Matxinada Band

“Jesarrita egotea ez da gure kontzertuez gozatzeko modurik onena”

Aikor aldizkaria 2021ko api. 23a, 12:02

Txorierriko taldeak bere lehenengo EP-a kaleratu berri du: Topa. Taldekideen esanetan, zaila da euren musika estilo zehatz batera mugatzea; hala ere, hainbat soinu uztartuta, sei abestik osatutako lana sortu dute, dantzatzera eta ondo pasatzera gonbidatzen duena.

Hego Amerikako musika tradizionalaren eragina dago Topa lanean: hura eta erritmo elektronikoak uztartuta, emaitza oso abesti dantzagarriak izan dira.

Aipatutakoaz gainera, musika-estilo hauek ere badaude lanean entzungai: hip-hopa, dubstepa, drum n bassa, cumbia eta son kubatarra. Beharbada, ez dira oso musika-estilo ezagunak, baina haiek jorratzen dituzten musika-taldeak entzunda dituzue, ziur asko; hala nola, Los Destellos, Anarkia Tropikal, Zoo eta Tremenda Jauria. Talde horiek erreferentetzat ditugula, estilo propioa sortu dugu eta abestiak esandako estiloak uztartzearen emaitza dira.

Konfinamenduan hasi zineten proiektua eratzen, nolakoa izan da prozesua?

Onlineko bilera egin genuen eta bururatu zitzaigun cumbia abesti batzuk bilduko zituen EP-a egitea. Abesti bi eginda genituen ordurako eta sei abesti berri idatzi genituen konfinamenduan eta udan. Ekoizteko ordu asko izan genituen konfinamenduan, eta kontzertuak egiteko ilusio handia ere bai. Izan ere, etxean sartu aurreko azken kontzertua Hori Bai gaztetxean egin genuen eta oso ondo pasatu genuen bertan; etxealdia amaituta, jendez gainezka izan ohi ziren herriko jaiak ez egoteak keztatu gintuen… Konposatutako abestiak udaren amaieran grabatzen hasi ginen eta pianoa, baxua eta ahotsak grabatzen abenduan amaitu genuen. Otsailean, “Jokoa” singlea igo genuen Spotify plataformara EP-aren aurrerapen moduan. Martxoan, azken konponketak egin ondoren, EP-a argitaratu genuen.

Bestalde, Oier kanpoan bizi da orain, nola konpontzen zarete?

Oierrekin bideo deiak egin ditugu erabakiak hartzeko eta abesti berrien gainean hitz egiteko; nahiko ondo moldatzen gara. Noizean behin Berarten etxean lotu gara instrumentuak grabatzeko, iritziak partekatzeko eta Oierrekin bideo deien bidez hitz egiteko. Hurrengo hilabeteetan entseguak egiteko asmoa dugu, kontzertuak egiteko aukerarik izanez gero. 

“Egunerokotasunean topatzen ditugun gaien gainean hitz egitea gustuko dugu”

Besteak beste, laguntasunari eta gazteen prekarietateari buruz hitz egiten duzue.

Egunerokotasunean topatzen ditugun gaien gainean hitz egitea gustuko dugu. “Jokoa” abestian, esaterako, aipatzen dugu gure etorkizuna agintarien arteko xake-partida dela; gure ustez, gazteok kezkatzen gaituen gaietako bat da. Beste gai bat laguntasuna da: zaila da gaur egun lagunekin egotea, eta lanak, ikasketek edo urrun egoteak zailago egiten du. Guk, gure musikan, alegiazko momentu bat aipatzen dugu, utopia izan daitekeena, lagunekin batera etorkizun oparoa izateko gogoz. Horren moduko gaiak lantzea garrantzitsua dela pentsatzen dugu, komunikabideetan ez delako hari buruz hitz egiten.

Baita maitasun erromantikoa ere.

