Suhiltzaile-zerbitzuetako profesionalek egunero egiaztatzen dutenez, herritarrek gaztetan oinarrizko kontzeptu batzuk bereganatuz gero, suterik ohikoenak eta heriotza gehien eragiten dituztenak saihestu litezke, eta biktimak salbatu.“Egunero gertatzen dira suteak, baina ia beti saihestu daitezke. Larrialdirik onena inoiz gertatzen ez dena da”, azpimarratu dute Aldundiko suhiltzaileek. Horiek edukiontzi eramangarria eta zabalgarria eta autobonba-kamioi bat erabiliko dituzte, kanpainaren berri emateko.
Kanpaina Europa Batzordearen 'Be Fire safe at School' proiektuaren barruan dago. Horrek Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat suteen kontrako prestakuntza diseinatzea du helburu. Bizkaiaz gainera, Irlandak, Finlandiak, Alemaniak, Belgikak, Danimarkak eta Lituaniak ere hartzen dute parte egitasmoan. Bizkaiko hogei ikastetxek baino gehiagok eskatu dute doako tresna didaktiko hori. Webgune honetan dago eskuragarri: www.bfiresafeatschool.eu. Proiektuan interesa duten irakasleek Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzura jo dezakete posta elektronikoz: prevención.incendios@bizkaia.eus.
Kea
Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak 3.012 esku-hartze egin zituen 2020an; horietatik 1.362 suteak izan ziren (% 23); gehienak hiriko su txikiak, etxebizitzetan gertatutakoak. Kea da etxeko suteetako heriotza-kausa nagusia. Zerbitzua duela 50 urte sortu zen.