larrituz gainera, oso urduri ipintzen bainaiz. Baina pentsatu behar dut batzuetan ezingo naizela denera heldu eta inoiz zerbait egin gabe utzi beharko dudala… Dena dela, egiten nabilena asko gustatzen zaidanez, ez zait hain gogorra egiten.

Nolakoa da egun bat eskolan?

Eskola-saio teorikoak zein praktikoak ditugu, eta eskola 8:15ean-edo hasten den arren, ni 8:00etarako nago bertan, beroketak egiten. COVID-19aren eraginez, egoera berezia dugu aurtengo ikasturtean, baina normalean arratsaldean ere baditugu eskola-saioak –nik aurten astean bitan ditut–, eta aurreko ikasturteetan, beharrezkoa bazen, gaueko 9ak edo 10ak arte gelditu ahal ginen entseatzen.

Aurten praktikak egiten zabiltza Kabia antzerki-taldean.

Eta iaz  Pabellon 6 taldean izan nintzen. Praktikak oso baliagarriak dira antzerki-talde profesional baten funtzionamendua hurbiletik ezagutzeko; jende asko ere ezagutzen duzu, aktoreei laguntzen diezu… Iaz, adibidez, Pabellon 6 taldearen estreinaldi batean izan nintzen Arriaga antzokian, eta antzokia barrutik ezagutzea eta agertokian izatea itzela izan zen.

“Praktikak oso baliagarriak dira antzerki-talde profesional baten funtzionamendua hurbiletik ezagutzeko”

Praktikez gainera, Marie De Jongh antzerki-taldearen Ikimilikiliklik antzezlanean zabiltza aktore. Nola etorri zaizu aukera?

Pabellon 6 taldean nirekin praktiketan ibilitako lagun bat Marie De Jongh antzerki-taldean hasi zen lanean, eta abenduan esan zidan konpainia nire ezaugarrietako aktore baten bila zebilela eta ea animatuko nintzen izena ematera; baietz erantzun nion. Ondoren, urtarrilean, Jokin Oregi antzerki-taldearen zuzendariak deitu zidan. Azaldu zidanez, Ikimilikiliklik antzezlanean adin gutxiko neska bik hartzen zuten parte, baina Estatuko bira egiteko, nahiago zuten adin nagusiko aktore bat kontratatu. Pabellon 6 konpainian galdetu zuela esan zidan, eta nire izena eman ziotela. Castinga egin nuen eta hartu ninduten. Antzezlanaren pertsonaia nagusia naiz gaztetan. Obra nagusitzearen eta bakardadearen beldurrari buruzkoa da.

Zelan joan da Estatuko bira?

Nik FETEN jaialdian, Gijonen, antzeztu nuen lehen aldiz eta bertan espazio eszenikorik onenari saria eman ziguten. Lehen aldia zen jaialdi handi batean parte hartu nuena eta ikaragarria izan zen. Ondoren, udan, GREC Bartzelonako festibalean izan ginen, Mercat De Les Flors antzokian, eta flipatu egin nuen: kamerinoak oso handiak ziren eta dutxa eta guzti zuten…

Oso agertoki garrantzitsuak dira biak; zelan esperientzia?

Feten jaialdian pentsatu nuen: “Zelan sartu naiz ni honetan?”. Oso urduri nengoen, baina gero pentsatu nuen jolasa dela eta agertokira ondo pasatzera aterako naizela, eta istorio bat kontatzera. Lasai nagoenean gauzak ondo ateratzen dira eta disfrutatzen dut.  

Antzerki-denboraldia irailean hasten da. Zer duzu esku artean?

Saio batzuk egin ditugu, eta orain gaztelaniazko bertsioa ez ezik euskarazkoa ere antzezten dut. Urte amaierara arte, emanaldia dugu asteburu guztietan, eta batzuetan astean zehar ere bai. Egia esan, COVID-19ak sortutako egoera dela eta, agertokiaren gaineko sentsazioa oso arraroa da: antzerkia aktoreen eta publikoaren gaineko hartu-emana da, baina ikusleei aurpegi osoa ikusten ez diegunez, ez dakigu helarazi nahi dieguna hartzen dabiltzan, barrezka ari diren edo aspertuta dauden… Bueno, ohitu behar dugu.   

“Agertokiaren gaineko sentsazioa oso arraroa da: ez dakigu publikoa helarazi nahi dioguna hartzen dabilen”

Zure ustez, zelan kudeatzen ari da koronabirusaren krisia kultur arloan?

Aretoak leku seguruak dira eta osasun- eta segurtasun-neurriei zorrotz jarraitzen zaie. Edozelan ere, aktoreok ziurgabetasunean bizi gara, momentu honetan emanaldiak hitzartuta baditugu ere, ez baitakigu datorren astean zer gertatuko den eta lan egin ahalko dugun. Eta lan egiten ez badugu, ez dugu dirurik irabaziko eta hori arazoa da askorentzat. Horri lotuta, uste dut antzerkigintzan ez dela laguntza handirik egon.

“Aktoreok ziurgabetasunean bizi gara, ez baitakigu datorren astean lan egin ahalko dugun”

Etorkizunaz pentsatzen duzu?

Ikasketak direla, antzerki-taldea dela… gauza asko ditut buruan eta etorkizunaz pentsatzen badut, urduri ipintzen naiz; beraz, nahiago dut hurbileko gauzez pentsatu. Dena dela, lan-ibilbidea antzerkigintzan egin nahi dut, jakina. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).