Herbarioa

Milorria

t: Txiribita 2022ko eka. 30a, 08:31

Achillea millefolium. Bizialdi luzeko belarra da. Hirurogei zentimetroraino hazten da, eguzki betean, eta egunean itzalpean egon daiteke zenbait ordutan. Erraz ugaltzen da sustraien eta hezien bidez. Landa zabaletan topatu dezakegu, eta hostoak eta loreak jaso. Hostoak landarea osorik loratu denean hartu behar dira.

Sukaldean

Usain bizia du, oso berezia. Hostoak jan egin daitezke, eta barazkiak balira moduan prestatu, edo zopa egin. Era berean, gurina usaingozatzeko erabili daitezke.  

Milorri-ardoa: Ardo gozo litro batean 10 g lore beratuko dugu bi astean. Iragaziko dugu eta otorduak baino lehen hartuko dugu gosegarri moduan.

Ezaugarri sendagarriak:

Infusioa har daiteke hurrengoak arintzeko eta hobetzeko: gaitz ginekologikoak eta hilekoaren kolikoak, urduritasuna (egunean hiru aldiz), digestioa, digestio-kolikoak eta urdaileko hanturak. Jateko gogoa pizteko ere baliagarria da, eta gripeak jota bagaude, hurrengo errezeta hau prestatu dezakegu: ur katilu batean koilarakada bat intsusa-hosto ipiniko dugu, milorri adaxka bat eta menda adaxka bat; 10 minutuan izango dugu jalkitzen eta, ondoren, limoi baten ura eta koilarakadatxo bat ezti gehituko dugu; infusioa egunean sei aldiz hartu dezakegu. Bestalde, zauriak orbaintzeko ere baliagarria da.

Infusioa egiteko: katilukada ur bakoitzeko 2-3 koilarakada milorriaren hostoak eta loreak ipiniko ditugu (txikituta). Infusioa egunean hiru aldiz hartuko dugu: bata goizean, baraurik gaudela, eta besteak, bazkaldu eta afaldu ostean.

Erabilera kosmetikoak

Ukendua erabili daiteke odoljarioak gelditzeko, odoluzkietarako eta zauriak, ultzerak eta ekzemak tratatzeko. Orbaintzailea eta emolientea ere bada.

Ortuan

Onura handiak ekartzen dizkio ortuari, lurreko nutrienteak, gehienbat potasioa, azkartzen ditu eta. Ondorioz, areagotu egiten dira alboko landareen usaina eta esentzia-olioak, bereziki usain-landareenak. Era berean, uxatu egiten ditu intsektuak.   

Ez erratu

Milorria, zizare-belar limoiusaina eta mandaperrexila nahasi daitezke.

Kontraindikazioak

Ez dute hartu behar haurdun daudenek edo titia ematen dabiltzanek, ezta odola ez gatzatzeko botikak hartzen dituztenek ere. Era berean, ez da gomendagarria presio arterialerako eta buruko gaixotasunerako botikak hartzen dituztenentzat.

Belarrak eta landareak batzeko aholkuak

Orokorrean: hartu ondo ezagutzen duzuna; hartu neurriz eta soilik lekuan asko badaude; ez eraman dena, utzi beti zerbait; hartu bakarrik erabiliko duzun landarearen zatia; ez atera sustraitik, moztu ondo hazten jarrai dezaten; ez moztu loreen % 20 baino gehiago, zuhaitzak edo zuhaixkak badira; hartu bakarrik erabiliko duzuna, geroago itzuli zaitezke, edo beste leku batzuetara joan; ez jaso gune babestuetan edo parke naturaletan.

Non: larreetan eta autorik pasatzen ez den bide-ertzetan; goldatu gabeko basoetan; toxikorik erabiltzen ez den ortuetan eta lorategietan; INOIZ EZ areketan, fumigatutako landetan eta ibaiertz kutsatuetan.

Noiz: goizean, ihintza sikatu ondoren; hartu hostoak erabiliko ditugun egunean berean; hartu loreak goizean eta sustraiak arratsaldean; landareak gorde edo sikatzeko, hobe da ilbehera denean jasotzea.

Materialak: eskularruak, artaziak, paperezko oihalezko poltsa, zumezko saskiak…

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).