Wordle jokoa bertsio hauetan topatu daiteke: euskaraz, ingelesez, katalanez, gaztelaniaz, galizieraz, frantsesez eta galesez. Jolasteko modua oso erraza da. Egunero bost letrako hitz bat asmatu behar da eta sei saiakera daude horretarako. Laukietan edozein hitz idatzi daiteke hasteko: letra berdez agertzen bada, adierazi nahi du bere tokian dagoela; horiz agertuz gero, hizkia dagoela, baina beste leku batean; eta grisez agertzen bada, ez dagoela. Egunero erronka berri bat dago.
Aspaldi honetan modan ipini arren, esan beharra dago jolasa telebistako saio batean dagoela oinarrituta: Lingo. Jolasa 90eko hamarkadan eman zuten telebistan, eta Andaluziako Canal Sur kateak iaz sartu zuen berriro bere programazioan.
Bestalde, Berbaxerka jolasak mekanika antzekoa du. Egunero zazpi letra azaltzen dira zazpi hexagonok osatutako abaraska batean. Erdiko letra nabarmenduta dago, derrigorrezkoa erabili behar delako hitzak osatzeko; ahalik eta hitz gehien topatu behar dira, hizkiak errepikatu daitezkeela. Euskaltzaindiaren hiztegian jasotako hitzak baino ez dira onartzen. Hitza zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta puntu gehiago eskuratzen dira.
Webaren bidez jolasten da, baina mugikorrerako ere egokituta dago. Jolasa Estatu Batuetan sortu zuten eta, katalanezko bertsioa (Paraulogic) agertu ondoren, orain dela gutxi atera dute euskarazko bertsioa. Asturierazko bertsioa ere kaleratu berri da.
Adikzioa sortzeaz gainera, batzuen ustez, Wordle eta Berbaxerka 2022ko fenomeno birala dira. Horrela, bada, jolasak ahoz aho dabiltza gizarte-sareetan eta Interneten, eta gero eta erabiltzaile gehiago animatzen dira jolasetan saiatzera eta topatutako hitzak Twiterren jakinaraztea.