Martxoaren 8ko historia tragikoa

t: Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatea 2022ko mar. 8a, 11:39

Martxoaren 8a, Emakumearen Nazioarteko Eguna, munduko herrialde askotan ospatzen den eguna. Egun horretan kontinente guztietako emakumeek bat egiten dute, berdintasunaren alde borrokatzeko, sarritan muga nazionalek eta ezberdintasun etnikoek, linguistikoek, kulturalek, ekonomikoek eta politikoek bereizten dituzten arren.

Zergatik  martxoaren 8a?

Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzeko beharra XIX. mendearen amaieran sortu zen, Industria Iraultzaren ondoren. Garai historikoa izan zen hori; ekonomia eta lan egiteko modua aldatu zen, emakume asko esplotatzen zituzten eta legeak ez zituen babesten.

Hori dela eta, 1857ko martxoaren 8an, New Yorkeko ehungintzan lan egiten zuten emakumeek greba egin zuten, lan-baldintza duinak eta soldata justuagoak eskatzeko. Hala ere, poliziak isilarazi eta zapaldu egin zituen. Hori izan zen, datozen urteetan izan ziren hainbat mugimendu sindikal eta sozialen abiapuntua.

51 urte geroago, 1908ko martxoaren 8an, 15.000 emakumek New Yorkeko kaleak hartu zituzten soldata igoera, lanordu gutxiago, botoa emateko eskubidea eta haurren lana debekatzeko eskatuz. Horretarako, “ogia eta arrosak” eslogana erabili zuten, ogiak segurtasun ekonomikoa adierazten zuelako eta arrosek bizi-kalitate hobea.

1909ko otsailaren 28an, Estatu Batuetan, lehenengo aldiz ospatu zen Emakumearen Egun Nazionala.

1910ean, Kopenhagen, mundu mailako konferentzia bat egin zuten. Topaketa horretan 17 herrialdek baino gehiagok parte hartu zuten eta bultzatzaileetako bat Clara Zetkin izan zen.

1911ko martxoaren 19an, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zen lehenengo aldiz, Europan eta Estatu Batuetan. Baina, martxoaren 25ean, borroka feminista betiko markatuko zuen gertaera tragiko bat gertatu zen. 123 emakume langile hil ziren New Yorken,  alkandorak egiteko fabrika batean, su hartu zuenean. Enpresako jabeek eraikineko ateak itxita mantentzea erabaki zuten, langileak barruan utzita sutetik ihes egin ezinik.

1917an Errusian monarkia erori zenean, emakume asko greban zeuden bizi-baldintza hobeak eskatzeko. Hori dela eta, uneko gobernuak, martxoaren 8an, emakumezkoei botoa emateko aukera eman zien.

Bigarren Mundu Gerra eta gero, herrialde asko batu ziren Emakumearen Eguna ospatzera, nahiz eta Nazio Batuek 1975ean ospatu lehen aldiz.  Ordutik ona, martxoaren 8ak beste dimentsio bat hartu du azken urteetan herrialde garatuetan. Izan ere, emakumeen eta gizonezkoen berdintasunaz gain, gizarte eredu parekide baten aldarrikapena egiten da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).