umeen kontseilua

Umeek ere eraikitzen dute herria

a: Umeen Kontseilua 2021ko mar. 31a, 12:52

Francesco Tonucci pedagogo italiarrak “La cittá dei bambini” amestu zuen duela 30 urte eta harrezkero egitasmoa mundu osoko eta Euskal Herriko hainbat herritan ipini da abian. Egitasmoaren baitan Umeen Kontseilua dago eta horren helburua da haurren begirada herrira eta herrigintzara ekartzea. Larrabetzuk, Lezamak eta Zamudiok bat egin dute proiektuarekin eta umeen iritziak, ikuspuntuak eta desirak kontuan hartzen hasi dira udal-gaiei buruz erabakitzeko orduan.

Peru Calabaza Saban da Larrabetzuko, Lezamako eta Zamudioko umeen kontseiluen hezitzailea, dinamizatzailea eta kudeatzailea; heziketa Tonuccirengandik berarengandik jaso du. Azaldu digunez, umeen kontseiluaren bidez umeen begirada herrian pausatzen da: gusturen non egoten diren, herria nola erabiltzen duten, zer egitea gustatzen zaien, nolako herria nahiko luketen… Era berean, alkateak umeengana jotzen du udal-gaiei buruz dituzten iritziak eta iradokizunak ezagutzeko eta erabakiak hartzeko orduan horiek kontuan hartzeko; hortaz, umeek herria eraikitzen laguntzen dute. “Jakintsuen kontseiluan pentsatuz gero, alkatea herriko zaharrenei galdezka irudikatuko dugu, baina umeekin kontrako muturrera joateko joera dugu: goitik ipintzen gara, zer egin behar duten esaten diegu, gure itxaropenak euren gogoaren gainetik jartzen ditugu… Egitasmoaren bitartez, eta alkatea herriaren ordezkaria dela, haurrak eta herria harremanetan ipintzen dira. Nolanahi ere, umeek horretarako gogoa izan behar dutela argi uzten diegu eurei eta bai geure buruari”.

“Umeen begirada herrian pausatzen da: gusturen non egoten diren, nolako herria nahiko luketen…”

Larrabetzuko Umeen Kontseilua, LUK, 2017an ipini zen martxan; Lezamakoa, LEUKO, 2019an; eta Zamudiokoa, 2020an. Kontseilua bederatzi urtetik 11 urtera bitarteko 12 ume inguruk osatzen dute, Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetakoak. Parte-hartzaileak zozketaren bidez aukeratzen dira eta gehienez urte bian izaten dira kontseiluan. “Baina kontseilura ez da inor gogoz bestera etortzen: baten batek egitasmoan parte hartu nahi ez badu, zergatia azaltzen du, eta beste zozketa bat egiten da ordezkoa topatzeko”. Bilera hilean behin egiten dute udal-instalazio batean, bi orduan eta eskola-ordutegian; zapatuetan, Lezamaren kasuan. Aipatutako hiru ikasturteetako umeek osatzen dute kontseilua, “zeren eta herrigintzara ahalik eta begirada inklusiboena” ekarri nahi baita, eta horretarako “ahalik eta ikuspegi ezberdinenak” behar direlako. “Adin horretan polita da; txikiagoak izanez gero, zailagoa izango litzateke gauzak azaltzea, beharbada”.

“Herrigintzara ahalik eta begirada inklusiboena ekarri nahi da; horretarako, ahalik eta ikuspegi ezberdinenak behar dira”

Calabazak argi utzi du kontseiluaren parte-hartzaileak ez direla ikaskideen ordezkariak. “Guk umeen buruan dauden txorien kantua entzun nahi dugu”. Txorien txioari entzuteko, beraz, ahalik eta umeen izaten uzten diete. “Nagusiekin hitz egiten dutenean, direna baino nagusiagoak direla erakusten saiatzen dira umeak; guk kontrara jotzen dugu eta giroa ezberdina da. Euren konfiantza lortu behar da eta, esaterako, jolasteko gogoa badute, denbora-tarte batean jolasten utzi behar zaie gero lanean jarraitzeko”.

Alkatea galdezka

Bilerak momentuko beharrizanen arabera antolatzen dira. “Adibidez, alkateak aholkua edo iritzia eskatu ahal die udal-gai baten inguruan; Larrabetzukoa kasu. Hango alkatea umeen kontseilura agertu da azaltzeko diru-kopuru bat dagoela Zubitalde auzoan parke bat egiteko eta umeen proposamenak jakin nahi dituela. Horrek bidea eman digu parkearen proiektua hainbat saiotan garatzeko: lekura joan gara, leku horretaz zer gustatzen zaien eta zer ez adierazi dute, zer nolako jokoetan ibiltzeko aproposa den… Beste aldetik, izan daiteke alkateak galdera puntual bat egitea: Olentzero zela eta, Zamudioko alkateak kontseiluko umeei galdetu zien pandemiak eragindako egoera kontuan hartuta ekintza nola antolatu litekeen. Galdera abiapuntutzat hartu, eta aurreko urteetako ekitaldiak nola egin ziren aztertu genuen, euren ustez zer den inportanteena, aurtengo baldintzak eta umeen gogoak nola bateratu litezkeen… Era berean, ludoteka berria diseinatzen ari da Zamudion umeen kontseiluarekin batera”. Beste batzuetan alkateak proposamenik edo galderarik ez izatea gerta daiteke. “Orduan, umeekin zuzenean egiten dugu lan, euren gogoa, fantasiak… ezagutzeko. Lezaman eta Zamudion, esate baterako umeen herriaren kontzeptua lantzen gabiltza momentu honetan: ume bakoitzak bere herri ideala asmatzen, margotzen eta kontatzen du, nolako arauak dituen, bertan nolako pertsonak bizi diren… Hortik sortzen diren proposamen zehatzak udalera eramango dira”.

