Egitasmoaren helburua da Internet landa-guneetako eta kanpoaldeetako 7.621 ataritara –8.190 etxebizitza eta negoziotara– eramatea. Aurten, zuntz optikoa Enkarterriko, Arratiako, Mungialdeko, Uribe Kostako, Busturialdeko eta Durangaldeko 4.242 etxebizitzatara helduko da; eta hurrengo urtean, Busturialdeko, Durangaldeko, Nerbioi-Ibaizabaleko, Lea Artibaiko, Txorierriko, Meatzaldeko eta Bilbo Handiko 3.948 etxebizitzatara. Etxebizitza horiek eremu zurietan daude, baina telefoniako operadoreek ez dute bertara hedatzeko asmorik.
Zuntz optikoaren sarea Telefónica enpresak zabalduko du, zeren eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan horiek egiteko deitutako dirulaguntza eskuratzeko eskaintzarik onena aurkeztu baitzuen. Dirulaguntzen deialdiaren oinarrietan ezarri den moduan, zuntz optikoa eremu zurietan sakabanatuta dauden atari guztietara zabalduko da, eta abiadura handiko Internet eskainiko zaie hurrengo baldintza hauetan: gutxienez 300 megako konexio simetrikoa izango dute (igotzeko eta jaisteko), datuak mugarik gabe transferitu ahal izateko; baldintza ekonomikoak populazio-dentsitate handiko eremuetan egiten diren merkatu-eskaintzen antzekoak izango dira; eta zerbitzua etetea dakarten gorabeheren % 95 24 ordu baino gutxiagoan konpondu beharko dira.
Egitasmoa “Herri txiki, aukera handi” proiektuaren baitan dago. Proiektuak lurralde historiko osoan aukera-berdintasuna eta bizi-kalitatea bultzatzea du helburu. Rementeriaren esanetan, Foru Aldundiak azkenaldian garatutako proiektu garrantzitsuenetako bat da, “Bizkaia hobea uzten dielako hurrengo belaunaldiei, gizarte hobea, konektatuagoa, trinkoagoa eta bizi-kalitateduna lortzen baita”. Halaber, azpimarratu du banda zabala zabaltzeko egin beharreko lanek ehun bat lanposturi eustea ahalbidetuko duela.
Bestalde, Rementeriak aurreratu du gune batzuk konexiorik gabe gelditu litezkeela, izan ere, estaldurarik izan ez arren, estaldura-eremu gisa katalogatu dira eta sarbidea 5G teknologiaren garapenaren menpe dago. Ahaldun nagusiaren esanetan, Foru Aldundiak udalekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera egingo du lan, estaldurarik gabeko itzalpeko eremu horiek detektatzeko eta Espainiako Gobernuari helarazteko gune horiek gune zuri gisa katalogatzeko beharra. Horrela eginez gero, gune horietan ere gainerako guneetan moduan jardun ahalko luke Foru Aldundiak. Horri lotuta, bost milioi euroko diru-partida gorde da, etxebizitza horietara abiadura handiko konexioak eramateko lanak diruz laguntzeko.