Kanpainak euskara azpimarratzea du helburu, gure hizkuntzak udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen baitu. Mahai-gainekoez gainera, UEMAk hainbat baliabide eskainiko ditu: udalen webguneetarako eta sare sozialetarako bannerrak eta testuak, sentsibilizazio bideoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste.
“Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea giltzarria da”, esan du UEMAk bere webgunean. Helburu hori betetzeko, online saioak prestatu dituzte udaren atarian UEMAk eta udalek. Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. “Askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.