Katuak gure artean

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 26a, 11:43

Ikerketen arabera, katuak duela 5.300 urte baino gehiago bihurtu ziren etxeko animalia. Nekazaritzak sustatu zuen gizakiaren eta katuaren arteko harremana, ortuetan eta garautegien inguruan katuek karraskariak eta beste harrapakin batzuk ehizatzen zituzten eta. Abandonuen eta praxi okerren ondorioz, aspalditik katuen koloniak daude gure herrietan. Elkarteek eta zenbait herritarrek ezinbestekotzat jotzen dute udalerrietan CER protokoloak martxan ipintzea, animaliek bizi-kalitatea izateko eta gainpopulazioari aurre egiteko.   

Teresa Alonso del Vado Aloha Ohana animaliak babesteko elkartearen presidentea da eta katuen zaintzailea da Derion. Lerro hauek idaztean, Estatuko beste 15 elkarterekin batera, testu bat izenpetu dute udalerrietan CER protokoloa ezartzeko eskatzeko. Testua udal guztietara bidaltzeko asmoa dute.

Alonsoren esanetan, herri guztietan daude katuen koloniak eta Txorierri ez da salbuespena. “Zaila da zenbaki zehatza esatea, baina kalean bizi diren ehunka katuri buruz ari gara”. Azaldu digunez, katuen kolonien arazoa aspaldikoa da, “animaliak etxekotzen hasi ginenetik”, eta arduragabetasunaren emaitza da. “Katuen koloniak osatzen dira animaliak kalean abandonatzen direlako eta kumaldi asko izaten dituztelako”. Katama batek hiru hilean behin izan ditzake kumeak eta erditze batean bost kume inguru jaio daitezke. Ondorioa da gero eta katu gehiago daudela eta herrietan eta auzoetan arazoak sortzen direla: katuak oso lurraldekoiak dira eta euren eremua txizarekin markatzen dute; janari bila ibiltzen dira edonon; ibilgailuetan babesten dira hotzetik; euren arteko borrokak izaten dira; janaririk gabe eta babes faltan, batzuk gaixorik daude…

“Katuen koloniak osatzen dira animaliak kalean abandonatzen direlako eta kumaldi asko izaten dituztelako”

Salbuespenak salbu, bere iritziz, udalerri askotan ez dira errespetatzen animaliak babesten diren legeak, kaleko katuak halabeharraren menpe uzten direlako. Egoerari aurre egiteko, udalerrietan CER protokoloa martxan ipintzeko aldarrikapena egiten du. “Protokolo hori modu etikoan egin behar da, erantzukizunez eta era integralean, eta hurrengo honetan datza: animalien errolda egin ondoren, katuak harrapatu behar dira saneatzeko eta antzutzeko; ondoren, kaletik kendu egin behar dira kumeak, katu lagunkoiak eta katu zaharrak, eta adopzioan ematen saiatu. Bestalde, katu feralak, zakarragoak direnak, euren koloniara edo gunera itzuli behar dira, baina ez edozein modutan: janaria eta euren burua babesteko lekua dutela bermatu behar da”

“CERa modu etikoan egin behar da, erantzukizunez eta era integralean”

Animalien eskubideak errespetatzeaz gainera, Alonsok adierazi du CER protokoloa ezartzeak onura asko ekarriko dituela. “Katuak antzutuz gero, euren gunea txizarekin markatzeari utziko diote, ez dira borrokatan ibiliko, ez dira ibiliko ugaltzen eta katakumeak aurrera ateratzeko lanean eta, hortaz, ehiztariagoak izango dira. Horrek onura ekarriko du, lagunduko baitigute arratoi-, intsektu- eta narrasti-izurriteak modu naturalean kontrolatzen”. Bere aburuz, egokia izango litzateke katuen koloniak ondo zedarritzea, horietan askak ipintzea eta koloniaren gaineko informazioa ematea, herritarrak jakiteko zeintzuk diren hango katuen ezaugarriak eta eginkizuna.

“Gainpopulazioa kontrolatzeaz gainera, katuak antzutzeak ehiztariago bihurtuko ditu eta lagunduko dute izurriteak kontrolatzen”

Katuen zaintzailearen esanetan, Derioko Udalera jo dute katuen arazoari konponbidea topatzen saiatzeko, baina erantzuna izan da Mankomunitatearen bidez kudeatu behar dela. “Katuen aldeko elkarteak batu gara udalei esateko txarto egiten ari direla; hala ere, laguntza ere eskaintzen diegu, zeren eta elkarteek eta zaintzaileok ondo baino hobeto ezagutzen baitugu zeintzuk diren katuen arazoak eta horiek konpontzeko bideak”. 

Erakundeen inplikazioa

Sondikan lagun-talde bat eratu da, hango katuei oinarrizko zaintzak emateko. Kontatu digutenez, kalean abandonatzen den etxeko katuaren bizi-itxaropena hiru hilekoa da, eta katu feral batena, hiru urtekoa; etxeko katu batek, berriz, 15 urte edo gehiago ere bete ditzake. “Kaleko katuak hiltzen dira batez ere ibilgailuek harrapatuta edo pozoituta. Azken hori delitua den arren, ez da ikertzen; zaintzaileok, ordea, errieta eta isuna jasotzeko arriskua dugu, animaliak elikatzeagatik eta zaintzeagatik”.

Zaintzaileek euren dirua eta baliabideak erabiltzen dituzte, ahal den neurrian, euren kabuz CER protokoloa ezartzeko. “Adibidez, konfinamenduan 16 katu kendu genituen herriko kale batetik, eta hile eta erdian bederatzi katu antzutu ditugu. Jateko egokiak ez ezik medikazioa ere ematen diegu. Batzuetan Katukin moduko elkarteen laguntza dugu, baina haiek ere ezin dira denera heldu”. Esan digute Sondikako Udalera jo dutela eta erakundea katuak antzutzeko prest azaldu dela; alabaina, ez die zehaztu noiz. “Nahiz eta urratsa izan, ez da nahikoa, uste dugulako benetako konponbidea CER protokolo osoa ezartzea dela: ez du balio katu bat antzutu eta gero kalean uzteak, autoen artean ibili dadin edota zakarrontzietan jatekoa bilatu dezan”. 

Lagun-taldeak inplikazio handiagoa eskatu dio udalari. “Kontzientziazio-kanpainak egitea ere onuragarria izango litzateke, eta zaintzaileoi gure lana egin ahal izateko agiria ematea. Izan ere, disgustua hartzen dugu askotan, pertsona batzuek ez dutelako ulertzen zer egiten gabiltzan. Pentsatzen dugu ezinbestekoa dela Sondikak katuak kontrolatuta eta osasuntsu izatea”.

“Konfinamenduan 16 katu kendu genituen herriko kale batetik, eta hilabete eta erdian bederatzi katu antzutu ditugu”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).