Europako hizkuntza-aniztasunaren baitan euskarak dituen erronkak hausnartu dituzte zenbait adituk

Aikor aldizkaria 2021ko ira. 27a, 11:14

Atzo, irailak 26, Europako Hizkuntzen Eguna izan zen eta, ospakizunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak euskararen egoeraz hausnartzeko topaketa antolatu zuen Euskalduna Jauregian. Euskarak Europako hizkuntzen artean tokia baduela aldarrikatu zuten aldundiak eta jardunaldian parte hartu zutenek.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kiroleko foru-diputatuaren esanetan, balioa eman behar zaio hizkuntza-aniztasunari eta aniztasuna zaindu eta babestu behar da. Era berean, esan zuen euskarak hizkuntza europarra izanik bere tokia behar duela gainerako hizkuntzen artean. Bestalde, Itziar Elorza EHUko irakasleek hitzaldia egin zuen Europako hizkuntzen aniztasunaren inguruan eta aniztasun horretan euskarak duen lekuaren inguruan. Bestalde, solasaldia egin zen Europako hizkuntza-aniztasunen baitan euskarak hainbat esparrutan dituen erronkei buruz. Solasaldian hauek aritu ziren: Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru-diputatuak: Maite Goñi, Mondragon Unibertsitateko irakaslea eta euskarak ingurune digitalean dituen erronketan espezializatua; Xabi Paya, itzultzailea, gidoigilea, bertsolaria eta Getxoko Kultur Etxearen zuendari-kudeatzailea; Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako presidentea; eta Alex Sardui, abeslaria.    

Elorzak modu positiboan aurkeztu zuen euskarak Europan duen egoera eta adierazi zuen Europak euskarari printzipioen babesa ematen diola, hau da, hizkuntza- eta kultura-arloko babesa. Halaber, esan zuen euskarak Europari eskaintzen diola azken mendean egin duen biziberritze-ibilbidea, gainerako hizkuntzetarako erreferentea izanik. Euskarak enpresei ekartzen dion balio erantsia azpimarratu zuen Basurkok, eta, lehiakorrak izateko, euskara kudeaketan sartu behar dutela. “Euskarak marka eta irudia ematen ditu. Kultura-aniztasuna modu egokian kudeatzeak talentua eskuratzea ahalbidetzen du, inklusiboagoa izatea eta bezeroekin harreman hobeak edukitzea”.  

Beste aldetik, Goñik ingurune digitala izan zuen hizpide. “Garrantzitsua da, besteak beste, edukiak eta azpiegiturak euskaraz izatea, euskarazko garapenak ikusgai egin behar dira eta zaintza digitala egin behar dugu. Gauza asko ditugu alde: komunitatea txikia, baina aktiboa, eta administrazioen babesa”. Urkizak adierazi zuenez, nortasunak kolektiboa definitzen du; hala ere, kolektiboak aitortza behar du. “Euskaldunok luzaroan egon gara aitortza hori nork emango zain. Diskurtsoa finkatu behar dugu Europari azaltzeko zer garen”. Azkenik, Sarduik aipatu zuen musikaren bidez euskara esparru berri askotara heldu ahal dela. “Eta beharbada, ez gabiltza aukera hori aprobetxatzen. Musikaren bidez ez dago arazorik munduratzeko; unibertsala den musikarekin doalako. Euskarazko musika zubia da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).