“Zaletasun hutsagatik elkartzen gara musika jotzeko”

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 15a, 12:44

Ohiko punk taldea da Santi Matxete y los Pieles Rojas, 80eko hamarkadako filosofiari eta musika ulertzeko moduari estu eutsita dagoena. Larrabetzuko Hori Bai gaztetxean entseatzen dira eta taldekideak erabat eginda daude bertako girora. Horrela, bada, oso harreman berezia dute hango herritarrekin. Taldearen nondik norakoak izan ditugu musikariekin hizpide, eta, halaber, azaldu digute garbiguneko punka, eurek egiten dutena, zer den.

“Punka da zikina, zaborra balitz moduan… Horregatik esaten dugu garbiguneko punka egiten dugula: diskoa garbiguneko atean saldu dizugu, entzun duzu, eta gustatu ez bazaizu, bota ahal duzu; ez dago arazorik”, azaldu digu Santi Lopez taldearen alma materrak. Bere esanetan, ez zaie beste talde batzuen abestiak jotzea gustatzen. “Originaltasunak zeu izatea dakar eta horregatik konposatu behar ditu nork bere abestiak”. Eta originaltasuna hain zuzen da nagusi Santik berak egiten dituen abestietan. Disko bat dute kalean, Grindar la vida – bizitza ahalik eta gehien disfrutatu–, eta, besteak beste, “Morcillas de Arrieta” eta “El blues del Bizkaibus” abesti ezagunak topatu ahal ditugu bertan. “Beste disko bat ateratzea pentsatzen gabiltza, baina, egia esan, nahiko zahar gaude: zaletasun hutsagatik elkartzen gara musika jotzeko”. 

Nolanahi ere, abesti berriak dituzte eta seguruena da bigarren disko hori laster kaleratzea. “Egunero 10 bat kanta konposatzen ditut, eta haietatik bederatzi botatzen ditut garbigunera. Abestien zatiak hartzen ditut, itsatsi, berriro moztu… Eta ordenagailu barik, e! (kar-kar). Kanta berrietako batzuk dira “El cura de Larrabetzu a la hamburguesa le echa kétchup” eta “Tu mejor opción”. Dena dela, ez dugu proiektu handi bat egiteko gogorik, ateratzen dena baizik. Izan ere, ez dugu ezta kamisetarik ere”. “Santi artista handia da. Gaur abesti bat ekar diezaguke, baina abesti hori ezberdina izango da bihar: goitik behera aldatzen du. Interes artistiko handia du eta bere jarrera horrek arreta ematen dit. Showmana ere bada”, esan du Asierrek. “Asko gustatzen zait txantxetan ibiltzea eta gertatzen zaidana hartzen dut inspirazio-iturri”, jarraitu du Santik. “Beti nabil buruari bueltaka, geldiezina naiz. Nire neuronek elkarren kontra egiten dute talka eta zentzugabeena islatzen dut abestietan, esaterako, “Una rana en el SPA”, “El burro inteligente” edo “Emigrante universal”. Bueno, jendea eta ni neu kontzientziatzeko kantak ere egiten ditut, “Recoge las cacas de tu perro” kasu”. “Abesti surrealistak dira, baina helburua da batez ere jendeari barre eragitea”, gehitu du Asierrek.   

“Egunero 10 bat kanta konposatzen ditut, eta haietatik bederatzi botatzen ditut garbigunera”

 

“Abesti surrealistak dira, baina helburua da batez ere jendeari barre eragitea”

Santi Matxete y los Pieles Rojas duela sei urte inguru osatu zen. “Egiaz, Tripustelak taldearen jarraipena da, Santiren aurreko taldea izan zena. Lehendik ezagutzen genuen elkar, kontzertuetan-eta elkarrekin kointziditu genuelako”, kontatu digu Mikelek. Asier azkena izan da taldean sartzen duela urte bi inguru. Entseguak Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean egiten dituzte 15 egunetik behin. “Gaztetxeari eskertu nahi diogu berton entseatzen uztea, izan ere, nire herrian, Mungian betoa jarri didate”, aipatu digu Santik. “Mungian estuegi hartzen dute politika, eta berton, berriz, Larrabetzun, jendea oso jatorra da eta badakite talde dibertigarri bat zer den: ez dute politikan pentsatu, baizik eta kultura-ekintza egiten zabiltzala. Azken batean, nire musika adin-tarte guztientzat da… Inoiz gertatu zait gurasoak tragoren bat edaten zebiltzan bitartean seme-alabak kontzertuan egon eta Bob Esponjarena egin behar izatea”. Urte bi daramatzate Larrabetzuko gaztetxean entseatzen, “luxua da eta poz-pozik gaude”. Duela aste batzuk ustekabeko publikoa izan zuten. “Frantziako eta Belgikako hiru pelegrinok jo zuten atea eta galdetu ziguten ea sartzerik zuten… Flipatu zuten!”. 

Oxigenoa

Agertokira milaka aldiz igo dira eta datozen kontzertuetako bat irailean egingo dute Txorierriko Baserri Antzokian, ziur asko. “Egia esan, ez dut kontzerturik egiteko gogo handirik: oxigenoa behar dut. Kontzertu asko egin ditugu eta nekatuta nago… Gainera askotan ez dute ordaintzen… Nahiago dut ortuan ahuakateekin egon kontzertuak egin baino… Inportantea da udalek edota musika-aretoek zure lepotik barre ez egitea eta kontzertuaren truke ordaintzea. Izan ere, guk ere jaten dugu, instrumentuak furgonetan sartu behar ditugu, handik atera, muntatu, desmuntatu, gasolioa ordaindu…  Guk ez dugu musikatik bizi nahi, baina gutxienez ez dezatela gure lepotik barre egin!”. Gainera, Santik azpimarratu du jarraitzaileak munduko hainbat txokotan dituztela. “Esaterako, Argentinako batzuk Larrabetzura etorri ziren espresuki indabak jatera, eta Arrieta ere gure musikari esker ezagutzen dute beste batzuek. Hori ere kontuan hartzekoa da, politika alde batera utzita, musika ere baliagarria delako herriak, jendea, kultura… sustatzeko”.  

“Ez dugu musikatik bizi nahi, baina gutxienez ez dezatela gure lepotik barre egin!”

Taldekideak ondo pasatzeko elkartzen dira, elkarrekin musika jotzeak ekartzen dien atseginagatik. Asier taldekiderik gazteena da, baina Santik eta Mikelek 80ko hamarkadako eta 90eko hamarkadaren hasierako punka bizi zuten. “Ospetsuez gainera, talde asko ginen eta Andoni Fernandezek Mierda de Bizkaia liburuan batu gaitu. Oso garai ona zen, baina galduta dago, belaunaldiak aldatuz doazelako, musikaz eta estiloz aldatuz… Eta garai hartako guztia han gelditu zen, punk britainiarra moduan”. Beraz, nostalgiaz jotzen dutela atera liteke ondorio.   

 

Taldekideak

Santi Lopez (gitarra-jolea eta ahotsa) da Santi Matxete. Mungiakoa da eta lehen eraikuntzan egiten zuen lan. “Orain ahuakateak landatzen ditut eta antigoaleko gauzekin ere banabil. Halaber, Aranzadiko boluntarioa naiz eta gudariak topatzen laguntzen dut”. Mikel Lopez (baxu-jolea) eta Asier del Campo (bateria-jolea) dira los Pieles Rojas. Mikel Larrondon bizi da, baina Deriokoa da eta hango eskolan hain zuzen dabil atezain. Azkenik, Asier Leioakoa da eta delineatzaile egiten du lan.      

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).