Hamid Ben Daoud I Espainiako errekorra du maratoian

“Ez diot nire buruari mugarik jartzen”

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 4a, 10:23

Estatuko maratoian errekorduna Lezaman bizi da, Athleticen egoitzan. 14 urte zituela, Hamid Ben Daoud marokiarrak erabaki zuen bizimodua etxetik kanpo atera behar zuela eta Euskal Herrira heldu zen. Ibilbide gorabeheratsua izan du eta gaur egun atletismoaren izar gaztea da. Bere ametsa dominaren bat Joko Olinpikoetan irabaztea da.

Zelan hasi zinen kirola egiten?

Txikitan, Marokon, futbolean jokatzen nuen eskolako taldean. Korrika egiten nuen bakarrik ardien eta gameluen atzetik (kar- kar). Hona etorri nintzenean, jarraitu nuen futbolean jokatzen eta Zabaloetxeko entrenatzaile batek, Hassan Redadek, atletismoa egiteko proposamena egin zidan. Lehenengo lasterketa Iurretan egin nuen 2017an. Kadete mailakoa nintzen, baina nagusiekin egin genuen korrika. Gogoratzen dut futbol-janzkera neramala (kar, kar). Lasterketa erritmo bizian hasi nuen eta jendeak uste zuen laster egingo nuela leher, baina mailari eutsi nion eta lasterketa irabazi egin nuen. 

Eta handik aurrera, korrika egiten jarraitu zenuen...

Bai, hasiera batean, tarte txikiko las­terketak, 100 metrokoak-eta. Baina apurka-apurka tar­tea handitu nuen: krossak, 800 metrokoak, 3.000, 5.000, 10.000... Txikitatik gauza berriak proba­tzea gustatu zait. Eta horixe egin dut lasterketekin. 2017an apendizea kentzeko ebakuntza egin zidaten eta, ia entrenatu barik, maratoi erdia korrika egitera joan nintzen Santanderrera. Mar­ka ederra egin nuen eta erabaki nuen erresistentzia-lasterketetan lehian sartzea.

Bost urte pasatu dira Santanderreko lasterketa horretatik. Bolada honetan bilakaera ederra izan duzu...     

Bai, urterik urte hobetu dut marka: 2017an, 2:12ko marka egin nuen Valentzian; 2018an, 2:10koa, Valentzian; 2019an, 2:08koa, Pragan; eta 2020an, 2:07koa Sevillan eta Valentzian. Azkenean, 2021eko abenduan, Valentzian, 2:06:35eko marka egin nuen eta Ayad Lamdassem atletak zuen maratoian Espainiako errekorra berdindu nuen. Tokioko Joko Olinpikoetarako gutxieneko marka ere lortu nuen, baina azkenean ez nintzen hara joan.  

"Tokioko Joku Olinpikoetarako gutxieneko marka lortu nuen, baina azkenean ez nintzen hara joan”

Zer esangura du zuretzat Estatuko markarik onena berdindu izanak?

Oso pozik nago. Urte batzuk eman ditut helburuaren atzetik eta azkenean lortu egin dut. 2019an, Pragako maratoian, lehenengo kilometroetan oso marka ona atera nuen, baina azkenean ezin izan nion erritmoari eutsi eta izan izan nuen errekorra lortu. 2020an ere saiatu nintzen Valentzian, baina haize-minarekin ibili nintzen eta bertan ere ezin izan nuen helburua lortu. Beraz, 2021ean errekorra gainditu nahi nuen eta zorionez, lortu egin nuen. Lasterketa Valentzian izan zen eta, nahiz eta baldintzak (haize gehiegi zegoen) oso onak ez izan, lortu nuen xedea.

Irakurrita daukat helburua zapatetan idatzi omen zenuela...

Bai, (kar-kar). RE (Record de España) hizkiak idatzi nituen zapatetan nire burua motibatzeko. Lasterketaren aurkezpenean, kazetariek horren inguruan galdetu zidaten eta nik ez nuen errekorrarena aipatu nahi izan; beraz, txantxetan esan nien neska-lagunaren izenaren hasierako hizkiak zirela. Guztiek egin zuten barre eta, lasterketa bukatu zenean, egia jakin zuten. Anekdota bat baino ez da. Hizkiak ez dira garrantzitsuak; entrenamenduak, ordea, funtsezkoak dira. Eta nik oso gogor entrenatzen dut helburuak lortzeko.

"Entrenamenduak funtsezkoak dira. Eta nik oso gogor entrenatzen dut helburuak lortzeko”

Zer idatziko duzu orain zure zapatetan? Zeintzuk dira zure helburuak datozen hilabeteotan?

MO, Medalla de Oro, idatzi beharko dut (kar-kar). Ez dakit, ez dakit zer egingo dugun. Aurten hainbat txapelketa ditugu: Europakoa (abuztuan), Mundukoa (uztailean)... Oraindik ez dakit zer egingo dugun. Erabakia ez dago bakarrik nire esku; entrenatzaileak eta hautatzaileek ere badute zer esan.

Zer lortzea gustatuko litzaizuke? Zein da zure ametsa?

Ez diot nire buruari mugarik jartzen. Gero eta hobeto egin nahi dut: gero eta marka hobeak, gero eta errendimendu altuagoa... Pertsona moduan eta atleta moduan hazi nahi dut, gogor entrenatu, gorputza heltzen denera arte. Argi dago Joko Olinpikoak garrantzitsuak direla eta domina lortzea edozein atletaren ametsa dela. Hurrengo Jokoak 2024an egingo dira Parisen eta zergatik ez dut bertan dominaren bat irabaziko? Maratoian edozein gauza gerta daiteke. Lasterketa oso azkarra bada, agian ez dut aukera handirik izango, baina geldoagoa bada, zergatik ez? Baikorra naiz.

