Berbalagun egitasmoan parte hartzeko izena ematea berriro zabalik

t: Berbalagun 2021ko urt. 14a, 09:54

Urrian, ikasturte-hasierarekin batera, berbalagun-taldeak ipini genituen martxan Txorierrin; urtarrilean berriro zabaldu da egitasmoan parte hartzeko izena ematea, berbalagunen sarea ehuntzen jarraitzeko. Berbalaguna euskara bizitzeko eta erabiltzeko aukera paregabea da, parte-hartzaileak astero ordu batean-edo biltzen baitira mintzapraktika egiteko eta, gainera, ekimenak euskaraz egiteko guneak eta uneak sortzen baitira. Halaber, ekintza osagarriei esker, beste herri eta eskualde batzuetako berbalagunak ezagutzeko parada dago. Herriko euskaldunekin bizipenak partekatzeko prest? Ez galdu aukera eta eman izena!

Uda ondoren, asteroko hitzorduei ekin genien, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Urtarrilaren berriz ere bildu gara mintzapraktika egiteko, eta, era berean, egitasmoan parte hartzeko izena ematea zabaldu dugu. Euskaraz bizi  nahi dugulako, berbalagunok bospasei pertsonako taldeetan biltzen gara lagun-giroan aritzeko. Mintzapraktikaren ondorioa pixkanaka-pixkanaka nabaritzen da: kalean ere euskara zekitenik ez genekien hamaika pertsonarekin hasi gara euskaraz egiten.

Berbalagun-taldeak hurrengo hauek osatzen dute: euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu mahi dutenek eta euskara egunero erabiltzen dutenek. Helburuak dira euskaraz hitz egitearen beldurrari aurre egitea, ahaztutakoa gogoratzea, euskara-maila hobetzea edota, besterik ez, euskaraz gozatzea.

Nondik norakoak

Berbalagun egitasmoak elkartzen ditu euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta euskaraz egin nahi duten pertsonak. Talde txikietan eta astean behin, parte-hartzaileak batzen dira paseatzeko, kafe bana hartzeko… edo bururatzen zaiena egiteko; hau da, euskaraz aritzeko eta bizitzeko. Egitasmoan modu bitan hartu daiteke parte: euskara praktikatuz (bidelaria) ala euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Berbalagun izateko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea eta gutxienez astean ordubetez elkartzeko prest egotea. Zeren zain zaude? Ez izan zalantzarik eta etorri Txorierriko berbalagunekin euskaraz bizitzera! Gainera, Euskaraldiari jarraipena emateko aukera ezin hobea da, batez ere belarriprest aritu zaretenentzat, hizkuntza-ohiturak aldatzen segituko duzuelako.

Datozen ekintzak

Urtarrilean, Lauroeta-Mungia ibilbidea egin dugu, ermitaz ermita. Paraje ederrek inguratuta eta giro atseginean, apur bat gehiago ezagutu dugu gure ondareari buruz. Bestalde, datozen hilabeteei begira, beste ekintza batzuk antolatzeko asmoa dugu, hala nola talo-ikastaroa eta txakolindegi batera bisita, baina horiek pandemiaren bilakaerak baldintzatuko ditu; beraz, dagokionean emango dugu haien berri. Nolanahi ere, gogora ekarri nahi dugu Berbalagunen mendi-taldeak Bizkaiko Bira egiten jarraitzen duela. Eguraldia lagun, abagune ederra da lurraldeko bazterrak ezagutzeko eta disfrutatzeko. Taldekideak martitzenetan batzen dira eta, mendizalea bazara, zuk ere egin dezakezu haiekin bat. Animatu! 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).