Txorierritarrak, SD Amorebieta taldean

"Gure indarra taldea da"

Aikor aldizkaria 2021ko aza. 26a, 10:19

Iaz, SD Amorebieta futbol taldeak ustekabean lortu zuen Bigarren Mailarako igoera. Aurten, erraldoien kontra ibiltzen dira lehian –Zaragoza, Eibar, Malaga, Valladolid, Sporting...–, mailari eusteko. Eta horretan, hiru jokalari txorierritar ere badabiltza: Alvaro Peña derioztarra, Gaizka Larrabazal loiuztarra eta Iker Bilbao larrabetzuarra. Helburua lortzeko itxaropentsu agertu dira, baldin eta talde moduan aritzen badira.   

Zelan doa taldea?

Gaizka Larrazabal (GL): Apurka-apurka. Hilabete honetan emaitza onak lortu ditugu (4 eta 1 Valladoliden kontra, esate baterako) eta horrek konfiantza eman digu. 

Iker Bilbao (IB): Jardunaldi batzuk eman ditugu irabazi barik eta garaipenak behar ditugu. Ea konfiantza apur bat lortzen dugu eta borrokatzen jarraitzen dugun.

Taldeak garaipen gutxi lortu ditu, baina arerio ederren kontra, Valladolid eta Almeria, esate baterako. Motibazio berezirik duzue Bigarren Mailako talde historikoen kontra?

Alvaro Peña (AP): Taldea ondo dabil eta partida gehienetan maila ona erakutsi dugu. Horrek esan nahi du edozein talderi irabazteko gauza garela. Egia da batzuetan eskarmenturik eza nabarmena izan dugula, baina ziur nago taldea gero eta hobeto ibiliko dela. Gogor egiten dugu lan eta taldea familia bat da: guztiok jokatzen dugu, eta ni naizela, Gaizka dela edo Iker dela, taldeak sendo jarraitzen du. Gure indarra taldea da. Emaitzek konfiantza ematen dizute eta zure lan egiteko era zuzena dela berresten dute. 

IB: Aste guztietan jokatzen dugu talde historikoen kontra: aipatutakoez gainera, Eibar, Malaga, Zaragoza... 

GL: Edonori egin ahal diogu aurre, batez ere etxean, bertan eroso-eroso sen­titzen garelako. Partidaz partida egingo dugu aurrera, noraino heldu ahal garen jakiteko. Valladoliden kontrako par­tida­ren ostean Alcorconen aurka jo­katu ge­nuen eta puntuek berdin-berdin balio zuten. Berdin dio noren kontra jokatzen duzun, guretzat guztiak dira antzekoak, garrantzitsuena da garaipen bila ibiltzea eta lan txukuna egitea.  

Beheko postuetan zabiltzate den­bo­raldia hasi zenetik, espero zena, neu­rri handi batean. Gogorra da jaitsiera postuetan egonda jokatzea? Horrek presio berezirik ematen dizue?

GL: Tamalez, iaz, Zaragozan egoera antzeko bat bizi izan nuen. Aurten, bagenekien beheko postuetan ibiliko ginela. Argi dago goiko postuetan jokatzea erosoagoa dela, baina jaitsieraren arriskua aurrez aurre sentitzeak motibazio berezia eman behar dizu. 

 

GL: “Jaitsieraren arriskua aurrez aurre sentitzeak motibazio berezia eman behar dizu”

 

IB: Bigarren Mailako txapelketa oso luzea da, 42 jardunaldikoa, eta oso orekatua. Hau da, bolada ona harrapatzen baduzu eta hiruzpalau partida jarraian irabazten badituzu, goiko postuetan ibiliko zara; eta bolada txarra egokitzen denean, aldiz, beheko postuetan.      

Entzuten den bezain gogorra eta lehiakorra da Bigarren Maila?

