Lejarragak puntutara galdu zuen Metcalfen kontra

Aikor aldizkaria 2022ko mai. 23a, 11:51

Kerman Lejarraga boxeolari morgarrak porrot egin zuen zapatuan, maiatzak 21, James Metcalf britainiarraren kontra. Borroka Bilbon egin zen, Miribillan, 4.000 zaletuen aurrean, eta lehian zegoen superwelter kategoriako WBA (Munduko Boxeo Elkartea) Europako titulua. Errebolberrak puntuetara galdu zuen, epaile guztiek aho batez hori erabaki zutelako (97-94, 96-95, 96-94). Agian zilegiena borroka baliorik gabe uztea izango zatekeen. Porrotaren ondorioz, zailago izango du munduko txapelketa jokatzea. 

Borroka orekatua izan zen. Borrokalari biak oso antzekoak dira: erasotzaileak, ausartak, oldarkorrak. Gainera, primeran ezagutzen dute elkar. Borroka hasi baino lehen, Kermanek adierazi zuen askotan entrenamenduak elkarrekin egin dituztela eta ingelesa arerio gogorra izango zela. Zuzen ibili zen morgarra. Kolpe bortitzak eman zizkioten elkarri, baina biek zutik eutsi zieten. Azkenean, aldea gutxigatik izan arren, britainiarra nagusitu zen.

Lejarraga munduko laugarren postuan zebilen eta sasoian heldu zen borrokara: 34 garaipen (horietako 26, KOz) eta bakarrik porrot bi. Estatu Batuetan ibili zen entrenatzen: batetik, Metcalfen kontrako borroka prestatzeko; bestetik, munduko txapelketa jokatzeko aukera izateko. Adituen arabera, Errebolberrak ez du britainiarren kontra borrokatu behar izan: Lejarragak irabaziz gero, onura gutxi lortuko zukeen, Metcalfek sailkapen okerragoa duelako; eta galduz gero, askoz urrunago izango lukeen munduko txapelketa. 

“Ez dugu erotu behar: boxeoa da, batzuetan irabazten duzu eta batzuetan, galdu. Aurrera egin behar da, ez dago besterik. Ez dut uste porrota atzerapausoa denik. Jarraituko dut lanean nire taldearekin”, esan zuen boxeolari morgarrak borroka bukatu ostean.