Txorierriko Itaia

“Ezinbestekoa da emakume langileak subjektu politikoa bilakatzea”

a: Txorierriko Itaia 2022ko mar. 2a, 08:28

Emakume sozialisten sarea da Itaia eta duela urte bi sortu zen Euskal Herriko eragile moduan. Aurtengo ikasturtean antolakunde politikoa izateko saltoa egin du, eta taldeak sortu dira hamaika eskualdetan, baita Txorierrin ere.

“Egun, miseria ekonomikoak eta kulturalak definitzen dute emakume langileen egoera; beraz, gure egoera gaindituko duen proposamena garatzeko, gaitasun politikoak eskuratu behar ditugu, eta taldea zentzu horretan sortu genuen Txorierrin”, azaldu digute Kattalin Barcenak eta Mider Bidaurrazagak. Horiek Txorierriko Itaiaren partaideak dira eskualdeko zenbait herritako neskekin batera. “Ezinbestekoa da emakume langileak subjektu politikoa bilakatzea, emakumerik gabe ez baitago iraultza sozial posiblerik. Gure ustez, emakume langileak iraultzara lerratzea boteretze-prozesu erreala da”.

Txorierriko Itaia sortu, eta Emakume Langileon Eskola deituriko dinamika ipini zuten martxan. “Gaitasun teorikoak eta politikoak lantzeko gunea da, gure zapalkuntzaren auzia aztertu eta hari aurre egiteko tresnak sortzera begira”. Horren harira, formakuntza-saioak eta eztabaidarako saioak antolatu dituzte. Azaroak 25 zela eta, esaterako, hausnartu zuten “indarkeria matxista gaur egungo gizarte kapitalistan hartzen ari den forma berrien inguruan” eta horri aurre egiteko proposamen kritikoak ere landu zituzten. 

Barcenaren eta Bidaurrazagaren esanetan, emakume langileen egoerak okerrera egiten du egunez egun, eta pandemiak areagotutako krisi kapitalistaren testuinguruan nabarmena da bizi-baldintzak kaskartuz doazela. “Alde batetik, agerian da lan-baldintzek txarrera egiten dutela: kaleratzeak, soldatak jaistea, lan-zama handitzea, lan partzialak, behin-behineko lanak…; eta bestetik, Estatuak zein administrazio publikoek gero eta zerbitzu gutxiago bermatzen dituzte eta, hortaz, zaintza-lanen karga emakume langileongan areagotu egiten da”.

“Pandemiak areagotutako krisi kapitalistaren testuinguruan nabarmena da bizi-baldintzak kaskartuz doazela”

Komunikabideen eta gizarte-sareen erantzukizuna ere azpimarratu dute. “Emakumeon hipersexualizazioa eta indarkeria matxista normalizatzen dute, eta garapen teknologikoak indarkeria-mota berriak ekarri ditu: sare sozialen bidezko erasoak, jazarpenak, kontrol soziala areagotzea…”. Era berean, adierazi dutenez, “jendartea gero eta feministagoa dela dirudien arren, emakume langileon bizi-baldintzek txarrera jotzen dute eta instituzioek sarritan feminismoa erabiltzen dute euren burua zuritzeko, gure zapalkuntza gainditzeko proposamen errealik egin gabe”.  

“Instituzioek sarritan feminismoa erabiltzen dute euren burua zuritzeko”

Eztabaidarako guneak

Azaldu diguten moduan, Txorierriko Itaiaren eginkizuna da sozialismoa eraikitzea. “Hau da, zapalkuntzak inolako funtziorik ez duen gizarte bat eraikitzea, eta, halaber, gizarte kapitalista oso-osorik gainditzeko gaitasuna izango duen proiektu politiko bat garatzea eta haren parte izatea. Horri lotuta, eta gaurdanik hasita, deitzen dugu zapalkuntzei aurre egiteko eta gaitasunak handitzeko antolatzera eta hainbat borroka piztera”. Helburuari heltzeko, formakuntza-saioak eta eztabaidarako guneak antolatzeko asmoa dute, “gure gaitasun teorikoak eta politikoak garatzeko zein elkar ezagutzeko eta antolakuntzara batzeko”.   

Horrela, martxoaren 5ean, 17:00etan, emakumeen sexualizazioaren areagotzeari buruzko solasaldia egingo dute Hori Bai gaztetxean. Ondoren, kopaua eta Sua taldearen kontzertua izango dira. Azkenik, Itaiak martxoaren 8rako egindako mobilizazio-deiarekin bat egingo dute. “Bilbon, 18:30ean, Indautxu plazatik aterako den manifestazioan parte hartzeko deia egiten dugu”.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).