Mankomunitateak “Euskararen Laguna” egitasmoa jarri zuen martxan urtarrilean, Txorierriko dendetan euskararen presentzia eta erabilera areagotzeko asmoz. Era horretan, “Euskararen Lagun” egiten diren establezimenduei doako hainbat zerbitzu eta promozio kanpaina eskainiko zaizkie, besteak beste, hizkuntza aholkularitza, itzulpen zerbitzua, paperezko poltsen banaketa, maketazio zerbitzua..
Azken hilabeteetan kanpainari buruzko informazioa zabaltzeko bisitak egin ditu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak, eta orotara 111 saltokik eman dute izena sarean, mankomunitatea osatzen duten sei herrietan: 4 Loiun, 6 Lezaman, 9 Larrabetzun, 13 Zamudion, 14 Sondikan eta 65 Derion. Nabarmentzekoa da Derion eta Zamudion, bertako merkatari elkarteak (DERIOCOM eta Bizi Zamudio) elkarte moduan sarean sartu direla eta beraiekin batera elkartea osatzen duten saltoki guztiak.
Kanpaina honek zubi lana egiten du erosketak euskaraz egin nahi dituzten bezeroen eta aukera hori eskaintzen duten denden artean. Izena eman duten establezimenduek lehen hitza euskaraz egiteko eta dendako hizkuntza paisaia euskaraz jartzeko konpromisoa hartzen dute. Horretaz gain, euskarazko arreta eskainiko diete bezeroei, betiere ahal duten neurrian.
Euskararen laguna
“Euskararen Lagunak” diren saltokiak erraz identifikatze aldera, kanpainaren logoa izango dute erakusleihoan edo denda barruko leku ikusgarriren batean. Ikur horrek euskaraz hitz egiteko gonbidapena luzatuko die bezeroei. Bestalde, Txorierriko Mankomunitateak kartel eredu bereizgarriak sortu ditu kanpainarako, saltokiek euren ordutegiak edo bestelako mezuak jar ditzaten. Euskarri horien bidez sareko kide diren guztietan irudi bateratu bat lortuko da.
Sarearen parte diren dendek Mankomunitateak eskaintzen dituen doako zerbitzuak erabili ahalko dituzte euskararekiko duten aldeko jarrera erakusteko eta euskaraz egin nahi duten bezeroei trabak kentzeko. Bezeroek, horrela, dendariek egindako ahalegina baloratuko dute euren negozioetan euskarak lekua izan dezan, negozioaren irudia eta errentagarritasuna hobetuz.
Mapa interaktiboa
Ahozko harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzeaz gain, kanpaina honen beste ardatzetako bat gertuko merkataritza sustatzea da. Horretarako, sarean izena eman duten establezimenduen datuak biltzen dituen mapa interaktibo bat osatu da.
Mapa hori Mankomunitateko www.txorierri.eus web orrian egongo da kontsultagai edo QR kodea eskaneatuz. Bertan euskararen lagun guztiak herrika sailkatuta aurki daitezke. Horretaz gain, herri bakoitzaren web gunean ere sarearen informazioa eskuratu ahal izango da. Tresna honen bidez herritarrek erraz aurkituko dituzte Euskararen Lagunak, eta euskarazko kontsumoa erraztuko zaie.
Promozio kanpainak
Mankomunitateak, era berean, Euskararen Lagunen sarearen zabalkundea egiteko, bertako kide diren saltokien promozio-kanpainak egingo ditu. Udazkenean izango da lehenengoa: izena eman duten establezimenduei kanpainaren ikurra eta leloa dituzten paperezko 15.000 poltsa banatuko zaizkie.
Euskara Zerbitzuak, herritarrak erosketak euskaraz egitera animatu nahi ditu, askotan uste baino errazagoa izaten baita. Bezeroen eta saltokien arteko konfiantza zein gertutasuna suspertzeko baliabidea ere bada kanpaina hau. Horixe bera da, hain zuzen, kanpainaren leloak adierazten duena: “Gertuko erosketak, gertuko hizkuntzan. Txorierrin baino hobeto, non?”
Informazio gehiagorako:
Tel: 688 665 112 (Martin Txintxurreta)