Jokoaren arriskuak

t: Ana Gonzalez Gil , Mankomunitateko Esku-hartze Komunitarioko Teknikaria 2021ko eka. 7a, 14:20

Azkenaldian, kirol apostuetako etxeen, kasinoen eta abarren publizitate bonbardaketa iraunkorra bizitzen ari gara. Gazteek edozein mugikorretatik eskura ditzakete zailtasun handirik gabe. Horrek kezka sor dezake familiengan, izan ere, ebidentziaren arabera, ausazko jokoetan goiz hasteak nabarmen areagotzen du jokoarekiko mendekotasun arazoak izateko arriskua.

Jokatzen duten pertsona guztiek ez dute mendekotasun arazorik izango; batzuek denbora pasatzeagatik egiten dute, noizean behin, lagunekin, ondo pasatzeagatik,... Eta gauza berria ere ez da, jokoak historikoki lagundu digu-eta. Antzinako Txinan apustuak egiten ziren, baita azteken pilota jokoan edo erromatar zirkuan ere, eta garai guztietara egokitu da. Gaur egun edonon ikusten ditugu apustu-etxeak, arraspak edo sare sozialetako apustularien komunitateak.

Pandemiak ez du online jokoaren azken urteetako goranzko joera geldiarazi. Azken datuen arabera, kirol apustuek osasun krisiaren ondorioak nabaritu zituzten arren, erabiltzaileek jokatutako diru-kopuruak errekorra lortu zuen iaz.

Online bideo-jokoei ere arreta eskaini behar zaie, entretenimendu modu ohikoa baita, eta ikus-entzunezko aisialdirako lehen aukera da, batez ere haur eta nerabeen artean. Horiei ausazko elementuak gehitzen zaizkie, adin goiztiarrean apustuekiko eta jokoarekiko interesa sor dezaketenak. Apustuak itxurazkoak dira, eta fitxa trukagarriak dituzte opariekin edo kutxa-botinekin. Horrela, ausazko joko moduko bat bihurtzen da, eta apustuen alderdi formalak ikasten dituzte.

Baina zergatik dira hain problematikoak?

Ausazko apustuen eta jokoen eskaintza oso zabala da, eta eguneko 24 orduetan daude eskuragarri. Edozein gailu mugikorretatik eskura daitezke, eta horrek interaktiboago bihurtzen ditu, eta, kasu askotan, berehalako saria ematen zaie, erakargarritasuna eta mendekotasun potentziala areagotuz. Hasieran egiten den apustua ez da handia izaten, eta horrek gastatzen denaren benetako pertzepzioa galtzera eramaten gaitu. Gainera, apustu-etxe eta online kasino askok ongietorri bonuak eskaintzen dituzte, jokoan hastea errazteko. Publizitatea, oraindik araututa ez dagoena eta oso oldarkorra dena, oso erakargarria da gazteentzat; izan ere, kirol-apustuen kasuan, irabazteko eta partidei emozio pixka bat gehiago emateko aukerak ikusten dituzte, taldeen eta jokoaren ezagutza proban jarriz, emaitzetan zoriak duen eragina ukatuz, "diru errazaren" ideia faltsuarekin.

Alarma seinale batzuk:

  • Apustu asko egitea.
  • Jokoan dagoen ia diru guztia gastatzea.
  • Familiari eta lagunei jokoaren inguruan gezurrak esatea.
  • Dirua eskatzea apustuak egiteko.
  • Apustu gehiago egitea galdutako dirua berreskuratzen saiatzeko.
  • Apustuei buruz askotan pentsatzea edo hitz egitea.
  • Apustu gutxiago egiten saiatzea eta ez izatea horretarako gai.
  • Jolasaren ondorioz, ikasketak, lagunak, familia... jokoan jartzea.
  • Ihes egiteko bitarteko gisa apustu egitea.

Nola prebenitu dezakegu familiatik?

Familia babes faktore nagusienetako bat izan daiteke mendekotasunen aurrean, horrelako jokoei, horien ezaugarriei eta zorizko jokoei lotutako arriskuei buruzko egiazko informazioa partekatuz, bereziki kirol-apustuei eta on-line bideo-jokoei buruzkoa. Horrelako jokoetan, arazoa garatzeko prozesua azkarragoa da, eta gastua eta arazo ekonomikoak handiagoak izaten dira.

Gazteei jokoaren inguruko mezuei buruzko ikuspegi kritikoa sortzen lagundu ahal diegu: gazteekin gogoeta eginez "normalizazio faltsuari" buruz, gizartean onartutako denbora-pasa estatusa ematen laguntzen duen publizitateari buruz eta desiragarria bihurtzen duten sariei buruz.

Gure jarrerarekin eta portaerarekin ere eragin dezakegu haien iritzietan, gure hitzekin batera, gure ekintzak ere garrantzitsuak baitira.

Aisialdiko eta ohitura osasungarrietako aukerak erraztea ere lagungarria da. Oso garrantzitsua da haurtzarotik bestelako entretenimenduak sustatzea, jokotik harago: lehiarik gabeko kirola, aire zabaleko jarduerak, lagunekin sozializatzea...

Era berean, ezin dugu ahaztu, helduak garen aldetik, adingabeak babesteaz arduratu behar dugula, eta gazteak ausazko jokoekin zerikusia duten praktika txarretatik babestu behar ditugula.

Horretarako, esku-hartze komunitarioko zerbitzuak Txorierriko ikastetxeekin lankidetzan dihardu arrisku-jokabide horien prebentzioan, eta urtero familia-eskolak antolatzen ditu, familiek profesionalen eskutik esperientziak eta zalantzak partekatzeko behar dituzten tresnak eskura ditzaten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).