Suhiltzaileek gomendioak zabaldu dituzte, San Joan sua arriskurik gabe disfrutatzeko

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 23a, 10:38

Gaur, ekainak 23, San Joan gaua ospatuko da, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuak informazio-kanpaina ipini du abian, sua dela-eta gerta daitezkeen gorabeherak prebenitzeko. Horrela, bada, kartelak banatu dituzte udalerrietan eta haietan gomendioak eta segurtasun-arauak jaso dituzte, hurrengo egoera hauetan kontuan hartzekoak direnak: sua prestatu baino lehen, sua piztuta dagoen bitartean eta erredurarik izanez gero. Gainera, suhiltzaileak udalekin ipini dira harremanetan, suak kokatu ahal izateko eta sua piztuko duten pertsonei eta erakundeei informazioa helarazteko.

Aholkuen artean daude sua nola eta non piztu behar den, zein material-mota erre daitekeen eta zein ez, eta prebentzio-neurriak. Horren harira, suhiltzaileen aholkua da sua egiten den gunea garbi egotea eta bertan material erregairik ez egotea: belarrak, sastrakak, paperak, ehunak… Era berean, sua eraikinetatik, linea elektrikotik eta bestelako instalazioetatik urrun pizteko aholkua eman dute, baita zuhaitz asko dauden tokietatik urrun ere. “Garrantzitsua da sua zaintzeko arduradunak egotea, sua piztuko dela udalari jakinaraztea eta sua pizteko baimena izatea”, azpimarratu du Asier Lujak, Bizkaiko Foru Aldundiaren Prebentzio, Suhiltzaile eta Salbamendu Zerbitzuko inspektoreordeak. “Gainera, haize-bolada handirik izanez gero, hobe da sua ez piztea”. Suhiltzaileek eskatu dute hauek ez erretzeko: lehergaiak, likido suharberak, eztanda egin edo kea edo gas toxikoa isuri dezaketen materialak, ezta ke handia sortu dezaketenak ere. “Ezinbestekoa da heldu batek sua ikuskatzea, bai sutara botatzen diren materialak kontrolatzeko, bai segurtasun-distantziari eusten zaiola bermatzeko”.

Gogora ekarri dutenez, suarekin kontu handiz ibili behar da, arriskutsua izan daiteke eta. Azala erretzen bada, ura bota behar da; eta ez eman ez ukendurik, ez desinfektatzailerik. Erredura sakonik edo handirik izanez gero, 112 telefono-zenbakira –SOS Deiak– deitu behar da, eta zauritua osasun-etxera eraman. Erre den azal-gunea agerian utzi behar da, edo serum fisiologikoan bustitako gasa esteril batez estalita.   

Azkenik, ospakizuna amaituta, ezinbestekoa da sua ondo itzali dela ziurtatzea. Horretarako bota daiteke ura, lurra edo harea. Izan ere, azaldu duten moduan, San Joan gauean izan ohi diren arazo nagusietako bat da sua behar moduan ez itzaltzea.  

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).