2002an, Espainiako Gobernuak 118 aurrezenbakia eman zien telefonoz kontsultak egiteko zerbitzuak eskaintzen zituzten enpresei. Horri esker, merkatua liberalizatu zen, garai hartan Telefonicak 1003 zenbakiarekin monopolioa zuelako. Azken bolada honetan gero eta gutxiago dauden arren, gutxi batzuek jarraitzen dute oraindik ere iruzurraren bidez dirutza irabazten. Horren haritik, gobernuak hainbat kexa jaso zituen eta 2017an lege bat onartu zuen telefono horiek arautzeko, “zerbitzuaren baldintzak gero eta okerragoak zirelako”. Kontsumitzaileen elkarteek eskatu diote Gobernuari tarifikazio gehigarriko zerbitzuak (807, 806, 903, 904...) izango balira moduan arautzea, horrek kontsumitzaileei babes handiagoa emango liekeelako.
118 aurrezenbakiarekin hasten diren telefonoek informazio orokorra ematea dute helburu: denda baten telefonoa, konponketak egiten dituen zerbitzu ofizialarena... Baina azken bolada honetan, zerbitzuen eskaintza gero eta zabalagoa da, guztiok Internet erabiltzen dugulako informazioa bilatzeko. Hori iruzur egiten dutenek aprobetxatzen dute eta euren webguneak webgune ofizialak izango balira bezala iragartzen dituzte sarean; hau da, alferrikako bitartekariak dira: telefono faltsuetatik benetakoetara desbideratzea baino ez dute egiten. Eta horren truke dirutza kobratzen dute. Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) txostena argitaratu zuen 2017an eta, horren arabera, enpresa horiek batez bestez 2,36 euro kobratzen zuten minutu baten truke.
Adibide bat jar dezagun: askotan, garraio-konpainia batekin harremanetan jarri nahi dugu, bidaia baten berri izateko; edo Nortasun Agiri Nazionala berritu nahi dugu; edo Gizarte Segurantzan izapideren bat egin; edo telefoniako operadorearekin hitz egin nahi dugu. Google bilatzailean “Euskaltelen telefonoa” jarriz gero, lehenengo webguneetan “iragarkia” hitza irakurriko dugu. Kontuz! Gerta daiteke horiek fidagarriak ez izatea. Eta horietako webgune batean sartzen bagara, telefonoa ofiziala ez da inoiz 118 zenbakiekin hasiko.
“Iruzurra egiten dutenak azkarrak dira eta legearen mugatik ibiltzen dira. Adibidez, etxetresna elektrikoak konpontzeko webguneetan ez dute zerbitzu ofiziala jartzen, zerbitzu baimenduna moduko esaldiak baizik”, esan dute Kontsumitzailearen Informaziorako Bilboko Udal Bulegotik (KIUB). “Horiei lotutako iruzurrak gero eta gehiago artatu ditugu. Esate baterako, lehengo astean erreklamazio bat jaso genuen: pertsona batek jakin barik 118 duen enpresa horietako baten bidez deitu zion Gizarte Segurantzara eta guztira 25 euro kobratu zizkioten hamar minutuko deia baten truke. Kontu handiz ibili behar da 118 aurrezenbaki horrekin”.
SMS-ak, arriskutsuak
Beste alde batetik, smishing izeneko iruzurrak ez dira berriak, baina azken bolada honetan, gero eta maizago gertatzen dira: testu-mezu bat jaso dut telefonoan; arraroa da, igorlea ez dut ezagutzen, nire izenean bidali didate, baina txarto idatzi dute abizena, akats ortografikoz josita dago... Eta jakinarazi dit pakete bat ez dudala jaso; informazio handirik ez dit eman, baina esteka batean klikatzeko gonbita egin dit, paketea topatzeko argibideak emateko. Eta honetan datza arriskua: estekan sartuz gero, birus batek nire telefonoa kutsatuko du. Horrela, iruzurraren atzean dagoenak nire informazioa jasoko du eta hori saltzeko aukera izango du: argazkiak, online bankuko gakoak, telefonoak, mezuak...
Mezua jaso bezain pronto ezabatzea da gomendagarriena. Ziur asko, hurrengo egunetan mezu gehiago jasoko ditugu, baina ez diegu jaramonik egin behar. Smishing hori 2008an sortu zen, baina gaur egun berpiztu egin da, WhatsApp moduko aplikazioak oso hedatuta daudelako. Posta elektronikoz ere iruzur antzekoak egiten dira, baina beste izan bat dute: phishing-a.
Telefono bidezko iruzurrak saihesteko aholkuak
Kontsumitzaileek susmo txarra hartu behar diete 118 zenbakiz hasten diren telefonoei: alferrikako bitartekariak eta iruzurrezkoak dira eta diru asko kobratzen dute doan eskuratu daitekeen informazioa lortzeagatik. Era berean, beste iruzur bat dira esteka baten gainean klikatzera gonbidatzen duten testu-mezuak. Hona hemen iruzurrik ez egiteko aholku batzuk:
- Igorle ezezagunez ez fidatzea. Zuhurrena mezua ezabatzea da.
- Ez fidatu sustapenez edo lehiaketez: amuak dira erabiltzaileak iruzurrezko esteketara sartzeko edo tarifikazio bereziko telefono-zenbaki batekin harremanetan jartzeko.
- Inoiz ez ematea informazio pertsonalik.
- Ez egin inoiz klik esteketan.
- Fitxategi erantsiak ez deskargatzea, gure gailua infektatzen duen malwarea izan baitezakete.
- Gure kontuak babestea. Pasahitz egokiak eta egiaztapen bikoitzeko sistemak erabiliz gero, babes handiagoa izango dugu.