Ekonomia aro berria. Txorierri eta haratago

Testua: Jose Luis Barrenetxea. Iturriak: Eustat, Gaindegia eta Eurostat 2022ko eka. 16a, 12:09

2019-2022 urteak eta geroko norabidea. Barne-produktu gordinaren (BPGd) igoera jarraitua izan zen 2013tik 2019ra bitartean; Euskal Herriko BPGdak 2,2ko hazkunde-tasa izan zuen 2019an, eta tasa negatibo hauek 2020an: -% 9,5 Nafarroan, -% 8,3 EAEn, -% 11 Espainian, -% 8,3 Frantzian eta -% 6,8 Europar Batasunean.

  1. eta 2022. urteetarako, % 4 eta % 7 bitarteko tasa positiboak aurreikusten ziren eta, hortaz, bazitekeen 2022ko bukaeran pandemia aurreko BPGdaren mailara heltzea. Hala ere, Ukrainako gerrak Europar Batasunean azaleratu dituen gabezia ekonomikoak eta prezioen goranzko joera ikusita, BPGdaren aurreikuspen eskasak okertuko ote diren beldurra dago. Kontuan hartu behar da, zeharkako eragina izan arren, BPGdak ez duela tokiko egoiliarren aberastasuna adierazten, tokiko establezimendu eta enpresetako ekoizpenaren balioa baizik. Errenta da tokiko pertsonen edo familien aberastasuna adierazten duena.

BPGda eta inbertsioak. BPGdaren balioak lotura zuzena du inbertsio-mailarekin. Enpresek Kapital Eraketa Gordinaren, inbertsioen, beharra dute eta herrialde guztiek ahaleginak egiten dituzte sarrera horiek berenganatzeko. Esandako kapitala toki batera edo bestera bideratzea zenbait baldintzaren menpe dago: tokiko lurren balioa, kokapen geografikoa, lehengaien eskuragarritasuna, kalitateko industria-osagarriak egotea, azpiegituren egoera, enpresen lehiakortasuna, klima soziala eta zergen sistemak muskinetan duen eragina. Euskal Herriak kapital horien saldo negatiboa du. Handiagoak dira atzerrira joaten diren euskal kapitalak atzerritik Euskal Herrira etortzen direnak baino.

Orokorrean, inbertsioak onuragarritzat jotzen dira, baina fondo pribatuenak eta atzerrikoak direnean, arriskutsuak ere izan daitezke. Izan ere, enpresetako erabaki-guneak deserriratuz, ekoizpen-zentroak deslokalizatuz eta enpresak zatituz saldu egin daitezke, lanpostuen iraupena zalantzan jarrita.

Txorierriko zenbait enpresa, punta-puntakoak eta esportazioari lotutakoak, inbertsio arrotzen zurrunbiloan daude. Salerosketa finantzarioek enpresen jabego-kuota aldatzen dute, eta ekonomia-ehuna merkatu globaleko errentagarritasun finantzarioen esanetara gelditzen da. Grafiko gorrian agertzen dira Bizkaiko eskualdeen biztanleko BPGdak.  

Txorierri, Euskal Herria eta Europako herrialdeak. Makroekonomiako kontabilitatea kudeatzeko hainbat metodo tartean, arlo honetarako aztertu diren iturrietan aldeak daude eta zifretan ematen dira. 2018. urterako atera diren datuen harira, Europa-27ko BPGd altuena Luxenburgok du: biztanleko 80.900 euro; Euskal Herria (34.300 euro) Finlandiaren parean dago, 9.-10. postuan. Zifrak Erosteko Ahalmen Parekatuaren (EAP) araberakoak dira, eta herrialde bakoitzeko prezio-mailara egokituak. Gaindegiak aitortzen duenez, Ipar Euskal Herrikoak ez daude ez Frantziako INSEEren estatistiketan –Akitania Berria aintzat hartzen dutelako–, ez Baionako Ganbararen bilketetan; horregatik, kalkulu propioa egin beharra dago. Txorierrik biztanleko 161.386 euroko BPGda du eta Luxenburgo aurretik egongo litzateke, baina hain zifra altua izatearen arrazoia da Txorierrin biztanle gutxi daudela, eta ez bere ahalmen ekonomiko absolutua. Grafiko berdean herrialde batzuen BPGda biztanleko azaltzen da, eta bakoitzaren pisu ekonomikoa.      

Laugarren iraultza ekonomikoak erdigunean pertsonak jarri behar ditu. Enpresetarako indarguneak diren alderdi ekonomiko batzuk ahulgune bihurtu daitezke pertsonentzat, industria digitalak eskulana gutxitzea ekarri dezakeelako. Horren harira, gogora ekarri dezakegu XIX. mendearen hasieran ludismo mugimenduko langileek aldarrikapen moduan fabriketako makinak hondatzen zituztela. Batzuen esanetan, teknologiak gaur asmatuta ez dauden lanpostu berri asko sortuko ditu, makinetatik kanpoko zerbitzu asko eskatuko direlako. Hala ere, bitartean, pantailek, robotek, datu eta prozedura informatikoek eta Gauzen Internetek ekartzen dituzten abantailak pertsonen onerako bideratu beharko lirateke, eta ez bakarrik korporazio-mozkin onurarako. Helburu korporatiboak pertsonen lan-baldintza duinetara egokitzeko, enpresen arduradunei eskatu behar zaie Erantzukizun Sozial Korporatiboaren filosofian hauek sartzeko: lan-baldintzen kalitatea, soldaten harmonizazioa, lan-osasuna, familia-kontziliazioa eta ingurumena.

Aro ekonomiko berria. 2008ko krisiak, 2020ko pandemiak eta 2022ko Ukrainako gerrak uzkurdura bizian jarri dute Europa osoa. Atzerriko gasaren eta petrolioaren beharra duten Europar Batasuneko herrialdeek mendekotasun energetiko gordina dute: % 61eko menpekotasuna Europa Batuan, % 74koa Espainian eta % 90koa Euskal Herrian. Horrezaz gain, badaude euskal ekonomian ahulezia eta mehatxua erakusten duten beste alderdi batzuk: lehengaien falta, nekazaritza sektorearen pisu txikia, industria elektrointentsiboak ekoizpenaren balioaren % 50 izatea, hornigai-kateak atzerritik etortzea, manufakturaren indargaltze erlatiboa, sektore publikoaren presentzia ahula eta eskumen politikoen defizita. Panorama ezkor honen aurrean, badira indarra eta aukera erakusten duten beste alderdi baikor batzuk: elkarkidetzarako ahalmena -kluster sektorialak eta kooperatiben mugimendua-, kokapen geografiko ona Atlantikoko ardatzean, azpiegituren sare egokia, errenta altua, tradizio industriala, irekitasun komertziala, berrikuntza eta zerbitzu teknologiko aurreratuen aldeko apustua, hezkuntza-sistema hedatua, unibertsitate sare aberatsa eta herria eraikitzeko kontzientzia kolektiboa. Erronka berriak eta abagune kritikoak aurkezten dituen aro berri honetan, ahuleziak gainditzea eta indarrak gorpuztea izango da subjektu politiko eta sozio-ekonomikoen ardura premiazkoena. Grafiko laranjan Europar Batasuneko zenbait herrialderen energia-menpekotasuna adierazten du.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).