Umeen kontseiluen arduradunaren ustez, inportanteena umeei aditzea da. “Umeei tratu txar asko egiten zaie. Askotan entzuten dut gurasoek seme-alabei nola eta zein tonutan hitz egiten dieten eta pentsatzen dut zer geratuko litzatekeen bikotekideari horrela hitz eginez gero. Gu bezala, umeak herrietan bizi dira, etxean… Ez dut esan nahi botere osoa eman behar zaienik eta nahi dutena egin ahal dutenik, baizik eta onartu behar dugula pertsona osoak direla eta ez pertsona-proiektuak. Horri lotuta, inportantea da argitzea umeen kontseilura helduon interesagatik deitzen dela; hau da, helduok umeen iritzia jasotzeko interesa dugula. Hortaz, oso inportantea da alkateak benetan umeei entzun nahi izatea, eta ez argazkian polito ateratzea. Lezaman, kasurako, umeen kontseiluko parte-hartzaileek  eurek erabaki eta diseinatu dute Kurtze auzoko haurren parkea eta harro-harro daude. Larrabetzun ere aurrera eraman dira konfinamenduan umeen kontseiluaren baitan garatutako mapa sentsoriala eta “Konfinamenduko altxorrak” erakusketa… Esango nuke hiru herrietan nahiko alkate enpatikoak daudela. Herri txikiak direnez, hurbilagokoak dira eta horrek asko errazten ditu gauzak”.

“Umeen kontseilura helduon interesagatik deitzen da; hau da, helduok umeen iritzia jasotzeko interesa dugu”

Beste aldetik, kontseiluan parte hartzeak berebiziko interesa pizten du umeengan, besteak beste, “sentitzen dutelako euren proposamenetan adituak direla, eta herriaren parte inplikatua”. Halaber, udal-gaietan jarduteko aukera dute eta udal-kontuen berri izaten dute, egitasmoak taldeka egiten eta aurkezten ikasten dute eta udal-informazioa hainbat modutan aztertzen dute. 

Jolasteko denbora

Konfinamenduaren eraginez, Lezamako Umeen Kontseilua erabat gelditu zen; Zamudion eta Larrabetzun, berriz, bideodeiak egin ziren. “Ikusi genuen talde-enpatia beharrezkoa zela indarra eta motorra egoteko, pertsonen arteko harremana inportantea dela gauza guztietarako… Etxean sartuta bizi bizi gintezke, bai, besteekin bideodeien bidez komunikatzen… Baina zer bizimodu da hori?”. Bilerak berriro aurrez aurre egiten dituzte orain. “Eskolako burbuila berberak mantentzen ditugu, taldeka egiten dugu lan, eserita, atsedenaldiak egiten ditugu lasai mokaduren bat har dezaten… Bileretan askatasun gutxiago dagoen arren, oso ondo moldatzen dira, oso erresilienteak dira… Etorkizunean ikusiko dugu horrek guztiak zer ondorio ekarriko dien”.

“Umeak oso erresilienteak dira… Etorkizunean ikusiko dugu horrek guztiak zein ondorio ekarriko dien”

Herriak eta hiriak batez ere helduon beharrizanak betetzeko diseinatuta daude, Calabazaren iritziz, eta egokia izango litzateke herri osoa umeak modu seguruan jolasteko lekua izatea. Hala ere, ohituta daude herriko guneen antolaerara. “Behin, gehien gustatzen zaigun parkea nolakoa zen hausnartu genuen eta guztiek kolorez, txinboz… betetako parkea irudikatu genuen; inork ez zuen, esaterako, Doña Casilda moduko parke bat irudikatu. Eurek nahi dutena da egotea txirristak, tirolinak…”. Bestalde, herri guztietako umeen kontseiluen partaideek eskatzen dute jolasteko denbora gehiago izatea, eskola-ordu gutxiago eta nagusiok hainbeste arau ez ipintzea. “Mezu inportantea dago hor. Gainera, nahiz eta kontrakoa dirudien, jolasak azterketek baino garrantzi handiagoa du”.

Hezitzailearen esanetan, umeei euren gauzei buruz ez ezik edozein gairi buruz ere galdetu ahal zaie. “Alkate batzuk bakarrik haurrentzako parkea diseinatu behar denean gogoratzen dira haiekin, baina umeen begirada udalaren edozein esparrutan hartu daiteke kontuan. Baita etxean ere. Umeak pertsona osoak dira eta euren ikuspuntua inportantea da gauza guztietan”. Horregatik, umeen kontseilua epe luzeko egitasmoa izan behar da, haurrek ere zer esan asko dutelako etorkizuneko herriak eraikitzerakoan.

“Umeak pertsona osoak dira eta euren ikuspuntua inportantea da gauza guztietan”

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).