AP: Bai. Eta lehen esan dudan mo­duan, taldea da gure indarra. Eta zentzu horretan, beste talde batzuk baino hobeak gara, klubean giro ederra dagoelako. Batuta egon behar gara, ezin dugu ahaztu denboraldia luzea dela: orain beheko postuetan gaude, eta etorkizunean gora egin dezakegu. Gogor lan egiten eta maila ona erakusten jarraitzen badugu, zergatik ez! Partida asko ñabardura txikiengatik galdu ditugu; beraz, ñabardura txiki horiekin kontuz ibiltzen bagara, emaitza hobeak lortu ahal ditugu. Kostatuko da, baina batera egiten badugu, helburua lortzeko gauza gara.

Denboraldiaren helburuaren ha­ri­tik ez dizuet galdetu, baina tira, mailari eusten badiozue, poz-pozik ibiliko za­rete, ezta?    

GL: Zalantza barik 

AP: Mailari eustea izugarrizko marka izango litzateke. Garaipen historiko bat ere ez litzateke izango, baina badakigu zaila izango dela: gure esku dago eta helburua lortzeko gauza gara. Anbizioa ez dugu galdu behar. 

Taldeko giro aparta aipatu duzue. Ez da oso normala Bigarren Mailan, ezta?

AP: Jokalari guztiok euskaldunak gara. Horrek balio erantsia ematen dio taldeari, batez ere gauzak ondo ez dabiltzanean. Beste talde batzuetan gertatu zait hau: porrotak etortzen direnean, nor be­re kabuz doa. Eta hori hemen ez da ger­tatzen.

 

AP: "Jokalariok euskaldunak gara. Horrek balio erantsia ematen dio taldeari, batez ere gauzak ondo ez dabiltzanean" 

 

Jokalari batzuk berriak dira Amo­rebieta taldean. Aldaketarik naba­ri­tzen duzu iazko denboradiarekin kon­paratuta, Iker? 

IB: Ez, futbol taldeetan beti gertatzen da hau: jokalari batzuek alde egiten dute eta beste batzuk etortzen dira. Amorebietan jokalari berri batzuk ditugu, baina giroa iaz bezain ona da. Iazkook futbolari berriak hartzen ditugu eta guztion artean taldea ahalik eta ondoen osatzen saiatzen gara. Eta gure artean harreman ona badugu, hori zelaian nabaritu egiten da eta puntuak ematen dizkizu.

 

IB: “Gure harremana ona bada, zelaian nabaritu egiten da eta horrek puntuak ematen dizkizu”

 

Urritxe futbol-zelaian gabiltza ber­betan. Hemen entrenamenduak egi­ten dituzue, baina partidak, Lezaman, Urritxek Bigarren Mailan jokatzeko baldintzarik ez duelako. Ze­lan da etxetik kanpo jokatu behar izatea? Nolako eragina du horrek tal­dean?

AP: Egia esateko, zure zelaian ezin jokatzea desabantaila da: ez duzu eza­gutzen, baldintzak desberdinak dira... Dena dela, ezin dugu hori aitzakiatzat jo, Lezaman jokatu behar dugu eta onartu behar da. 

GL: Beste zereginik ez dugu, ez da­go gure esku non jokatzen dugun era­bakitzea. Lezama zelai zoragarria da, berdegunea beti dago ondo, eta hori aprobetxatu behar dugu. 

IB: Pena da herriarentzat eta batez ere tabernarientzat. Izan ere, Sporting bezalako klub batek milaka zaletu ekar­tzen dizkizu. Tamalez, ezin da Zor­no­tzan partidaren aurreko giroa bizi. De­na dela, Lezaman dugun giroa aparta da, gure zaletuak hara joaten dira eta armailetatik ematen diguten adorea na­baritzen dugu. 

AP: Egoera honi buelta emateko, hau egin behar dugu: Bigarren Mailan hiruzpalau urte egon eta orduan, klubak goi-mailako kirol-instalazioak egin ahal izango du (kar, kar).  

