Hitzaren sasoia

Aikor aldizkaria 2022ko eka. 29a, 10:51

“Hitzez ekiteko garaia” lelopean, Euskaraldiaren hirugarren edizioa egingo da azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean. Aurtengo edizioaren helburu nagusitakoak izango dira kaleak berriro betetzea eta ariguneak areagotzea. Herrietako batzordeak dagoeneko hasi dira lanean, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazagoa izan dadin, eta irailaren 29an epea zabalduko da belarriprestek eta ahobiziek izena eman dezaten.

Aurtengo Euskaraldiaren dinamika orokorra aurreko bi edizioen berbera izango da: roletan oinarrituko da –belarriprest eta ahobizi– eta garrantzi handia emango zaie ariguneei. Nolanahi ere, helburu nagusietako bat izango da kaleak berriro hartzea. “Euskaraldiaren lehenengo edizioa ilusio handiz hartu zuten herritarrek eta parte-hartze handia egon zen. Jendearen pertzepzioa eta izandako oihartzuna oso onak izan zirela kontuan hartuta, horretara itzuli nahi da eta kalean giro hori berriro sortu”, azaldu digu Aitziber Argiarro Sangronizek, Euskaraldiaren Txorierriko dinamizatzaileak. “Izan ere, bigarren edizioan ez genuen halako girorik eduki eta eragina izan zuen bai Euskaraldiaren inguruko pertzepzioan, bai parte-hartzean. Horregatik kaleak berriro hartu nahi dira eta Euskaraldia ariketa polita izatea eta bertan guztiok parte hartzaile bilakatzea”. 

“Kaleak berriro hartu nahi dira eta Euskaraldia ariketa polita izatea eta bertan guztiok parte hartzaile bilakatzea”

Herrian herriko batzordeak aktibatzea da lehen pausua. “Batzordeek garrantzi handia izango dute, herriaren ezaugarriak eta baliabideak zeintzuk diren inork baino hobeto ezagutzen dutelako. Inportantea da batzorde sendoak eta ahalik eta heterogeneoenak osatzea. Idealena hau litzateke: euskararen inguruan dabiltzanez gainera, euskararen sustapenarekin zerikusirik ez duten beste elkarte batzuetako kideek ere batzordeetan parte-hartzea. Euren partaidetza ezinbestekoa da, alde batetik, Euskaraldiaren osotasuna erakusteko, eta bestetik, egitasmoa zabalagoa izateko eta jende gehiagorengana ailegatu dadin”. Batzorde batzuk dagoeneko hasi dira lanean. “Bilera egin da aurtengo nobedadeen berri emateko eta batzordearen unean uneko nolakotasuna aztertzeko: zenbat jende dagoen, partaide gehiagorik behar den…”.  

“Inportantea da batzorde sendoak eta ahalik eta heterogeneoenak osatzea, egitasmoa zabalagoa izateko eta jende gehiagorengana ailegatzeko”

Bigarren pausua da entitateetara jotzea. “Xedea da aurreko edizioetan parte-hartu zutenak berriz erakartzea eta arigune moduan izena eman zutenek aurten ere izena eman dezatela. Ariguneak aurreko edizioan sortu ziren lehen aldiz eta kontuan hartu behar da zein egoeratan izan ginen. Esan moduan, pandemiak eragina izan zuen parte hartzean eta enpresak beste zeregin batzuetara begira zeuden; hau da, pandemiari nola aurre egin. Nire ustez, egoera hori gainditzen hasita gaude eta aukera gehiago daude entitateek egitasmoarekin bat egin eta ariguneak sortzeko”.

KORRIKAk utzitako energia soziala baliatu nahi du Euskaraldiak. “Euskararen aldeko lasterketak ekarritako ilusio-olatuak kutsatu du jendea eta gogotsu daude dinamika positibo batean KORRIKAtik Euskaraldira jauzia egiteko. Baina ekintza biak bereizten dituztenak ere badaude. KORRIKA oso sasoi polita eta berezia da eta ilusioz betetzen ditu herritarrak eta herriak; Euskaraldiak, bestalde, konpromisoa eskatzen du eta lana ekartzen die batzordeei: norbanakoak lortzea, entitateetara jotzea, izen-ematea egiten laguntzen…”. Aurrerago Euskaraldiari lotutako ekintza handia egingo da Txorierrin; hala ere, batzorde bakoitzak erabakiko du zein ibilbide hartzen duen. “Kontuan hartu behar da batzordeak aktibatu berri direla eta, gainera, uda datorrela; azken horrek herri batzuetan eragin handiagoa izango du beste herri batzuetan baino. Hortaz, batzordeek eurek erabakiko dute zerbait antolatzea merezi duen ala ez. Dena dela, ondo legoke alarma pizteko eta jendeak jakin dezan Euskaraldia nonbaitetik etorriko dela”.  

 

Gazte batzordea

Euskaraldiaren aurtengo nobedadeetako bat da Txorierriko gazte batzordea osatuko dela. “Ardura berezia izan da gazteak nola erakarri Euskaraldiaren parte aktiboa izan daitezen. Herri batzuetako batzordeen bataz besteko adina nahiko altua da eta, beraz, urrun gelditzen da gazteengandik eta euren nahietatik. Hori dela eta, pentsatu dugu Txorierrin gazte batzordea sortzea. Edonola ere, herriren batek ikusiko balu euren gazte batzordea sortzeko baliabiderik eta gaitasunik badutela, bada, ederto”.

Gazte batzordea bakarrik gazteek osatuko dute eta haien ardura izango da herrietako batzordeena, baina Txorierrin eta gazteei zuzenduta. “Orokorrean antolatzen diren ekintzak oso onak izaten dira, baina batzordeetan gazterik egon ezean, zaila da gazteak ekintza horietara erakartzea, haiek behar dutelako eurek erabaki, egin, sortu… Gune hori sortu nahiko genuke gazteentzat eta udan ipiniko dugu martxan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).