Txorierriko Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabalik

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 6a, 14:16

“Euskaraz amets, hamaika aukera euskaraz praktikatzeko!” lelopean, Txorierriko Berbalagun egitasmoan izena emateko epea zabaldu da jada eta 635 753 595 telefono-zenbakira deitu behar da horretarako. Era berean, whatsappa-mezua bidali daiteke esandako telefono-zenbakira, edo  txorierri.berbalaguna@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzi. Egitasmoaren arduradunen hitzetan, parte-hartzaileek esaten dute Berbalagun aukerarik onena dela ondo pasatuz euskara praktikatzeko. “Satisfakzio handia ematen du horrek, baina beste sentsazio positibo pila bat ere ekartzen ditu euskaraz aritzeak. Hori guztia Mintzapoza da haientzat”.

Berbalagunek adierazten dute egitasmoari esker lehen ezagutzen ez zuten mundu bat deskubritu dutela. Gainera, aspalditik ezagutzen zuten jende asko euskalduna dela konturatu dira, eta haiekin euskaraz egiten hasi. “Harreman berriak ere eraiki dituzte euskararen inguruan eta orain askoz zabalagoa da haien mundua. Euskara praktikatzea merezi du. Euskal Herrian gero eta jende gehiago aritzen da mintza-taldeetan euskara hartzen eta ematen, euskararen sarea indartzen eta zabaltzen”. Eta horixe da hain zuzen ere Berbalagunen mundua. “Zabaldu atea eta praktikatu euskara talde-giro hurbilean. Ez izan beldurrik edo lotsarik zure euskara-maila baxua delako, zeren hor dabilen jendea zu bezalakoa da eta ez dauka aurreiritzirik”.

Izan ere, Berbalagun egitasmoak elkartzen ditu euskaraz hitz egiteko ohitura duten pertsonak eta euskaraz egin nahi duten pertsonak. Talde txikietan eta astean behin, parte-hartzaileak batzen dira paseatzeko, kafe bana hartzeko edo bururatzen zaiena egiteko; hau da, euskaraz aritzeko eta bizitzeko. Gainera, mendi taldea osatu dute berbalagun batzuek eta astearte goizean batzen dira Bizkaiko bazterrak ezagutzeko. Bizkaiko Bira egin dute dagoeneko eta orain beste bazter batzuk ezagutzeko irrikan daude. Beraz, mendira joan eta euskaraz aritzeko gogorik baduzu, animatu! Bestalde, urtean zehar hainbat ekintza osagarri ere antolatzen dira euskaraz bizi ahal izateko, hala nola afariak, tailerrak, ibilbideak eta museoetara bisita gidatuak.

Berbalagun egitasmoan modu bitan hartu daiteke parte: euskara praktikatuz (bidelaria) ala euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). “Berbalagun izateko baldintza bakarrak dira euskaraz komunikatzeko gai izatea eta gutxienez astean ordubetez elkartzeko prest egotea. Zeren zain zaude? Ez izan zalantzarik eta etorri Txorierriko berbalagunekin euskaraz bizitzera eta amestera!”.

Gurasolagunak ere prest

Udako oporraldiaren ondoren, Txorierriko gurasolagunek indarrak berritu dituzte eta gogotsu ekingo diote datorren ikasturteari. Egitasmo honetan izena emateko epea ere zabalik dago jadanik.

Helburua da gurasoek seme-alabekin eta beste guraso batzuekin euskaraz naturaltasunez hitz egitea. “Horretarako, eskola ostean batu ohi dira, aire zabalean, euskaraz jolasteko, besteengandik ikasteko eta bururatzen zaizkien ekintza guztiak egiteko. Aukera polita baino politagoa da hizkuntza-arloan ere seme-alaben eredua izateko eta umeek eskolaz kanpo ere euskara hizkuntza bizia dela ikus dezaten”.