Prekario izatea ez da bakarrik 1.200 eurora heltzen ez den soldata edukitzea. Prekario izatea da, esaterako, hurrengo egunean lanera joan beharko duzun ez jakitea, bizitza osoa behin-behineko langile moduan daramazulako; lanean zaudela egunero-egunero zure bizitza arriskuan jartzea, bai segurtasun neurririk gabe lan egin behar duzulako, bai substantzia toxikoak manipulatu behar dituzulako; edo lanaldi partzialak edukitzea.
Eta, zoritxarrez, prekaritateak batez ere emakume, gazte edo etorkin aurpegia dauka. Lehen aipatutako langile prekarioen kopurutik 311.000 dira emakumeak.
Gobernu eta administrazioek daukate arazo estruktural honi aurre egiteko erantzukizuna, baina konponbideak bilatu eta eman beharrean, aipatutako egoerak ezkutuan gordetzen saiatzen dira, existitzen ez direla esanez, haietako zenbait egoera normaltzat hartuz edo, behintzat, gizartean normalizatzen saiatuz.
Daukagun errealitatea hori izanda, gure artean antolatuta, langileoi dagozkigu ahalik eta gehien negoziatzea, prekaritatea deuseztatuko luketen neurriak ezartzea, soldata arrakala ezabatzea, Kontsumoko prezioen Indizea (KPI) gutxieneko soldata-igoera moduan bermatzea eta administrazio publikoan zein enpresa pribatuetan behin-behinekotasunak behera egitea, besteak beste.
Eta lotsagarria badirudi ere, esan beharra dago langile guztion eskubidea dela lanetik bizirik bueltatzea eta lanean gaudela, eta lanaren ondorioz, ez gaixotzea. 2022. urteko lehenengo lau hilabeteetan 23 langile hil dira Hego Euskal Herrian lan-istripuen ondorioz; azkena izan da obra batean lanean bost hilabete zeramatzan 35 urteko gazte bat.
Aipatutako egoera guzti horiek onartezinak dira, eta ezin ditugu normaltzat hartu. Hurrengo hau argi dago: negoziazio kolektiboa da langileok prekaritateari aurre egiteko daukagun tresnarik baliagarriena, gutxinaka-gutxinaka gure eskubideak berreskuratuz, gure bizitza eta lana duindu ahal izateko.