Emakume Abertzale Batza Txorierrin

t: BegoƱa Bilbao Bilbao, Karmele Perez Urraza eta Gurutze Ezkurdia (UPV/EHUko irakasle-ikerlariak) 2022ko eka. 1a, 10:04

1936ko guda aurrean, Polixene Trabudua Sondikakoa eta Jasone (Asun) Askolizaga Zamudioztarra mitinlari abertzale ezagunak izan ziren. Polixene maistra zen Sondikako ikastolan, Carmen Mendiguren ere ibilia zen leku berean. Polixenek eta Carmenek -biak ere Emakume Abertzale Batzako kideak-, Bilboko Maistren Eskolan burutu zituzten ikasketak.

Euzko Gaztedik antolatu zituen hitzaldietan, Martin O’Daly-k Irlandako independentziaren gainean egin zuen berba, Cumann nan Ban taldean antolatuta zeuden emakumeek irlandar prozesuan lortu zuten ekarpena aipatuz. Eredua gogoan harturik, maiatzaren 7an Emakume Abertzale Batza gauzatu zuten. Harrezkero, ehun urte joan dira.

EABren zabalkundea 1932an heldu zen Txorierrira, Lezamako EABren lokalak 1932ko uztailaren 10ean inauguratu baitziren, Mercedes Llodio buru zela. Ostera, Sondikako eta Derioko emakumeen lokalak 1932ko irailean zabaldu ziren. Derioko taldeak Bienvenida Berreteaga zuen buru eta Asuncion Askolizaga idazkari. Sondikako EABko buru Miren Lopategik taldekide zituen Meltxora Agirre, Lucia Madariaga, Rosa eta Dionisia Abarrategi, Nati Landa eta Maritxu Gaztañaga, besteak beste.

Carmen Mendiguren idazkari izan zenak azaltzen duenez, Zamudioko taldea 1933ko otsailaren 12an osatu zen. EABko buru Tori Agirregoitia Barbera izan zen. Loiukoan Garbiñe Ibarrondo; Erandio Goikoan Isabel Barrenetxea eta Julia Agirre ziren emakumeen taldearen arduradunak; Larrabetzun, aldiz, Bitori Loroño.

EABren helburuetariko bat euskal umeen hezkuntza zenez, Euzko-Ikastola-Batzak ardura hori bere gain harturik, Bilboko Belostikalen eta Gran Vian ikastolak ireki zituen, eta Sondikakoa abian jarri zuen 1932an. Polixene 19 urteko zela hasi zen mitinlari Lauaxetagaz batera. Kontatzen duenez, Lauaxeta izan zen –Euzko Gaztedin euskarazko klaseak ematen ibili zenean-, propagandista edo mitinlari izateko animatu zuena. Dakigunez, maistra titulua lortu berritan Sondikako andereño izendatu zutelarik, mitinlari ere hasi zen. Berak honelaxe egiten digu berba: “Nire bizitzako aldi horretan idealista hutsa izan nintzen”. Kontatzen du eskolan egonik etorri zirela atxilotzen, eta berak eskatu ziela etxera eramateko arropak hartzera. Bertan, beroki urdina jantzi zuela, eta Euzkadiko ezkutua zuen txapela: “hori zen propagandisten uniformea!". Indautxuko komisariara eraman zutenean aurkitu zuen Haydee Agirre. Biak kamioneta batean sartu eta Larrinagako kartzelara sartu zituzten. Ondorioz, 15 egun bete zituzten barruan. Atxilotzeko arrazoia Haydeek eman zuen: “Gure nazionalitate bakarra zein den esateagatik eta gure bandera ikurrina dela baieztatzeagatik”.

Mitinetan erakutsi zuen suak eta garrak ospetsu bihurtu zuten Polixene.

