Larrabetzuko eskolan 17 umek egin dute matrikula datorren ikasturterako: 16, bi urteko gelan, eta bat, hiru urteko gelan. Deiene Iturregi hango zuzendariak kontatu digunez, aurtengo ikasturtean ere 17 matrikulazio izan dira. “Maila batzuetan ikasgela bi ditugun arren, joera da lerro bakarreko ikastetxea izatea. Beste aldetik, bat edo bi kenduta, erroldan dauden ume gehienak matrikulatzen dira herriko eskolan”.
Nahiz eta Haur Hezkuntzako maila batzuetan inoiz, aurten kasu, ikasgela bi egon, Lezamako eskola ere lerro bakarrekoa da. “Hamalau matrikulazio berri izan ditugu, guztiak bi urteko gelan”, azaldu digu Amaia Estankona zuzendariak. Zamudion, eta Belen Mellado zuzendariak adierazi duen moduan, datorren ikasturtean 12 ume egongo dira 2 urteko gelan; guztiak, Zamudiokoak.
Derioko eskolan, berriz, 48 matrikula egin dira: 34 ikasle, bi urteko gelan; 10 ikasle berri, hiru urteko gelan; eta beste lau ikasle Lehen Hezkuntzako zenbat mailatan. “Gehienak Deriokoak dira, baina Loiukoak edo laster Deriora bizi izatera etorriko direnak ere badira. Aurtengo datuak eta iazkoak oso antzekoak dira; hala ere, bi urteko gelaren matrikula-kopuruak behera egin du orokorrean; hiru urteko gelaren matrikulazioak, ordez, gora egin du”, azaldu digu Iratxe Aiartza zuzendariak.
Alabaina, joera bestelakoa izan da Sondikako eskolan. Hango zuzendariak azaldu digunez, datorren ikasturtean 28 ikasle berri izango dituzte: bi urteko gelan 24 ume hasiko dira, aurtengo ikasturtean baino 10 ume gehiago; enparauko laurak beste maila batzuen artean banatuko dira, hiru urteko eta lau urteko geletan eta Lehen Hezkuntzan, alegia. Gehienak herrikoak diren arren, Loiuko umeak ere badira. “Gurea lerro biko ikastetxea da eta borrokan gabiltza etorkizunean ere horrela izaten jarraitzeko; ez da erraza, azken urteotan batzuk lerro bakarrerantz joaten gara eta”.
Bi urteko gelan ume gutxiagok izena emateko joera egon arren, Sondikan aurtengo ikasturtean baino 10 ume gehiago matrikulatu dira
Datorren ikasturtean Derioko eskolan hasiko diren umeen gurasoak kezkatuta azaldu dira COVID-19arekin; baita Sondikan hasiko direnen gurasoak ere. “Batzuk zalantzan egon ziren seme-alaba eskolan matrikulatu ala ez”, esan du Sondikako eskolako zuzendariak. “Gu, gure aldetik, saiatu gara egoera zein den azaltzen, zein den gure protokoloa, eta adierazi diegu eskolan ondo egongo direla, edo gutxienez beste leku batzuetan bezain ondo”. Gainerako ikastetxeetan, ostera, ez dituzte bereziki arduratuta sumatu. Nolanahi ere, aipatu beharra dago irakasleak, ikasleak zein gurasoak ahalegin handia egiten dabiltzala ezarritako osasun- eta segurtasun-neurriei eta protokoloei jarraitzeko. Besteak beste, eta burbuila-taldeez gainera, kontingentzia-plana osatu behar izan dute, sarrerak eta irteerak berrantolatu, patio-orduak, jantokia, komunak, ikasgelak, seinaleak ipini… “Abuztuan hasi ginen lanean eta ikasturtearen hasieran bertigo-sentsazioa izan genuen gerta zitekeenaren aurrean. Ez zen erraza izan, baina irakasleen ahaleginari eta familien laguntzari esker lortu genuen”, esan digu Aiartzak.
Tanta-jarioa
“Lezaman, adibidez, liburutegia eta musika- eta ingeles-gelak bertan behera utzi ditugu eta irakasleak beraiek sartzen dira ikasgeletara. Batez ere patioaren antolaketak dakar lan handia… Egoerara moldatzeak lan handiagoa eta lan-ordu gehiago ekarri dizkigute irakasleoi eta zuzendaritza-taldeari. Beharrizanak egon dira eta urrian Hezkuntza Sailak irakasle bat bidali zigun jardunaldi erdian”, aipatu du Estankonak. Larrabetzun, bestalde, eta Iturregiren esanetan, aurtengo ikasturtean ez dago goizeko gelarik, “ezin delako bermatu umeak burbuiletan egotea”, eta eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera gelditu dira. “Haur Hezkuntzakoak hasieran ez ziren psikomotrizitate-gelara joaten, baina orain garbitzaileak arratsaldean ez ezik eguerdian ere etortzen dira eta gela garbi egotea bermatu dezakegu. Tailerrak ere egiten ditugu, eta talde-lana; pertsonen arteko tarteari eutsita… Formulak baditugu. Gelak denbora guztian daude aireztatuta eta batzuetan hotza pasatu dute”.
