Elkarretaratzeak, Emakume guztientzat indarkeriarik gabeko bizitza aldarrikatzeko

a: Artxiboko argazkia. Elkarretaratzea Larrabetzun, iaz. Argazkilaria: Idoia Andres. 2020ko aza. 25a, 08:59

Gaur, azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna da. Datu ofizialen arabera, indarkeria matxistak hiru emakume hil ditu aurten Euskal Herrian, eta 5.000 salaketa baino gehiago aurkeztu dira. Gainera, pandemiak larritu du bortizkeria jasotzen duten emakumeen egoera. Erakundeek eta talde feministek deituta, ekitaldiak izango dira herrietan, emakume guztientzat indarkeriarik gabeko bizitza aldarrikatzeko.  

Zutunik Larrabetzuko talde feministak, esaterako, balkoietan zapi edo oihal morea ipintzeko deia egin du, eta arratsaldeko 7etarako elkarretaratzea antolatu du plazan. Lezaman ere agerraldia izango dute arratsaldeko 7etan; eta horren ostean, bertso-saioa, Jone Uria eta Oihana Bartra bertsolarien eskutik. Ekintzak Moreak talde feministak eta Lezamako Udalak eta Berdintasun Arloak antolatu dituzte.

Halaber,  Zapata Gorriak Zamudioko talde feministak performancea eta elkarretaratzea egingo du arratsaldeko 7etan, Leizaola plazan. Bestalde, Zamudioko Berdintasun Batzordea hauek osatzen dute: Lagunandre elkartea, Zapata Gorriak eta udal-ordezkariak. Batzordeak eta udalak emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako gida bat eman dute argitara. Gida horretan, besteak beste, indarkeria nola antzeman eta non salatu azaltzen da, feminismoari buruzko oinarrizko kontzeptuak argitzen dira, eta zenbait mito ezabatzen dira. Azaldu dutenez, gidak indarkeria pairatzen duten emakumeek laguntza eskatzeko informazioa batzea du helburu, baita kontzientziazioa eta heziketa bultzatzea ere, “gizarte eta gizarte-eremu guztietan dagoen egiturazko indarkeria hau amaitzeko. Edozein emakume izan daitekeelako biktima, bere jatorria, adina, prestakuntza edota erosteko ahalmena edozein dela ere”.   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).