Idatzi ere egin zuen Jagi-Jagi aldizkarian, 1932tik 1936ko martxora arte. Gerrak Iparraldera, Bretainiara, Parisera eta Venezuelara eraman zuen Polixene. Grazi handiz kontatu zuen zelan hegazkinez egin zuten bidaia, zelan fraka beltzak eta jaka gorriztina jantzi zituen, hartan ere, arropa modernoak sasoirako, eta nola aitak, berarekin batera eurek agurtzera etorri zen osaba ikaratuta ikustean esan zion: “badakizu, uraren gainetik ordu askotan joango direnez, prakakaz hobeto dago, uger egiteko…”.

Carmen Mendiguren Zamudioko Palazioan jaioa ere maistra zen, Polixenerekin Bilboko Eskola Normalean ibilia. Bere biografia Zamudioko udalaren webean aurki daiteke. EABko kidea izateak eta gerrako umeakaz joateak ondorio latzak izan zituen beraren bizimoduan, maistratzarako eskubidea kendu egin zioten-eta. Azkenean, 1961ean maistra postua eskuratu zuen berriro, Errigoitiko Olabarrin lan egiteko. Zamudioko eskolara itzuli zen eta 1980an jubilatu zen.

Gorazarre

Mendebalde Kultura Alkartearen eskutik 2002an jaso zuen omenaldian, Xabier Amurizak gorazarre egin zien Carmeni eta Maistra talde ezagunei, “Euskerearentzat eta gure eskolearentzat, frankismoa ez da historiaren orri inprimatu bat, narruan daroagun marka bat baino, eta nondik zehar gatozen edo goazen gogoratzeko. Mendebalde Kultura Alkarteak aurten lau irakasle andrazko omendu gura izan ditu, gazte-gazteak zirala, gerratik eta hondamenetik bizirik urten ebenak”. Carmen Mendiguren 2010ean zendu zen.

Asun Askolizaga Zarate Derioko kanposantuaren Mungiako bideko horma kontran zegoen Almazene etxean jaio zen, 1913ko maiatzaren 1ean. Leku hori Zamudio zen sasoi hartan. Asun Emeteria Gangoiti maistragaz ibili zen Derioko auzo eskolara, Aldekonen Bizkaiko Aldundiak 1921ean inauguratu zuenera. Emeteria Gangoitik, konturatuta Asunek maistra izateko dohaina zeukala, beraren aitagana joan eta neskatoa Bilbora bidaltzeko eskatu zion, maistra eskolara. Ezetza jaso zuenez, maistra beragaz ibili zen laguntzaile. Bestalde,1932-33an mitinlari jardun zuen EABko kide zelarik. Giroaz jabetzeko, esan beharrekoa da emakumeek botoa lehenengoz eman zutela; 1933a gorabeheratsua gertatu zela, hain zuzen ere,  gobernadoreak Bilboko EABren egoitza ixteaz gainera, mitin asko galarazi zituelako. Asun Askolizagak gauzatu beharrekoak ere bertan behera geratu ziren. Horien artean, Derion eta Diman izan behar zituenak edo Zamudion eta Gernikan. Dena den, gerora ere mitinlari jarraitu zuen.

Pedro Aburto Rola derioztarragaz ezkonduta hiru seme-alaba izan zituen, Arantxa, Xabier eta Lourdes. Gerratean etxea erre eta Zamudioko Iturria baserrira joan ziren. Arantxa hilebete batzuetakoa zela amarekin izan zen kartzelan, ze Asun 1938an Orue txaleta deitzen zen kartzelara eraman zuten. Oruen emakumeen aurkako zigor errepresio bereizia egin zuten, oso egoera eskasean bizi baitziren 600 emakume, 30entzako zen lekuan. Luzaroan egon ez bazen ere, ehun pezetako isuna ordaindu behar izan zuen epaitegi militarrean. Orueko espetxean beragaz batera egon zen Kasilde Aginagak –hori ere EABkoa-, zera dio: eurak “emakume, nazionalista, propagandista, banderadun, arriskutsu eta indeseable” izateagatik zigortu zituztela.

Eskertzekoa da Emakume Abertzale Batzako andrazkoen konpromisoa Aberriaren alde, zabalik dugu eurek irekitako bidea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).