Aurrekoak esan nahi du inguru horietan izaten garen bakoitzean telefonoa sarera berez konektatuko dela, guk erabili edo ez. Bestalde, leku berrietara joaten garenean, datuak aurreztearren, erabilera-baldintzak berehala onartzen ditugu eta konektatu egitenn gara. Pasahitza eskatu edo ez, ez dugu birritan pentsatzen doako sareetara konektatzeko orduan.
Wifi publikoen arazoa segurtasunari eta pribatutasunari lotuta dago: beti daude leku berberetan eta gehienetan ez da inor haien segurtasunaz arduratzen, adibidez, softwarea edo konfigurazioa eguneratuz. Dena dela, ez pentsatu etxeko wifia ezberdina denik, izan ere, noiz izan da firmwarea eguneratu duzuen azken aldia? Hacker amateur batentzat karamelua da bere abilidadeak trebatzeko. Arazo horiek bideratzeko modu bat da Sare Pribatu Birtualak edo VPNak (Virtual Private Network) erabiltzea.
Wifi publiko batera konektatzen garenean, telefonoa router batera konektatzen da, handik zerbitzua eskaintzen duen enpresara, eta gero Internetera, YouTubera, Instagramera... Horiek horrela, nork babesten du gure informazioa? VPN batera konektatzen garenean, berriz, zuzenean konexio segurua eta pribatua ezartzen da zerbitzariarekin, eta handik Internetera. Komunikazio-tunel moduko bat sortzen da, zifratua eta segurua, eta askoz zailagoa da inork informazioa ikustea, datuak lapurtzea edo gure gailuak edo gu ordezkatzea.
VPN batera konektatzen garenean, komunikazio-tunel moduko bat sortzen da, zifratua eta segurua
Abantailak
VPN sareen abantailarik garrantzitsuena da datuen segurtasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzen dela. Halaber, zenbait herrialdek zentsuratutako Internet konexioak egin ahalko ditugu: Txinan gaudela Frantzian dagoen VPNa erabiltzen badugu, esaterako, han debekatuta dauden Instagram edo Google erabili ahalko ditugu, haientzat gure kokapena Frantzian baitago, eta ez Txinan. Gainera, horrelako konexioak egitea gero eta errazagoa da bai mugikorretan, bai beste gailuetan.
Hala ere, VPN sareek arazoak ere ekartzen dituzte, noski. Nabarmenena hau da: nork bermatzen digu erabiltzen gabiltzan VPNa konfiantzakoa dela? Azken finean, segurtasuna eta pribatutasuna haien esku uzten dugu...
Interneteko hainbat lekutan topatuko duzue VPNen gaineko informazioa. Normalean, doakoek erabilera-mugak ezartzen dituzte denborari edo abiadurari dagokienez. Adibidea ipintzearren, PROTONVPN aipatu dezakegu: erraz instalatzen da edozein gailutan eta doako zerbitzu dezentea eskaintzen du. Nolanahi ere, gogoratu ez dagoela segurtasuna eta pribatutasuna % 100ean bermatzerik eta funtsezkoena arduraz jokatzea dela, VPNak alferrikakoak baitira pasahitza mugikorrean itsatsitako post-it batean idatzita baduzu.
Gogoratu ez dagoela segurtasuna eta pribatutasuna % 100ean bermatzerik eta funtsezkoena arduraz jokatzea dela