Gai hori lantzea berria izan da guretzat, baina denok bizi dugun prozesua denez, modu naturalean atera zen. “Barrikadetako maitasuna” abestian, adibidez, maitasun-istorio bat kontatzen dugu sufrimendua, mina eta dependentzia baztertuta, zeren eta pentsatzen baitugu musikaren historian, baita gaur egun ere, normalizatuta dagoela maitasuna eta sufrimendua gauza bera direlako ideia. Azken abestian, “Patxaran horretan” kantan, berriro azaltzen da maitasuna, baina beste ikuspuntu batetik: bi pertsonen arteko harremanaren alde ilunak eta ez idilikoak plazaratu nahi genituen.

Autogestioaren alde egin duzue EP-a kaleratzeko, zergatik?

Alde batetik, baliabide ekonomiko eskasak ditugulako, eta beste aldetik, kontrol handiagoa dugulako gure lanaren gainean. Aberasgarria da esperientzia eta ikaskuntza-prozesu moduan; hala ere, desabantailak ere baditu: lan handia egin behar izan dugu grabazioak eta produkzioa egiteko, eta gure tresnak eta dirua inbertitu. 

“Autogestioa aberasgarria da eskarmentu ikaskuntza-prozesu moduan; lan handia ere bada”

Zuen bi bideoklipak ere autogestioaren emaitza dira?

Taldekide bat ikus-entzunezko komunikazioa ikasten dabil eta horrek erraztu egiten digu jendea topatzea. Bideoklip biak Lekuko ekoiztetxearekin egin ditugu: lagunarteko harremana dugu eta oso ondo moldatzen gara elkarrekin. Beste alde batetik, musika-talde batek multimedia izan behar du gaur egun: gure kasuan, batek Instagram gizarte-sarea kudeatzen du; beste batek, Twitterreko kontua; besteak, bideoak… Nahiko prozesu asanblearioa da.

EP-an sartu dituzuen abesti guztiak euskarazkoak dira.

Gure herrian, euskaraz idazteko ohitura mantendu behar dela uste dugu. Zerotik euskaraz hastea apustua dela badirudi ere, egia esan, euskal kantak asko kontsumitzen dira inguruan. Beraz, zergatik ez dugu horrela jarraitzeko ahaleginik egingo? Egia da pare bat abesti gaztelaniaz ditugula, modu naturalean atera zirelako, eta orain, Oier Bartzelonan bizi izanda, baliteke laster letra batzuk katalanez izatea… batek daki! Nolanahi ere, euskara beti izango da Matxinadaren hizkuntza nagusia.

Nola mugituko duzue Topa lana? Kontzerturen bat egin ahal izateko itxaropenik baduzue?

Interneten bidez eta ahoz aho. Gaur egungo egoera kontuan hartuta, uste dugu zaila eta arriskutsua dela jendea biltzea, eta jesarrita egotea ez da gure kontzertuez gozatzeko modurik onena. 

“Euskara beti izango da Matxinadaren hizkuntza nagusia”

Ondo pasatzea

Matxinada taldea Alatz Barrenak eta Oier Bravok (ahotsak), Berart Gartziak (baxu-jotzailea) eta Ekain Zallok (dj-a) osatzen dute. Taldea 2018an sortu zuten. “Lagunen arteko proiektua da: taldea sortu baino lehen ezagutzen genuen elkar; institutuan elkarrekin izan gara, herrietako jaietan... Gure helburua beti izan da ondo pasatzea eta ikastea”. Berart eta Alatz Zamudiokoak dira; Ekain, Deriokoa; eta Oier, Olakoa. 

Taldekide bakoitzak musika-estilo ezberdinak ditu gogoko: reggaea, cumbia, euskal musika tradizionala, glitch hopa, ska, musika klasikoa, reggaetoia, indiea (Kataluniakoa bereziki), dubstepa eta musika elektrolatinoa, beste batzuen artean. “Spotifyen taldekide bakoitzak gustuko duen musikaren abestien zerrenda sortu dugu”. Euren abestiak ere musika-plataforma horretan daude entzungai, baita euren YouTubeko kanalean ere. 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).