 

 

Iker Bilbao, Larrabetzu: Igoeraren goleatzailea

Iker Bilbao Mendiguren (1996) Bilboko Danok Bat taldean hasi zen futbolean jokatzen. Geroago, Athleticek fitxatu zuen eta Baskonia (2015-2017) eta Gernika (2017-2018) taldeetan ibili zen. Era berean, 2018an, SD Amorebieta taldera joan zen, Bigarren B Mailan jokatzera. "Lehenengo urtean txarto hasi ginen, baina azkenean zortzigarren postuan bukatu genuen liga; bigarrenean, seigarrenean; eta iaz, igoera", adierazi digu larrabetzuarrak irribarretsu. Hiru elkarrizketatuaren ar­tean, Bilbao izan da igoera bizi izan zuen bakarra eta gainera, erabakigarria izan zen bertan. Izan ere, gola sartu zuen azken partidan, Badajozen kontra eta horri esker Amorebieta Bigarren Mailan jokatzen dabil aurten. 

Larrabetzuarraren esnanetan, iaz urte arraroa izan zen. "Ligaxka, gero beste ligaxka bat eta azkenik, kanporaketak. Fisikoki oso sendo bukatu genuen den­boraldia. Jakin bagenekien irabazteko premia genuela eta guri gol bat sartzea oso zaila izango zela. Uste genuen irabazteko aukera izango genuela eta horixe gertatu zen. Badakigu ez dela normala, talde txiki bat garela eta igoera zerbait historikoa dela. Baina talde ona dugu eta igoera merezi izan genuen, lan handia dago horren atzean. Igoerak koronabirusaren krisian harrapatu gin­tuen, baina herriak bat egin zuen gurekin, polita izan zen. Aurreko urteotan gehiago ibiltzen ginen herritik, partidak eta entrenamenduen ostean hemengo ta­bernetan zerbait hartzen genuelako, esate baterako; aurten, aldiz, ez dugu iaz bezala egiten. Pena da, baina ez dago gure esku".

Larrabetzuarrak ibilbidea osoa egin du Bizkaian, etxetik gertu. “Kanpora joateko aukeraren bat ere sortu zait, baina ez da oso erakargarria izan. Gustura nago berton eta hemen gelditzea erabaki nuenean, bete-betean asmatu nuen: gaur egun non eta Bigarren Mailan nabil jokatzen". Horri esker, Larrabetzun gelditzeko aukera izan du. "Beti bizi izan naiz Larrabetzun eta hor daukat familia, lagunak eta etxea. Urrian, herriak omenaldia egin zitzaigun kirolarioi eta oso polita izan zen".

 

Gaizka Larrazabal, Loiu: Konfiantza berreskuratu nahian

Gaizka Larrazabal Goikoetxeak  (1997) kontratua du Zaragoza tal­dea­rekin, baina aur­ten Amorebieta klubean utzita jo­katuko du. "Etxera etorri nahi nuen eta gainera, joka­tzeko premia nuen, nire maila be­rreskuratzeko. Beraz, Amorebietaren proposamena jaso nuenean, ez nuen bitan pentsatu. Amo­rebieta talde berezia da, lehenengo mo­mentutik oso gustura ibili naiz, etxean bezala", esan du loiuztarrak. Iñigo Vélez de Mendizabal entrenatzaileak eskuin hegalean, de­fentsan jokatzeko fitxatu du, ezohiko lekua Gaizkarentzat. “Beti jokatu dut goiko aldean, baina iaz, Zaragozan hasi nintzen bertan jokatzen. Pozik nago, apurka-apurka leku berrira egokitzen. Nire onurarako da, leku anitzetan jokatu ahal izateak abantaila baita". 

