Bizkaiko Bira mendiz mendi

t/a: Txorierriko Mendi Berbalaguna 2021ko mar. 29a, 10:12

Hilean behin, inguruko mendietatik irteerak antolatzen saiatzen da Txorierriko Berbalagun bere egitasmoaren baitan, baina berbalagun batzuok pentsatu genuen martitzenero ere irteera egitea. Esan eta egin: hitzordua martitzenetan, goizeko 8,30ean, ipini genuen Derioko Kultur Birikaren ondoan eta horrela hasi ginen.

Asteartero nora joan asmatzen ibili beharrean, luzaroko proiektu batean sartu ginen: GR 123 ibilbideari jarraituta, Bizkaiko Bira oinez egitea, mendiz mendi. Bizkaiko Bira 2019. urteko urrian hasi genuen Portugaleteko Zubian, eta 2021. urteko urtarrilean amaitu, leku berean. Birusa dela eta, erabateko konfinamendua izan da bitartean,  herrietako konfinamendua… Beraz, luze jo du.

GR123a Bizkaiko perimetrotik doa eta 400 kilometro inguruko luzera du. Kantabriarekin muga egiten joan ginen hasieran, une batean Burgosekin, eta Arabako eta Gipuzkoako mugatik igaro ondoren Kantauri itsasoa du mugakide. Ibilbidea berez 18 etapatan dago banatuta, baina luzeegiak dira guretzat eta horregatik laburtu ditugu: 15-20 kilometroko etapak egin ditugu; guztira 25. Nolanahi ere, ezin izan ditugu etapa guztiak laburtu eta batzuk luzeagoak izan dira: Lanzas Agudas (Karrantza) – Balmaseda (21 km), Otxandio – Elorrio (23 km) eta Bakio – Plentzia (21 km); baina gehienak 15 km ingurukoak izan dira. Igo ohi izan dugun altuera ere ez da gehiegizkoa izan, ibilbidea ez baita mendi-tontorretatik pasatzen. Salbuespenak izan dira Serantes, Zalama, Kolitza, Oderiaga, Tellamendi eta Ermua mendiak; hala ere, ez dira oso altuak.

 

Astearen arabera, lau eta zazpi lagun arteko taldea izan gara. Nola konpondu gara joan-etorriak egiteko? Bada, denetarik egin dugu: auto bi eroan eta haietako bat ibilbidearen amaieran utzi eta besteaz ibilbidearen hasierara joan; auto bakarra eroan eta lagunak katigatu gure bila etortzeko; eta autoa, autobusa eta taxia uztartu (azken hori nahikoa erabili dugu eta oso aukera ona izan da). Azken etapetan, bestalde, autobusa erabilita konpondu gara joan eta etortzeko. 

Ibilbideari dagokionez, etapa batzuk ondo markatuta daude eta laguntza barik egin daitezke; beste batzuk, ostera, erdi markatuta daude eta badago baten bat ez duena ezta marka bat ere. Beraz, GPSa erabili behar izan dugu, trakak Internetetik jaitsita.

 

Paraje zoragarriak

Eguraldia gehienetan lagun izan dugu, eguzkitsua sarri; oso egun ederrak igaro ditugu. Ostera Tornos igotzean haizea beldurtzekoa zen, eta Zalama mendian elurra, izotza eta lainoa aurkitu genuen. Hori ere dastatu behar zen.

Eta zer da ibilbidetik gehien gustatu zaiguna? Paraje batzuk zoragarriak dira: kosta ingurua, Karrantza inguratzeko etapak, Gorbeia… Hortik oinez, prisa barik ibilita, bizitza beste era batera ikusten da, eta garai hauetan gehiago. Era berean, azpimarratzekoa da ibilbideak normalean joaten ez garen inguruak zeharkatzen dituela. Bidean zenbat txoko, errekasto, baserri, auzo, ermita… polit aurkitu ditugun, guretzat guztiz ezezagunak zirenak. Bakarrik horregatik merezi du ibilbideak.

Eta gutxien gustatu zaiguna? Baso asko zein egoera negargarrian dauden ikustea; zenbat eta kostalderago egin, pinua eta eukaliptoa nagusi direla, eta, horiek kudeatzeko, benetako astakeriak egiten direla: pistak edonon, lurrak degradatuta, lokatzez beteak… Noizko gure basoa berreskuratzeko programa serioa eta logikoa?

Dena den, zalantza barik onena goiza mendiz mendi ibiltzen ematea izan da, lagunen artean, berbalagunen artean. Beste inor animatzen bada, badaki, gu prest gaude jarraitzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).