Parte hartzaileen hizkuntza-portaerei eragin die Euskaraldiak

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 4a, 09:19

2020an Euskaraldia egin zen bigarren aldiz eta haren ikerketaren emaitzak atzo aurkeztu zituzten Bingen Zupiriak Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarren Harremanetako kontseilariak, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak eta Lide Rekondo eta Unai Oiartzun Siadeco ikerketa-elkarteko teknikariek. Nabarmendu zutenez, lehen ediziotik bertatik oso argi izan dute ekimena ariketa sozial berritzailea dela, eta horregatik garrantzia berezia eman zaio orain arte egin diren bi edizioen eragina ikertzeari.

Hiru ikerketa-ildo egon dira. Lehenengoan, Euskal Herrian Euskaraldian izena eman dutenei buruzko azterketa egin da, norbanakoena eta entitateena. Horretarako, Euskaraldiko datu-baseetatik abiatuta, parte-hartzaileen azterketa egin da. Bigarren ikerketa-ildoan parte-hartzaileen, norbanakoen zein entitateen, jardunari eta jardun horren eraginari buruzko azterketa egin da, horretarako teknika kuantitatiboak zein kualitatiboak erabiliz. Norbanakoen kasuan, 2.800 inkesta, 45 elkarrizketa eta 11 eztabaida-talde egin dira Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroan; entitateen kasuan, aldiz, 600 inkesta, 45 elkarrizketa eta 6 eztabaida-talde egin dira. Hirugarren ikerketa-ildoan, batzordeen eta prozesuen azterketa egin da: inkesta 350 batzordetara bidali da, 225 informazio-unitate lortu dira (batzordeen ia % 90 ordezkatzen duten unitateak) eta 25 batzorderekin elkarrizketa sakonagoak egin dira.

Datu eta joera ugari agerrarazi ditu Siadecok egindako ikerketa-lanean. Euskaraldiaren bigarren edizioan 178.184 belarriprestek eta ahobizik eman zuten izena; 2018an baino gutxiago izan dira (%  20,9). Izen-emate jaitsiera horretan COVID-19 pandemiak izandako eragina nabarmendu dute. Hala ere, bost parte-hartzailetik batek lehen aldiz eman du izena ariketan; belarripresten artean, lehen aldiz izena eman dutenak gehiago izan dira.

Ikerketak ariketaren inguruko joera asko azaleratu ditu. Erakutsi du, besteak beste, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta altuagoa dela ahobizien kopurua; gune erdaldunagoetan, aldiz, altuagoa da belarripresten kopurua. Eta lehen edizioan gertatu zen bezala, ahobiziak nabarmen gehiago izan ziren belarriprestak baino. 2020an emakumezkoak izan ziren parte-hartzaileen bi heren, eta adin-tarteen arabera, 30-44 urte artekoena nagusitu zen.

Erabilera handitzea

Siadecoko kideek azpimarratu zutenez, parte-hartzaile gehienek euskararen erabilera handitzea izan dute helburu, eta belarripresten artean pisu handiagoa du euskaraz egiteko aukera berriak bilatzeak. Ahobizi eta belarriprest rolaren hautaketa, ordea, hizkuntza-gaitasunarekin lotzen da oraindik, baina hizkuntza-jokabidearen aldeko hautua ageriagoa da belarriprest rola hautatu dutenen artean.

Kaleko eremuan eman da aurrerapausorik handiena eta egonkorrena, nahiz eta bi rolentzat bertan izan den zailena rolen konpromisoak betetzea. Dena den, lehen pausoa ematea lortu da, eta tinkoago eutsi zaio.

Ariguneak

Ariketa 2020an egin zen lehen aldiz entitateetan, eta horrek ariguneetan ariketa modu kolektiboan egiteko aukera eman zien herritarrei. Hori horrela, 8.309 egoitzak eman zuten izena 2020ko edizioan eta 24.363 arigune sortu ziren Euskal Herri osoan.

Ikerketak azaleratu duenez, kanpo-arigunea sortzea errazagoa iruditu zaie entitateetako kideei; eta barne-ariguneak lanketa sakonagoa behar izan du. Horri lotuta, gune euskaldunetan barne-arigunearen ariketa errazago egin dute; kanpo-arigunearena, aldiz, gune erdaldunetan.

Euskararen aldeko konpromisoa adierazteak pisu handia izan du entitateetan ariguneak sortzeko arrazoien artean, erabilera handitzeak baino gehiago. Eraginik handiena ariguneetako kideen artean antzeman da, baita erabilera-mailarik handiena ere, baina gainerako harremanetan ere islatu da: ariguneetatik kanpoko entitateko kideekin zein entitatekoak ez direnekin.

Aktibazioaren urtea

Amonarrizen hitzetan, “partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa bizipenei oso lotuta dago, norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei oso lotuta. Aurrerantzean Euskaraldiak aurrerapauso eta lorpenetan horietan jarriko du arreta; orain arte egin du, baina aurrerantzean askoz gehiago”. Aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo da Euskaraldia, eta Amonarrizek azpimarratu du ariketa soziala ikusgarriago egin beharra, aktibazioaren urtea izango dela esanez. Horretarako, alde batetik, kalea berreskuratu beharra aipatu du eta, beste aldetik, identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko lan egingo dela, horrek ariketan eragin positiboa duelako”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).