Euskaraldian belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei parte hartzeko deia egin diete

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 6a, 14:12

Aste bi falta dira Euskaraldia hasteko, baina gaur, Bilbon, egitasmoan parte hartzeko deia egin zaie belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei. Era berean, Euskaraldia ikusgarri egiteko deia egin zutenHizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da. Antolatzaileek belarriprest izango diren herritarren garrantzia azpimarratu zuten.

Euskaraldiak herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza inertziak astintzea eta euskararen erabilera areagotzea ditu helburu. Hala ere, sustatzaileek jakin badakite COVID19ak eragin handia izango duela egitasmoan. “Kalean presentzia txikiagoa izango dugun arren, hurbileko harreman-sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible da, eta Euskaraldia egin egingo da”, esan zuen Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak. Berarekin batera hauek izan dira agerraldian: Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua; Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotzia; eta Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendaria.

Euskaraldian izena emateko epea oraindik dago irekita. Orain arte apuntatu diren gehienek ahobizi izatea erabaki dute, beraz, antolatzaileek belarriprestek ere parte hartzea eskatu dute. “Ariketa egiteko, bi rolak dira beharrezkoak, taldean euskara gehiago erabiltzeko”. Aurten, Euskal Herriko 421 udalerritan egingo da ariketa, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Hurrengo asteotan, Euskaraldiaren sustatzaileek sarean eta gailuen arteko komunikazioan ahobizi edo belarriprest aritzeko gomendioak eta jarraibideak zabalduko dituzte.

Beste alde batetik, Euskaraldiaren antolatzaileek ekimena kalean ikusgarri egin nahi dute. “Kaleko ekintza, ekitaldi eta harreman sozialak mugatuta egonik, milaka herritarrek egingo duten ariketa soziala bistaratu nahi dugu”. Horretarako, hainbat formula egongo dira: batetik, lehen edizioan bezala, belarriprestek eta ahobiziek txapa erabiliko dute; bestetik, ariguneak ere identifikatuko dira, euskarri fisikoak erabilita zein telefono aplikazioan geolokalizatuta; eta azkenik, leiho, balkoi eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak jartzeko proposamena egin zaie hala nahi duten belarriprest eta ahobiziei.

 

Izena emateko:

www.euskaraldia.eus

Euskaraldia batzordeetan

Euskaraldia app

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).