James Webb teleskopioa, galaxietara begira

t: Xabier Diaz 2021ko abe. 21a, 09:53

Hitz hauek idazten hasi nintzela, “15 days 18 hrs 44 mins 51 secs” zekarren James Webb espazioko teleskopio berriaren NASAren gunean, hori baitzen abenduaren 22an izango den bere jaurtiketarako momentu hartan falta zen denbora. Bueno, ustez… Izan ere, hasierako agendan Lurra 2007an uztekoa zen, eta harrezkero hitzordua 15 aldiz atzeratu da.

1990ean orbitara bidalitako Hubble teleskopioa itzelezko aurrerapausoa izan zen astronomiarako. Inguratzen gaituen atmosferak islatu eta aldatu egiten du gurera datorren argia, eta hartatik kanpo egoteak informazio gehiago eta garbiagoa eskura edukitzea ahalbidetzen du. Lanean hasi zenetik, Lurretik 600 km-ra biraka dabilen satelite horrek 1,5 millioi behaketa egin ditu eta astronomoek 18.000 txosten baino gehiago argitaratu dituzte. Aspaldian amortizatuta egon arren, emaitza onak ematen jarraitu duenez, bere bizitza luzatuz eta luzatuz joan dira, baina dagoeneko erretiroa hartzeko garaia iritsi zaio eta James Webb izango du ordezko.

Arazo eta zailtasun askori aurre egin eta gero, badirudi oraingoan bere bidaia bai hasiko dela. Esan bezala, Hubble Lurretik “gertu” dago,  600 km-ra, eta horrek balio izan du astronautak hara joateko eta konponketak, mantentze-lanak eta berrikuntzak egiteko (gogoratzen al duzue bere ispilu nagusiaren akatsaren kontua?); horra hor bere arrakastaren eta bizitza-luzapenaren arrazoietako bat.  Kasu honetan, berriz, askoz gehiago urrunduko da, 1.500.000 km-ra hain zuzen ere, Lurra-Eguzki sistemaren L2 Lagrange puntutik urrunago gauza bera egiteko.

Zergatik? Lagrange puntuak puntu egonkorrak dira. Puntu horietan kokatzen denean, teleskopioa Lurraren abiadura berean mugituko da, “kanpora” begira, eta horrela Eguzkiaren zein Ilargiaren eta Lurraren argiek ez dute itsutuko.

James Webb teleskopioak infragorria –argi ikuskorra baino aproposagoa– aztertuko du, oso distantzia handietara dauden gorputzak ikusteko. Bere ispilu nagusia 6,5 m-koa da, Hubbleena baino 6,25 aldiz handiagoa. Hortaz, besteak beste, lehenengo galaxiak ikusteko gai izango da.

Edertasunaz, ezagutzaz, naturaz eta jakinminaz gozatzeko, laster zabalik izango dugun beste begi bat.

 

 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).