Gizarte-balioa sortzen

Aikor aldizkaria 2021ko uzt. 22a, 09:10

Lantegi Batuakek kanpaina berri bat ipini du martxan desgaitasun intelektuala duten pertsonen lana ikusgai egiteko eta tokiko administrazioen lankidetza eskertzeko. Ramon Bernal Zerbitzu Nagusien zuzendariak ezinbestekotzat jo du elkarlanean jarraitzea, “pertsona hauen etorkizuna azken batean guztion ardura baita”

Lantegi Batuak egitasmo berezia da eta duela 40 urte ipini zen martxan. Lantaldea 3.100 pertsona inguruk osatzen dute eta % 82k desgaitasun intelektuala dute. Bernalen esanetan, helburua da desgaitasun intelektuala duten pertsonei lan-merkatura sartzen laguntzea eta, hortaz, euren garapen pertsonalean ere laguntzea.

Egitasmoak Bizkaiko 50 udalerritan baino gehiagotan ditu egoitzak eta hori ikuspuntu sozial batetik ezarritako estrategia da, pertsonek joan-etorriak modu errazean egin ahal izateko. Zehatz-mehatz, lau egoitza ditu Txorierrin: bi Derion, bat Loiun eta beste bat Sondikan. Lantegi Batuakek hainbat zerbitzu eskaintzen die udalerriei, hala nola lorezaintza, kaleak eta eraikinak garbitzea, artxiboak digitalizatzea eta nagusientzako bazkaria etxera eramatea, eta egoitzetan desgaitasun intelektuala duten lagunek ere lan egiten dute. Zerbitzu horiek emateko, udalerri bakoitzean bertako lagunak enplegatzen dituzte.

Lantegi Batuakek 214 milioi euroko gizarte-balio integratua sortzen du Bizkaian. Gizarte-balio integratua kontabilitate-datuetatik eta sortutako lanpostuetatik haratago doa eta gizarteko beste eragile batzuekiko interakzioan sortutako balio globala jasotzen du. “Balio hori kalkulatzeko, erakundearekin zerikusia duten aspektu guztiak hartzen dira kontuan. Esaterako, gurasoek semea edo alaba gure egoitzetako batera ekartzeak ahalbidetzen du biek etxetik kanpo lan egin ahal izatea eta hori balio soziala da. Gure kokapena ere balio soziala da, edota gure hornitzaile nagusiak bertakoak izatea”.  

Txorierriko datuei dagokienez, eta Lantegi Batuakek bere webgunean jakinarazitako informazioaren arabera, aurten 525.820 euroko gizarte-balio integratua sortu da Sondikan eta udalerriko 22 pertsonak lan egiten dute Lantegi Batuaken. Loiun 592.155 euroko gizarte-balio integratua sortu da eta herriko hiru lagun dabiltza erakundean lanean. Derion, bestalde, 2.028.224 euroko gizarte-balio integratua sortu da, herriko 22 lagun enplegatzen dira eta lorezaintza- eta garbiketa-zerbitzuak ematen dira. Zamudion lorezaintza-lanak egiten dira, eta 17 herritar enplegatu. Azkenik, zazpi lezamarrek lan egiten dute Lantegi Batuaken, eta lau larrabetzuarrek.

75 txorierritar lan egiten dute Lantegi Batuaken; 3,1 milioi eurotik gorako gizarte-balio integratua sortzen da berton

Gizarte-balioa

Lantegi Batuakek kanpaina bat ipini berri du martxan, desgaitasun intelektuala duten pertsonen lana ikusgai egiteko. Era berean, Lantegi Batuakek Bizkaiko udalerrietan sortzen duen gizarte-balioa azpimarratu nahi izan dute, eta tokiko administrazioei euren lankidetza eta konfiantza eskertu diete. Hala eta guztiz ere, Bernalek gogora ekarri du etorkizunean ere elkarlanean jarraitzea ezinbestekoa dela eta erakunde publikoei eskatu die desgaitasun intelektuala duten herritarrak ere kontuan hartu ditzatela kontratuak-eta egiteko orduan. “Orain arte lortutakoa guztion artean lortu dugu eta hori oso ondo dago. Baina udalen laguntza behar dugu, pertsona hauen etorkizuna azken batean guztion ardura delako, eta lana da gizarteratzeko bidea. Horrezaz gainera, lan egiten badute, zergak-eta ordaindu ahalko dituzte eta hori gizarte osoarentzat izango da onuragarria”.  

Kanpaina online zabaldu da eta iragarkiak ipini dira Bizkaiko autobus- eta metro-geltokietan. Kanpainaren harira azaldu da, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen bidez, administrazio publikoek desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukerak bultzatzeko mekanismo bat dutela, irabazi asmorik gabeko enplegu-gune berezien zerbitzuak kontratatuz. “Desgaitasuna duten pertsonen laneratzeak sortzen duen gizarte-balioa oso handia da: gizarte-kohesioa, komunitate-lotura, lurraldearen gizarte-egituraketa, kudeaketa publiko-pribatu partekatuaren efikazia eta efizientzia, beste zainketa-sistema formal eta informal batzuk ordeztea eta osasun sistemetan eta gizarte zerbitzuetan aurreztea”, gailendu dute prentsa-ohar baten bidez. Azkenik, aipatzekoa da azken bost urteetan Lantegi Batuakek desgaitasuna duten 200 pertsona baino gehiago Bizkaiko enpresetan laneratzea lortu duela. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).