Xabier Cuadrado eta David Cosgaya, ekintzaileak

Denbora aurrezteko armairu adimendua

Aikor aldizkaria 2021ko mar. 26a, 12:03

Gazteak Mekanizazioko Erdi Mailako Heziketa Zikloa ikasten dabiltza Politeknika Ikastegia Txorierrin, eta armairu adimendun baten proiektua aurkeztu zuten Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketara. Armairuak denbora optimizatzen laguntzen du arropa aukeratzeko orduan, eta ideiari esker lortu dute lehiaketa irabaztea.

Azaldu digutenez, inkesten emaitzak irakurrita jakin izan dute arropa aukeratzen hilabetero bataz beste 70 minutu ematen ditugula. “Denbora gehiegi iruditu zitzaigun eta pentsatu genuen denbora aurrezten lagundu ahal ligukeen armairua garatzea. Gaur egun halako armairurik ez dagoela ikusi genuen eta ideia lantzeari ekin genion”. Ondorioa armairu adimendu bat izan da, zeina, agindu erraz batzuk jaso ostean, arropa aukeratzeko gauza baita.

Armairu adimendua ordenagailua duen biltegi egituratu bat da. “Norberak pentsatu behar du prakak zein konpartimendutan gorde nahi dituen, jertseak, zapatak, berokiak… Jantzi berri bakoitza erregistratu behar da, eta armairutik kendu duguna ezabatu. Gainera, arropa sailkatu daiteke, esate baterako, uda edo neguko arropa, hondartzara joateko jantziak edo lan-elkarrizketarako arropa. Armairuan pantaila bat dago eta bertan komando batzuk idatzita, edo horiek ahoz esanda, altzariak arropa aukeratuko du. Bestalde, iradokizunak ere egin ahalko dizkigu; horretarako, guk aurretik hautatutako arropa-konbinazioak hartuko ditu kontuan”.

Komandu batzuk idatzita edo ahoz esanda, armairuak arropa aukeratuko du eta iradokizunak ere egingo ditu”

Haiek armairuaren piezak egin ahalko lituzketen arren, egitasmoa gauzatu ahal izateko, besteak beste, programatzaile informatiko baten laguntza beharko lukete, motorra ipini ahal izateko moduko armairu handi bat, tablet bat, osagai elektronikoak, bozgorailuak eta batez ere finantzazioa. Euren kalkuluen arabera, armairua 1.500 euroan saldu liteke merkatuan. “Egia esan, ez dugu armairua epe ertainean egitea pentsatu, baina gustatuko litzaiguke inoiz ideia gauzatu ahal izatea. Izan ere, ordu asko egin ditugu ideia garatzen eta prozesua ilusio handiz bizi izan dugu. Bestalde, armairua lagungarria izan liteke jende askorentzat eta edonork arazo barik erabili lezake; umeek zein nagusiek ere bai”.

“Gustatuko litzaiguke inoiz ideia gauzatu ahal izatea, ilusio handiz, ordu asko egin baititugu ideia garatzen”

Infinity Fornitures

Gazteen ustez, beharbada, publiko zabalerako egitasmoa izateak lagundu die lehiaketa irabazten. “Edozein pertsonak erabiltzeko moduko armairua da. Era berean, ondo ezagutzen dugun gaia da, armairua egunero zabaldu eta itxi behar dugulako arropa aukeratzeko. Beste aldetik, eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmoa diseinatzen lagundu ziguten guztiei eta tutoreari”. Etorkizunean ikusiko dugu gazteen armairu adimendua merkatuan dagoen ala ez; bitartean, proiektua lehiaketara aurkezteko izan bada ere, enpresaren izena aukeratu dute: Infinity Fornitures.

EGAZ Txorierrik eta Politeknika Ikastegia Txorierrik antolatzen dute Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketa. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko Mankomunitateak sustatzen duten Gaztedi programaren barruan dago eta ikastegiko ikasleentzat eta Txorierrin erroldatutako 16 urtetik 29 urtera bitarteko gazteentzat da. Epaimahaiaren iritziz, Cuadradorena eta Cosgayarena ideiarik onena izan da aurten eta proiektu interesgarria izan daiteke etorkizuneko ekintzailetzari begira.

Sortzaileak

Xabier Cuadrado (19 urte) eta David Cosgaya (17 urte) Galdakaokoak dira eta biek Mekanizazioko Erdi Mailako Heziketa Zikloa ikasten dute Politeknika Ikastegia Txorierrin; horren harira, enpresa-praktikak hasi berri dituzte.

Behin gaur egun egiten dabilen ikasketak amaituz gero, Cuadradori gustatuko litzaioke Produkzioaren Programazioko Goi Mailako Heziketa Zikloa ikastea, baita fabrikazio mekanikoko diseinua ere. “Nire burua ikusten dut CNC programak egiten, hau da, piezak egiteko aginduak ematen. Ikasten jarraitzea eta lana eta prestakuntza uztartu ahal izatea ere gustatuko litzaidake”.   

Cosgayak, bestalde, adierazi du buruan ideia asko dituela eta prest dagoela edozein aukera aztertzeko. “Nik ere fabrikazio mekanikoko diseinua ikasi nahiko nuke, baina marketina ere asko gustatzen zait. Ahal dela, piezak programatzea gustatuko litzaidake, edo haiek diseinatzea, interesa dudalako kreatibitateari lotutako guztian. Ikasten jarraitzeari ere ez nioke ezetz esango”. 

Gazteen ustez, beharbada, publiko zabalerako egitasmoa izateak lagundu die lehiaketa irabazten

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).