Olatz Altunak, kale neurketaren zuzendariak, emaitza osagarri batzuk aurkeztu zituen, eta eskualdekako kale erabileraren datuen berri eman zuen; herriz herriko datuak udazkenean ezagutaraziko zituzten, eta orduan ezagutuko ditugu Txorierriko emaitzak. Bestalde, hirigintzaren ikuspegia eraman zuten jardunaldira Koldo Telleriak, Oihana Santolariak eta Irati Otamendik. Gizarte aldaketek eta politikek hirien osaeran duten eragina azaldu zuten, eta hiri-espazioen konfigurazioak praktika sozialetan duen eragina. Euren hipotesia da hirigintza-ereduak azken 30 urteetan izan dituen aldaketek kaleko hizkuntza erabilerarekin lotura dutela.
Era berean, Ane Ortegak mundu mailan hizkuntzen desagerpena bultzatzen duten joerak zerrendatu zituen, globalizazioa eta neoliberalismoa nabarmenduz. Itxaropenerako zumeak badaudela ere adierazi zuen: mugimendu indigenistak, hizkuntza-aniztasunaren aldeko indarrak eta biodibertsitatearekin loturak, besteak beste. Julen Landak azken hamarkadetako bilakaera demografikoa deskribatu zuen. Biztanleriaren zahartzea eta migrazio saldo positiboak eragindako hazkundea dira deigarrienak. Gainera, prospekzioa eginda, hurrengo urteetan joera horiek areagotuko direla adierazi zuen. Iñaki Iurrebaso soziologoak euskarazko hizkuntza gaitasunaren erradiografia eskaini zuen, eta euskaraz mintzatzeko gaztelaniaz baino gaitasun altuagoa duen populazioaren proportzioari erreparatuta, kaleetan behatutako euskararen erabilera maila altua dela baieztatu zuen.
Beste aldetik, parte-hartzaileek kaleko erabilerari lotutako datuak interpretatzeko ariketa kolektiboa egin zuten, eta hauek landu: hiriguneetako errealitate soziolinguistikoa, euskararen arnasguneak eta gazteen zein heldu-gazteen kaleko erabileraren arteko aldea.
Euskararen erabilerarako baldintzen eta aurrera begirako erronken maila mikroko begirada landu zen mahai-inguru batean. Eneko Gorrik Ipar Euskal Herriko ikuspegia ekarri zuen. Komunikazio sistema oso baten beharra, pandemiaren eragina, hiriguneen papera eta gazteen euskaltzaletasuna eta aktibazioa izan zituen hizpide, besteak beste. Maialen Iñarrak, berriz, babesgune kontzeptuan ardaztu zuen bere ekarpena. Euskaraz mintzatu ahal izateko gune seguru eta erosoak sortzeari berebiziko garrantzia eman zion.
Bigarren mahai-inguruan, erabilerarako baldintza sozial orokorrak eta erronkak landu ziren. Kike Amonarrizek hiztun komunitate gisa bizi dugun egoeraren ikuspegia eman, eta baldintza zailetan eta kontrako indarren artean kaleko erabilera mailak bere horretan eustea nabarmendu zuen. Halaber, hurrengo urte eta hamarkadatan, euskaltzaleak denetariko molde eta eratan antolatzeko eta eratzeko beharra seinalatu zuen: euskara elkarteetan, kultur taldeetan…