Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). 2016ko ikerketarekin konparatuta, kopuru bera da. 1989tik 2021era bitartean, ordea, kale-erabilera 1,8 puntu hazi da. Lurraldeka, Gipuzkoan hitz egiten da gehien (% 31); Bizkaian, % 9; eta Araban, Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian, % 5-6. Iparraldean euskararen erabilerak beherantz jarraitzen du. Era berean, Donostia da euskaldun gehien batzen duen hiriburua (% 15,3); gainerakoetan, % 2,5etik % 4ra bitartean. Gasteizen eta Bilbon euskara, gaztelania eta frantsesa ez diren beste hizkuntzen kaleko erabilera azpimarratu dute, % 4-5ekoa baita.
Azken bost urteotan, kale-erabilerak behera egin du eremu euskaldunetan, herritarren % 75-100 euskararen ezagutza dutenean. Gainerako eremuetan, aldiz, erabilerak gora egin du 1993tik. Sexuari erreparatuz, neska gazteek gehiago egiten dute euskaraz mutilek baino; hala ere, andre nagusiek gutxiago egiten dute gizonezkoek baino.
Guztira, zortzi aldiz argitaratu da txostena, bost urterik behin; azken bost txostenak Soziolinguistika Klusterrak egin ditu. Gaur aurkeztutakoa ikerketa 2021eko irailean eta urrian egin zen euskararen lurralde osoko kaleetan 600.000 pertsona baino gehiago eta 200.000 elkarrizketa baino gehiago behatuz. Ikerketa ezinbesteko erreferentzia da euskararen egoera deskribatzeko eta, horren haritik, hizkuntza-politikak eta lan-ildoak zehazteko.