Jostailu hezitzaileak eta ez sexistak erosteko deia egin du Txorierriko Mugimendu Feministak

a: Manuel M.V. 2020ko abe. 22a, 09:58

Ohar baten bidez azaldu dutenez, Gabonen atarian “ohikoa da edozein jolas-markaren iragarkietan edo webgunetan jolas sexistak ikustea eta, tamalez, horiek askotan normaltasun osoz ikusten ditugu”. Iragarkietan, euren ustez, neskentzako zaintza-jolasak eta polit egoteko jolasak azaltzen dira, “gizarte heteropatriarkalak ezarri nahi dizkigun eginkizunak barneratu ditzagun”; mutilentzat, berriz, “kirol-materiala, gerra-materiala…” azaltzen da, “subjektu indartsuaren isla izanik, haiek jarraitu beharreko rola zein den ere argi utzita”.

Hori dela eta, Txorierriko Mugimendu Feministak deia egin du “emakume- eta gizon-rolak bultzatzen dituzten jostailuei uko egiteko eta aktibotasuna, elkartasuna eta elkarren arteko errespetua sustatzen dituzten jostailuak erosteko”. Hau da, jostailu hezitzaileak eta ez sexistak erosteko deia egin du. Hortaz, jostailuak erosi aurretik, galera-sorta honi erantzutea proposatzen dute: Aproposa da haurraren adinerako? Zein gaitasun landuko ditu jolasaren bitartez? Kultur aniztasunarekiko eta naturarekiko errespetua errazten duen jostailua da? Lagunekin jolastu ahal izango da? Askotariko erabilerak dituen jostailua da? Zein rol garatzen da jolasaren bidez?

Txorierriko Mugimendu Feministaren iritziz, jostailuek hauek bete behar dituzte: haurraren ekintzak, irudimena eta gaitasuna sustatzea; elkarrekintza bultzatzea; haurrari bere kasa jolasteko aukera ematea; rol sexistarik eta jarrera bortitzik ez sustatzea; neskak zein mutilak jolasteko modukoa izatea; umea eroso sentiaraztea; gainerako umeekin jolasteko aukera ematea; eta ingurumena eta natura errespetatzea. Adibideak jarri dituzte: ukimena lantzeko jolasak eta kolore askoko jolasak (0-1 urte); margoak, arbelak eta animalia-panpinak (1-2 urte); trizikloak eta musika-tresnak (2-3 urte); puzzleak eta mozorroak (3-5 urte); kometak eta mahai-jolasak (6-8 urte); kirol-materiala eta talde-jolasak (9-11 urte); eta esperimentuak egiteko jolasak (11 urtetik aurrera).

Txorierriko Mugimendu Feminista talde hauek osatzen dute: Garrasia (Sondika), Iretargi Betea (Loiu), Koxak (Derio), Moreak (Lezama), Txorierriko Neska* Gazteak, Zapata Gorriak (Zamudio) eta Zutunik (Larrabetzu).   

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).