Euskaraz gehiago eta erosoago

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 5a, 13:13

Euskaraldia 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean egingo da bigarren aldiz. Aurtengo edizioaren berritasun nagusia ariguneak dira: euskaraz eroso sentitzeko guneak hain zuzen. Ariguneak erakundeetan, enpresetan eta elkarteetan sortuko dira, eta Txorierriko 130 entitatek egin dute bat ekimenarekin; horren ondorioz, 300 arigune baino gehiago egongo dira gurean.

Itziar Aldekoa Euskaraldiaren Txorierriko arduradunak azaldu duenez, era guztietako entitateak dira eta haien artean, besteak beste,  Parke teknologikoko enpresak, herrietako dendak, autonomoak, udal-erakundeak eta euskara elkarteak eta kultura taldeak daude. “Oso erantzun positiboa jaso dugu. Beldur ginen hasieran, pandemian eta krisi-garaian gaudenez, jendeak, beharbada, burua beste leku batean izango zuela pentsatu genuelako, baina entitateetara informazioa ematera hurbildu garenean, ez dugu ezta erantzun txar bat ere jaso”.

Ariguneak euskaraz lasai eta eroso mintzatzeko guneak dira. Horrela, bada, parte-hartzaileek badakite ariguneko gainerako partaidek euskaraz dakitela eta, ondorioz, beldur barik arituko dira euskaraz. Bi mota daude: barne-ariguneak eta kanpo-ariguneak.  “Barne-ariguneak, adibidez, enpresa bateko ohiko lantaldeak izan daitezke, edo sailak. Kide guztiek euskara ulertu behar dute eta parte-hartzea haien artean adostuko dute. Kanpo-ariguneak, bestalde, entitateen eta herritarren arteko harremanetarako guneak dira: tabernak, dendak, ile-apaindegiak… Gune horietan langile bat edo gehiago egongo dira, eta kanpoko pertsona bat edo gehiago”.

Entitateek egitasmoan parte hartzearen garrantzia azpimarratu du Aldekoak. “Pertsona batek Euskaraldian bere kabuz aritzea erabakitzen badu, ariketaren arrakasta inguruko lagunen jarreraren araberakoa izango da.  Hala ere, bere enpresak edo aisialdi-taldeak egitasmoan parte hartzen badu, talde osoaren bultzada izango du ariketak. Gainera, taldeetan hartutako erabakiek indar handiagoa dute eta partaideek elkar motibatzen dute”.

Egitasmoan enpresa edo aisialdi-talde batek parte hartzen badu, talde osoaren bultzada izango du ariketak”

Euskaraldiaren helburua hizkuntza-ohiturak aldatzea da. “Eta horretarako, bost egunean herriko leku guztietan euskaraz hitz egitea eta euskara entzutea, eta egun horien ostean sortutako hizkuntza-aldaketak ohitura bihurtzea, euskararen erabilera areagotzeko.  Esaterako, izan daiteke pertsona batek ez dakiela okindegiko langileak euskaraz dakien ala ez, baina dendan arigunearen ikurra ikusten badu, agian, handik aurrera ogia euskaraz erosiko du. Auzokoekin edo eskolako gurasoekin ditugun hizkuntza-ohiturak ere alda ditzakegu, belarriprest edo ahobizi txapa ikusita, euskaraz dakitela ohartuko garelako”.  

Belarriprest eta ahobizi

Arigunetan ikur bat egongo da bertan euskaraz lasai eta eroso egin daitekeela jakinarazteko. Halaber, Txorierriko Euskaraldiaren gizarte-sareetan ariguneak zeintzuk diren kontsultatu ahalko da eta mapak eskegiko dira. Euskaraldiaren aplikazioa jaitsita ere Euskal Herriko ariguneen mapa eskuratu ahalko da.  

Aurtengo berrikuntza ariguneak diren arren, ariketaren funtsa belarriprest eta ahobizi rolak dira. Beraz, euskara ulertzen edo euskaraz dakiten herritar guztiak animatu nahi ditugu Euskaraldian parte hartzera. Uste baino jende gehiagok ulertzen du euskara, eta lehen hitza euskaraz egiten badugu, ikusiko dugu jende askok euskaraz egiteko gogoa duela. Oso maila alturik ez duten lagunei ere esango nieke beldurra kentzeko, hizkuntza baten helburua komunikatzea baita, eta ez txukun-txukun egitea. Gainera, zenbat eta gehiago euskaraz hitz egin, orduan eta erraztasun handiagoa izango dute”. Izena ematea Euskaraldiaren aplikazioan egin daiteke, www.euskaraldia.eus webgunean edo herrietan ipiniko diren mahaietan (datak gizarte-sareen bidez jakinaraziko dira).    

 

Uste baino jende gehiagok ulertzen du euskara, eta lehen hitza euskaraz eginez gero, ikusiko dugu jende askok euskaraz egiteko gogoa duela”

 

Ariguneak

Lezamako Kooperatiba, Leire Begoña Derioko ile-apaindegia eta Izpilen Sondikako parafarmazia eta belar-denda Txorierriko arigune batzuetako dira. Leire Begoña euskaldun zaharra da eta, azaldu digun moduan, bezero euskaldunekin beti egiten du euskaraz. “Euskara ikasten dabiltzanak ere batzuetan animatzen dira nirekin euskaraz apur bat egitera”. Bere ustez, ariguneak sortzea ekimen garrantzitsua da, hizkuntzari indar handiagoa ematen diolako. “Izan ere, batzuetan jendeak ez du norekin euskaraz egin edota ez daki zein lekutan egin dezakeen euskaraz, eta, hortaz, ez da lehen hitza euskaraz esatera ausartzen”. Horri lotuta, pentsatzen du ekimena lagungarria izan daitekeela beraren eta bezero batzuen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko, “lehenengo mailetan dabiltzanak batzuetan euskaraz egitera ausartzen ez dira eta”. Derioko ile-apaindegian euskara lasai eta eroso praktikatzeko lekua topatuko dute.

Arantza Zarate Lezamako Kooperatibaren arduradunaren hitzetan, Euskaraldiak eta ariguneek onura ekarriko digute herritarroi zein herriei. “Ni euskaldun zaharra naiz eta bezero gehienak euskaldunak dira; beraz, euskara hizkuntza nagusia da kooperatiban. Lehen hitza beti egiten dut euskaraz, eta, gero, ez dakienarekin erdaraz jarraitzen dut. Uste dut ekimen garrantzitsua dela eta, beharbada, euskaraz egiten ausartzen ez direnak edo maila alturik ez dutenak animatu ditzake euskaraz gehiago egitera”. Berak ere espero du ariketa baliagarria izatea bezero batzuekin duen hizkuntza-ohiturak aldatzeko.

Niri iritziz, saltoki moduan, oso garrantzitsua da lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa hartzea, bezeroari euskaraz egitea errazten diogulako” gehitu du Leire Aburto Izpilen dendako jabeak. Euskaldun zaharra da eta lehen hitza beti euskaraz esaten dio bezeroari, telefonoz nahiz aurrez aurre. “Euskara bultzatzeko edozein ekimen oso garrantzitsutzat jotzen dut eta, denda arigunea dela jakinda, espero dut euskaraz egiteko zailtasunak dituztenak ere nirekin euskaraz egitera animatzea”.