“Lan handia egin behar da. Guk nahiko zorrotz jarraitzen diogu kontingentzia-planari, baina gizartean dagoena eskolara etortzen da; hau da, herrian positiboak badaude, eskolan ere egongo dira. Kontuak kontu, egoera kudeatzen gabiltza eta, egia esateko, nahiko gela gutxi izan ditugu itxita, momentu puntualetan eta positibo bakarra egonda. Eskola barruan ez da kutsatzerik egon; kanpotik etorri dira”, gehitu du Sondikako eskolako zuzendariak. Egoerari eskura duten baliabideekin egiten diote aurre. “Egin behar da eta egiten dugu. Hori bai, alde guztietatik laguntza handiagoa izatea eskertuko genuke”.
Ikastetxe guztietan ahalegin handia egiten dabiltza protokoloak ahalik eta zorrotzen betetzeko. Haatik, oso zaila izan da COVID-19a saihestea, eta neurri batean edo bestean kasuak egon dira eskola guztietan. Hala eta guztiz ere, Txorierriko eskolek orokorrean balorazio positiboa egin dute lerro hauek idatzi arte izandako egoerari buruz. Lezaman, esate baterako, irailean izan zuten gela bat itxita eta handik hona ez dute kasu gehiagorik izan; Derion, ostera, kezkatuta dabiltza. “Urrian hasi ginen lehenengo kasuekin. Positiboen tanta-jarioa izan zen eta abenduan kasuek behera egin zuten. Baina bigarren hiruhileko honetan kasuek gora egin dute berriro, eta gaur egun egoera kezkaz bizi dugu, zifrek berriz ere behera egingo dutelakoan”, aipatu du Aiartzak.
Ikastetxe guztietan ahalegin handia egiten dabiltza protokoloak ahalik eta zorrotzen betetzeko.
Ohiko ekintzak
Larrabetzun 243 ume dituzte; Lezaman, 180; Zamudion, 225; Derion, 565; eta Sondikan, 304. COVID-19a egonda ere, ahal dela, ikastetxeetan saiatu dira ohiko ekintzei eusten eta, formatua goitik behera gaur egungo egoerara egokituta; Olentzero, Agate Deuna eta Inauteriak ospatu dituzte, umeentzat inportantea baita “normaltasun apur bat” izatea. “Horrezaz gainera, Lagatzu herriko euskara elkarteak antolatutako Zamudio Ezagutu ekintzan hartu dugu parte, eta Zamudioko errekara hurbildu gara hango ekosistema aztertzera”, kontatu digu Melladok.
Beste alde batetik, Estankonaren berbetan, umeak oso ondo egokitu dira egoerara. “Txapeldunak dira. Euren jarrera eta erantzukizuna bikaina izan da eta helduoi gauza asko erakutsi dizkigute. Gurasoengandik ere laguntza eta elkartasun handia izan dugu hasieratik”. Sondikako zuzendariak ere umeen jarrera azpimarratu du. “Ustekabean harrapatu gaituztela, umeek normaltasun baten barruan sartu dituzte neurri guztiak. Beharbada, eskuak garbitzea da astunena… Gainera, arazoak ekarri ditu, zeren eta, eskuak hainbeste aldiz garbituta, batzuek zauriak izaten baitituzte… Baina gainontzean ondo ulertzen dute egoera”.
Datorren ikasturtea zientzia-fikzioa da Sondikako zuzendariarentzat eta irakasleentzat. “Guk aurtengo ikasturtea atera behar dugu aurrera, hala nola, eta aurrerago ikusiko dugu zein baldintzatan gauden eta zer egin behar dugun”. Nolanahi ere, itxaropentsu dabiltza ikastetxe guztietan eta uste dute datorren ikasturtean orokorrean hobeto egongo direla. “Oso positiboak gara. Irakasleentzat eta zuzendaritza-taldearentzat ikasturte zorrotza izaten ari bada ere, gure ahaleginari eta hobetzeko jarrerari esker, guztia kudeatzeko gai izan gara. Ziur gaude datorren ikasturtean erronkaz eta aukeraz betetako eskola-urtea biziko dugula”, esan du Aiartzak.