"Gero eta hobeto egin nahi dut: pertsona moduan eta atleta moduan hazi nahi dut, gorputza heltzen denera arte”

"Zergatik ez dut Pariseko Joko Olinpikoetan  dominaren bat irabaziko? Maratoian edozein gauza gerta daiteke"

Afrikarrak askotan nagusitzen zarete maratoietan eta tarte handiko lasterketetan. Zergatik zarete hain onak erresistentzia handiko lasterketan?

Nire ustez, beharra da gakoa. Maratoia oso gogorra da, hainbat kilometro egin behar ditugulako. Hortaz, benetako beharrik ez baduzu, zergatik emango dituzu orduak eta orduak kilometroak eta kilometroak korrika egiten? Horretarako, burua zein gorputza entrenatu behar dira, eta saioak oso gogorrak dira, luze-luzeak. Sufritzeko eta zama handia aguantatzeko gaitasun ikaragarria izan behar duzu. Basamortuko gameluek bezala (kar-kar). Behar izanez gero, gizakiok edozein gauza egiteko gai gara.

"Afrikarrok onak gara erresistentzia handiko lasterketetan beharra dugulako, sufritzeko gaitasuna dugulako”

Bukatzeko, zerbait gehiago esan nahi duzu?

Bai, mezu integratzaile bat zabaldu nahi dut. Batetik, bidaiderik gabeko adingabeei hau esan nahiko nieke: pertsona zintzoa izan behar duzu, ikasi, integratu eta errespetatu. Bestetik, hemen bizi den jendeari hau adierazi nahi diot: kanpotik etortzen garen guztiok ez gara berdinak: batzuk lapurrak dira, baina beste batzuk, ez. Beraz, edozein pertsona epaitu baino lehen, hura ezagutu behar da.

 

Amaiera alaia duen pelikula

Hamid Ben Daoud (Maroko, 1996) gaztea izan arren, bere bizitza pelikula bat egiteko modukoa da. Bere esanetan, haurtzaroa Marokon ez zen batere "erraza" izan. "Familiak ez zuen baliabide handirik, ezta nire ikasketak ordaintzeko ere. Beraz, udan iparraldera joaten nintzen, Na­dor hirira, lan egitera. Eta hor hasi zen Bilbora etortzeko plana". Nador Melillatik gertu dago eta bertako gaz­teak askotan saiatzen dira Espainian sartzen. Lagun batzuek erakutsi zioten Hamidi zelan egin, nolako trikimailuak erabili... Normalean autobusen azpian izkutatzen dira; bestela, igeri egiten dute itsasontzi batean sartzeko. 

Hamid erremolke baten azpian sar­tuta bidaiatu zen Marokotik Algecirasera, 2010ean. Eta handik, autobusez, Bilbora. "Argi nuen Bilbora etorriko nintzela, he­men euskal erakundeek etorkinei erraz­tasunak ematen zizkiela entzunda nuelako". Hona baldintza negargarrietan hel­du zen: diru barik, gaztelania jakin barik eta adingabetua izanda. "Gogorra izan zen, jakina, baina aurrera jarraitu behar duzu, ez dago atzerapausorik. Hizkuntza ikasi behar da, gogor egin behar da lan bizimodua ateratzeko. Bizitzak oztopoak jartzen dizkizu eta horiek gainditu behar dira, arrakasta lortzeko. Eta oztopoei esker ikasi behar da, arazoek indartsuago egiten dizute".

Hona etorri bezain pronto, poliziara joan zen eta prozesua martxan jarri zen: bidaiderik gabeko adingabeentzako egoitza sartu zuten Zornotzan. Beran­duago, jokabide ona izan zuenez, Loiuko Zabaloetxeko zentrora joan zen. "Oso ondo tratatu ninduten bertan: kideak oso jatorrak izan ziren, baita zuzendaria ere. Horrek izugarri lagundu digu, aita izango balitz moduan maite dugu".

Handik etxebizitza batera sartu zu­ten, Leioan, Bizkaiko Foru Aldundiko babespean, beste gazte batzuekin. Eta han arazoak izan zituenean, Hassan Redad Zabaloetxeko entrenatzaileak hartu zuen bere etxean, Derion. Gero, Basque Team erakundean sartu zen   –goi-mailako kirolariei bekak ematen dizkiena–, eta horiek Faduran duten egoitza bizi izan zen. Hori berritzen dabiltza eta beste kirolari batzuekin batera, Hamid eta entrenatzailea Lezaman dute ostatu, Athleticen egoitzan, alegia. Urtebete emango du bertan.

Familia

Gaur egun, harremanetan dago Marokoko familiarekin. "2020an, anaia nagusia patera batean hiltzeko zorian egon zen, eta gaur egun Bartzelonan bizi da. Besteak Marokon bizi dira. Hona ekarri nahi ditut, fa­milia niregandik gertu ibiltzeak ener­gia ematen didalako". Hamidena ki­ro­laren bidezko gizarteratzeari buruzko istorio ederra da. Eta nork bere beldurrak eta mugak zelan gainditu ere islatzen du. Momentuz, bere pelikulak amaiera alaia dauka.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).