Kalitateko osasun-sistema publikoaren aldeko agerraldia egin dute Urdulizeko ospitalearen aurrean

Aikor aldizkaria 2022ko mar. 23a, 09:23

Atzo, martxoak 22, zenbait plataformatako kideak batu ziren Urdulizeko ospitalearen aurrean, kalitateko osasun-sistema publikoa aldarrikatzeko eta OSI Uribeko zuzendaritzari –ospitale horretan baitago– azken hilabeteotan jasotako 1.230 erreklamazio-orriak emateko. Txorierriko osasun publikoaren aldeko taldea izan zen plataforma horien artean; gainerakoak hauek izan ziren: Leioan Bizi Plataforma, Algortako Osasun Publikoa Aurrera herri-plataforma, Erandioko herri-plataforma eta Izartu (Mungia).  

Azaldu zutenez, pandemiak eta bere kudeaketak agerian utzi dituzte osasun-sistema publikoaren gabeziak, hala nola aurrez aurreko kontsultarik ez egotea, lehen arretaren baliabiderik eza eta langileen baldintza ezegonkorrak. “Lehen mailako arreta kolapsatu zenean, pandemiari eta profesionalen faltari bota zieten errua, baina Eusko Jaurlaritzak urte luzez hartutako politiken ondorioa izan da: pribatizazioa, zerbitzuak kanporatzea, sistema publikoko langileen lan-baldintzen prekarizazioa, murrizketak…”, esan zuten.  

Plataformek eskatu zuten herritar guztiei kalitateko osasun-zerbitzu publikoa bermatzeko. “Erreklamazio-orrietan batutako neurriak betetzeaz gainera, ezinbestekoa da osasun-sistema publikoa, doakoa eta kalitatekoa bermatzen duten neurriak bultzatzea. Sistema horrek ikerkuntzan eta prebentzioan oinarritu behar du, osasuna modu integralean ulertu, eta pertsona guztion ongizatea erdigunean ipini”. Nabarmendu zutenez, ez dute inongo aitzakiarik onartuko, osasun-sisteman egiten den inbertsio eskasa justifikatzeko. “Banketxeak erreskatatzeko dirua egon zen, eta orain, zoritxarrez, gastu militarra handitzeko gaitasuna dagoela agerian uzten dabiltza. Hortaz, zerbitzu publikoak indartzeko dirua egon badago. Borondate politikoaren kontua da”.

Plataformen iritziz, premiazkoa da beste osasun-sistema bat eraikitzea. “Sistema horrek ezin ditu langileak prekarizatu eta herritarron parte-hartzea ahalbidetu behar du, guztion beharrizanei benetako erantzuna emateko. Era berean, bermatu behar du lurralde osoan arreta euskaraz emango dela. Sistema horrek doakoa, unibertsala eta kalitatekoa izan behar du”. Plataformek herritarrei dei egin die osasun-sistema publikoaren eta kalitatekoaren alde mobilizatzen jarraitu dezaten.          

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).