Kandelak eta ukenduak egiten ikasiko dute berbalagunek

Aikor aldizkaria 2022ko ots. 7a, 07:35

Gabonetako oporralditxoaren ostean, euskaraz bizitzen jarraitzeko gogotsu etorri dira berbalagunak. Urtarrilean, esaterako, Lezamako trenbide zaharraren bideari jarraituta joan ziren Olatik Bilboraino, eta, bestalde, kandelak eta ukenduak egiten ikasteko saioa antolatu dute otsailerako. Gainera, zabalik dago egitasmoan parte hartzeko izena ematea, berbalagunen sarean ehuntzen jarraitzeko.

Kandelak eta ukenduak egiten ikasteko saioa otsailaren 20an egingo dute. “Naturan ere erantzuna dugu askotan eta betidanik hainbat landare erabili dira gaitzak osatzeko. Landare horiek onak ziren lehen eta onak izaten jarraitzen dute; beraz, pentsatzen dugu aproposa dela haiei buruz zerbait gehiago jakitea eta zentzu horretan apur bat autosufizienteagoak izatea, kimika beti ez erabiltzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Ikastaroa Baserri Antzokiko txokoan egingo da, 09:30ean, eta Cristina Goirizelaiak gidatuko du. Goirizelaia Fruizeko baserritarra da eta ondo baino hobeto ezagutzen ditu inguruko belarrak. Era berean, eskarmentu handia du ukendu eta kandela naturalak egiten. Horiek nola egin irakatsiko die ikastaroan parte hartzen dutenei. “Nahiko erraza eta polita da kandelak egitea. Kandelak edo argizariak Euskal Herrian egin ohi izan diren moduan egingo ditugu: argizari naturala erabilita, usaintsuak, parafinarik gabekoak. Gainera, bakarrik ura eta olioa erabilita kandela bat nola egin ere irakatsiko diet. Hori jakitea oso onuragarria da etxean bat-batean argindarra eten eginez gero”.    

Goirizelaiaren ustez, oso interesgarria da autozainketan eta gure osasunaren autogestioan pausoak eginez joatea. “Horregatik, eta neguan gaudela kontuan hartuta, ukendu batzuk nola egin ikusiko dugu, adibidez, ezpainetarako, izan ere, ohikoa da hotza dela-eta ezpainetan zauritxoak eta erroitzak izatea. Neguan ere ohikoa da hotzeria edo gripea harrapatzea eta lurrunak nola egin ikasiko dugu, oso lagungarriak direlako mukiak-eta kentzeko. Sudurraz ahazten gara normalean, baina oso inportantea da hura jarraitasunez garbitzea, batez ere neguan. Sudurra gutxienez astean hirutan-edo garbitu beharko genuke, bakoitzaren aukeren arabera”.

Goirizelaiaren ustez, oso interesgarria da osasunaren autogestioan pausoak eginez joatea

Teoria eta praktika

Sudurraz ez ezik oinekin ere ahazten gara normalean. “Oinek tratamendu berezia behar dute, gorputzaren pisu osoa jasaten dutelako. Beraz, gomendagarria da astean behin edo birritan ukendua erabilita hankak eta oinak igurztea. Horretarako aproposa den ukendua egiten ikasiko dugu ilena eta epaibelarra erabilita. Ukendu hori hanturen kontrakoa da, odol-zirkulaziorako ona, eta aproposa egun osoa zutunik eman badugu. Ukenduak egiteko, olioak ere erabiltzen ditut; eta olioak egiteko, udan batutako belarrak. Beharbada, ahal dela, uda aldera beste ikastarotxo bat egitea proposatu liteke, belarrak batzera joan, eta olioak egiten ikasi”.  

Esandako ukendua kolpeetarako ere onuragarria da, erreduretarako eta esku sikutasuna tratatzeko ere bai. “Ezpainetarako ukendua osagai berberak erabilita egiten da, baina hauek ere gehitzen dira: kakao-koipea eta karite-koipea, oso hidratatzaileak direlako; izpiliku-olioa, zauritxoak eta arraildurak orbaintzen laguntzen duelako; eta menda, lasaigarria delako”.

Baserritarrak esan duenez, produktuak egiteko behar den prozesua eta denbora kontuan hartuta, kandelak egingo dituzte ikastaroan bertan, eta ukenduei buruzko azalpen teorikoa emango du, eta prozesuaren azken pausoa erakutsi, gero, nahi izanez gero, nork bere etxean egiteko. “Gainera, denborarik badago, eztula arintzeko xarabea nola egiten den azaltzea ere pentsatuta dut. Oso erraza da egiten, plantaina eta azukrea erabilita”.

Ikastaroaren beste helburu bat da, jakina, euskara lantzea eta euskaraz bizitzea. “Euskara biziko da, euskal kultura bizi bada. Ukenduak, kandelak… nola egin ere euskal kulturaren parte dira, eta jakinduria. Beraz, oso aproposa da haiek baliatuta euskara lantzea”.    

“Euskara biziko da, euskal kultura bizi bada. Ukenduak, kandelak… nola egin euskal kulturaren parte dira”

Egitasmoa

Berbalaguna euskaraz bizitzeko eta euskara erabiltzeko aukera paregabea da. Parte-hartzaileak astero ordu batean-edo batzen dira mintzapraktika egiteko, eta era berean, ekimenak euskaraz egiteko guneak eta uneak sortzen dira. Adibidez, hainbat ikastaro eta kulturari lotutako jarduerak egiten dira ikasturtean zehar eta mendi-taldea sortu da. Taldekideek Bizkaiko Bira egin dute eta orain itsas aldean ipini dute arreta, Bizkaiko bazter zoragarriez gozatzen segitzeko.

Berbalagun-taldeak osatzen dituzte euskaraz aritzeko ohitura eta trebetasuna lortu nahi dutenek eta euskara egunero erabiltzen dutenek. Helburuak dira euskaraz hitz egitearen beldurrari aurre egitea, ahaztutakoa gogoratzea, euskara-maila hobetzea edo, besterik ez, euskaraz bizitzea.

Informazio gehiago: txorierri.berbalaguna@gmail.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).