Bihar hasiko da Euskaraldiaren bigarren edizioa

Aikor aldizkaria 2020ko aza. 19a, 14:23

Bihar, azaroaren 20an, Euskaraldia bigarren aldiz hasiko da eta abenduaren 4ra iraungo du. Ariketa sozialak hizkuntza-ohiturak aldatzea eta euskararen erabilera bultzatzea ditu helburu. Aurtengo nobedadeak milaka entitatek sortu dituzten ariguneak dira, euskaraz lasai aritzeko tokiak, hain zuzen ere. Aurreko edizioan moduan, ahobizi eta belarriprest rolak jokatzen dituzten lagunak izango dira protagonistak.

Pandemia dela eta, Euskaraldiak baldintza bereziak izango ditu aurten. Izan ere, gizarte-harremanak mugatu izanak eragin handia izan du Euskaraldiaren prestatzeko eta hedatzeko orduan. Era berean, ezin izango da ariguneetan normaltasunez jokatu. Beraz, antolatzaileek hizkuntza-ohiturak aldatu nahi dituzte bai hurbileko harreman-sareetan, bai ingurune digitalean.

Egitasmoan parte-hartzeko epea oraindik dago irekita eta azaroaren 24ra arte jarraituko du zabalik www.euskaraldia.eus webgunean. Guztira 147.000 lagunek eman dute izena Euskaraldian; “parte hartze zabala”, antolatzaileen esanetan. Partaideen % 79 ahobizi izango dira, eta % 21, belarriprest. Partaideen % 9 arabarrak dira, % 33, bizkaitarrak; % 44, gipuzkoarrak; % 12, nafarrak; eta % 2, Iparraldekoak. Euskal Herritik kanpo bizi diren ehunka lagunek ere eman dute izena Euskaraldian. “Aipagarria da izena eman duten lagunen artean, % 27k ez zuela aurreko edizioan parte hartu”, esan dute antolatzaileek.

Udalen datuak ere zabaldu dira. Guztira Euskal Herri osoko 421 udalerrik hartuko dute parte Euskaraldian. “Herriz herri sortu diren batzordeen lana azpimarragarria da, han izan diren herritar boluntarioak izan baitira Euskaraldia antolatzeko oinarria. Boluntario-sare handia dabil herriz herriko antolatze-lanetan”. Gainera, aurten 6.800 entitatek 25.000 arigunetik gora sortu dituzte. “Entitate horien ahalegina ere azpimarratzekoa da, egoera zailean egon arren, Euskaraldian parte hartzeko apustua egin dutelako”. Euskaraldiaren koordinazio taldean Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa aritu dira. Eta horiekin batera, hainbat elkarte, enpresa eta erakunderen partaidetza ere funtsezkoa izan da Euskaraldia antolatu ahal izateko.

 

Hasierako ekitaldia, gaur Antsoainen

Gaur, azaroaren 19an, 19.00etatik aurrera ekitaldi bat egingo da Antsoainen, Nafarroan, Euskaraldiari hasiera emateko. COVID-19ak baldintzatutako ekitaldia izango da, aforo mugatua izango baitu. Juan Kruz Lakasta eta Lohizune Amatriak gidatuko dute ekitaldia eta antolatzaileek eskerrak emango dizkiete azken bi hilabeteetan herriz herri eta entitatez entitate jasotako babes zabala.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).