Gaizkaren aita Aitor Larrazabal da, Athleticen jokalari mitikoa; Aitor ere defentsan aritzen zen eta harreman estua du semearekin. “Aitak partida guztiak ikusten ditu eta gomendioak eta adorea ematen dizkit, bai horixe! Konfiantza dauka niregan". Aitorren semea izan arren, Gaizkak Athleticetik kanpo egin zuen gaztetan ibilbidea: Danok Bat eta Zamudio (2016) taldeetan jokatu zuen; 2017an, azkenean, Athleticek fitxatu zuen eta lau urte eman zituen klub zuri-gorrian: lehenengo biak, Bilbao Athleticen (2017-2019) eta hurrengoak, talde nagusian, Gaizka Garitano derioztarrarekin batera (2019-2020). 

Gutxitan jokatzen zuen eta horregatik Zaragozara joatea erabaki zuen, baina oso urte kaskarra izan zen. "Iaz, Zaragozan gauzak ez ziren uste bezain ondo atera: hara eraman ninduen entrenatzailea laster kaleratu zuten; gutxi jokatu nuen; etxetik kanpo lehendabiziko aldiz; familia urrun zegoen; Zaragozan presio handia dago, taldea kaskar ibili zen... Urte gogorra izan zen". 

Etorkizunari begira, loiuztarra apur­ka-apurka dabil. "Gaur egun he­men nago, Amorebieta taldean, pozik, eta lan egiteko gogoarekin. Urte luzea izatea nahi dut, berton oso eroso sentitzen naizelako: jokalariak lagunak gara, giro aparta dago taldean, eta gainera jokatzen nabil. 

 

Álvaro Peña, Derio: Bielsaren mutila

Alvaro Peña Herrero (1991) ere ibili zen Athleticen gaztetan. Talde zuri-gorrian, Kopako txapelduna izan zen gazte mailan, 2010ean. Urte bi beranduago, debuta egin zuen talde nagusian, Bielsaren eskutik. "Eskerrak ematen dizkiot horregatik. Bielsa erabat desberdina da, entrentzailerik ezohikoena, alegia: dena neurtzen zuen, ariketa oso gogorrak izaten ziren, lehia indibidual askori egiten genien aurre... Ordenagailua zeraman dena gainbegiratzeko eta zerbait txarto egiten bazenuen, ez dakit zelan, baina konturatu egiten zen(kar, kar)", esan du.

Harrezkero, Lugo (2013-2015), Racing (2015-2017), Alcorcon (2017-2019), Al­­­ba­­­cete (2019-2020) eta Mirandes (2020-2021) ibilia da. "Bigarren mailan egonkortasuna lortzea zailagoa da: kon­tratuak laburragoak dira, lehia oso parekatua eta aldakorra da, hau da, edozein igo ala jaitsi daiteke, taldeek jo­kalari gazteen aldeko apustuak egi­ten di­tuzte, gero etekin ekonomikoa ate­ra­tzeko... Ez dakit". Derioztarra oso gustura egon zen Santandarren, bertan Bigarren Mailara igo ez arren. "Oso gogorra izan zen helburua lortu ez izana: hiru aukera izan genituen eta hiruretan egin genuen porrot. Oso tristea izan zen. Dena dela, Santanderren lagunak egin nituen eta oso hiri polita da". Peñak Alcorcon ere azpimarratu du, Madril aldean "mailarik onena" erakutsi baiztuen. 

Derioko mutila aurten heldu da Amorebietara eta oso pozik dabil talde bizkaitarrean. "Hainbat urte eman di­tut kanpoan, futbolean jokatzen, eta etxera etorri nahi nuen. Bestetik, klubak erronka polita proposatu zidan: herriko taldea da eta guztion artean gero eta handiago egin ahal dugu. Horrek hona etortzeko motibazioa eman zidan. Eta horregatik etorri nintzen". Horri esker, Peña herritik gertuago bizi da. "Gaur egun ez naiz Txorierrin bizi, Derion alokatzeko etxerik topatu ez nuelako. Dena dela, astero joaten naiz herrira: okela Imaz harategian erosten dut eta arraina, alboko arraindegian (kar, kar). Txorierriko institutuan ikasi nuen,derioztarra naiz eta harro nago".

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).