EHUk bi txorierritar omenduko ditu Martxoaren 8aren atarian

Argazkiak: Egoi Markaida. Komunikazio Bulegoa. UPV/EHU; ezkerretik eskuinera: Mertxe Larrañaga, Bego Vicario, Lucía Gallego, Marta Macho Stadler, Arantzazu Burgos eta Deñe Larrabeiti. 2022ko mar. 4a, 14:31

Campusa Euskal Herriko Unibertsitatearen aldizkarian jaso dutenez, astelehenean, martxoak 7, eta Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, UPV/EHUk ekitaldi instituzionala egingo du, eta bertan zenbait lankide omenduko ditu “emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde duten konpromisoagatik eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko egiten duten etengabeko lanagatik”. Emakume horien artean, bi txorierritar daude: Bego Vicario Calvo larrabetzuarra eta Deñe Larrabeiti Mendikute zamudioztarra.    

Larrabeiti da Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonalaren (AZP) langilea eta Eraldaketa Digitaleko eta Komunikazioko Errektoreordetzaren idazkaria. Campusa aldizkarian adierazi duen moduan, UPV/EHUn duela 28 urte hasi zen, Bilboko Ingeniaritza Eskolako idazkaritzan. “Garai hartan “Escuela de Ingenieros de Bilbao deitzen zen; beraz, gaztelaniaz, gizonak bakarrik barne hartzen zituen”, kontatu du esandako argitalpenean. Era berean, aipatu du garai hartan AZP beste modu batean zegoela antolatuta. “Funtzionarioen artean eskolazainak eta administrari laguntzaileak zeuden nagusiki. Oro har, lehenengoak gizonezkoak ziren, eta bigarrenak, emakumezkoak”.  

Campusa aldizkarian azaldu duenez, duela 15-20 urte arte ez zen erdi-mailako eta goi-mailako titulazioko plazarik gehitu, ezta administrari laguntzaileen plazarik ireki ere, “ordura arte emakume askok egin zuten lana nolabait aitortzeko. Lan horiek beren eskumenaren eta erantzukizunaren oso gainetik zeuden, baina erdi-mailako edo goi mailako kategoria horietan langilerik ez zegoelako egin behar ziren. Ez ziren ez aitortuak ez ordainduak, baina horiei esker kudeatzen zen unibertsitatea”. Larrabeiti Campuseko Berdintasun Batzordeko kidea eta mugimendu feministako kidea ere bada. Bere esanetan, AZPko langileak asko profesionalizatu dira eta UPV/EHUko buruzagitza- eta ardura-lanpostu askotan emakumeak daude.

Bestalde, Vicario Eskultura eta Arte eta Teknologia Saileko irakaslea da Arte Ederren Fakultatean. Campusa argitalpenari esan dionez, bera txikia zenean erabat maskulinizatuta zegoen Euskal Herriko animaziozko zinema. “90eko urteetatik aurrera aldaketa izugarria ikusi dugu sektorearen feminizazioari dagokionez, eta nahiz eta oraindik ezin dugun esan aldaketa erabatekoa edo behin betikoa dela ez ‘egile’ film laburrean, ez industrian, animaziozko zinemaren panoraman emakumeak protagonista dituzten filmografia interesgarri batzuk agertu dira”.

Emakumeak zinematografiaren munduan bizi duen egoera ikertzen dabil larrabetzuarra. Bere ustez, beharrezkoa da hurrengo belaunaldietako neskei ikus-entzunezko lanbideetan trabatzeko aukera ematen jarraitzea. “Bereziki, soinuarekin, argiztapenarekin edota efektu bereziekin zerikusia duten lanbideetan, oraindik ere mutilak baitira nagusi. Ekoizpen, zuzendaritza eta, batez ere, gidoi ikasketetan, hala ere, feminizazio nabarmena hauteman daiteke. Lantaldeetan zenbat eta parekotasun handiagoa izan, orduan eta emakume gehiago animatuko dira unibertsitate eremuko proiektuetatik harago ere ekoiztera eta zuzentzera”, azaldu du UPV/EHUko aldizkarian.  

Vicario eta Larrabeitiz gainera, beste emakume hauek ere omenduko ditu UPV/EHUk: Arantzazu Burgos Fernández, Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko irakaslea (Bilboko Ingeniaritza Eskola); Lucía Gallego Andrés, Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslea (Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea); Marta Macho Stadler, Matematika Saileko irakaslea (Zientzia eta Teknologia Fakultatea); Mertxe Larrañaga Sarriegi, Ekonomia Aplikatua Saileko irakaslea (Ekonomia eta Enpresa Fakultatea); eta iaz zendu zen Lucía Martínez Odriozola, Kazetaritza Saileko irakaslea izan zena.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).