Gizonak sentsibilizatzean oinarrituko da jaietan izaten diren sexu-erasoen aurkako foru kanpaina

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 7a, 14:44

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat aurkeztu du gaur, jai-giroan izaten diren sexu-erasoen aurka. Kanpaina batez ere gizon gazteei dago zuzenduta, “Zergatik dira emakumeak beldurra pasatzen dutenak etxera bakarrik itzultzean?”, lelopean. Kanpainaren bideoak uda osoan zehar zabalduko dira sare sozialetatik eta herrietako jaietan materiala banatuko da. Bideoen protagonistetako bat Maren Bidaurrazaga aktore sondikoztarra da. Iaz, 224 emakume izan ziren Bizkaian sexu-askatasunaren aurkako delituen biktima.

Kanpainaren hartzaileak gazteak dira, batik bat, gizonak. Foru Aldundiak esan duenez, “bereziki jai-aisiaren uneetan banako eta taldeko jokabideari buruzko hausnarketa egin behar dute”. Horregatik, irudian gizon gazteen talde bat dago. Kanpaina berritzailea da, baina ez da lehenengoa: pandemia hasi baino lehen jaietan izaten diren sexu-erasoen aurkako kanpaina garatu zen, eta Ana Urrutia kazetariak lagundu zuen.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak San Mames futbol-zelaiaren ondoan dagoen zabalgunean aurkeztu du kanpaina. Izan ere, asteburu honetan bertatik aterako dira autobusak BBK Live jaialdira. "Uda iritsi da eta gure kezka areagotu da. Emakumeen eskubide- eta askatasun-arlo askotan atzera egiten ari garelakoan nago. Emakumeok jairako, pozik egoteko, dantzatzeko, solasean jarduteko, barre egiteko, gozatzeko eskubidea dugu. Gustuko dugunarekin, baita gauean ere, partekatzeko eskubidea dugu, beldurrik gabe, seguru eta berdintasun-baldintzetan”, esan du Laespadak.

 

Datuak

Ildo horri eutsiz, Laespadak jaietan emakumeenganako eraso-gertaerak errepikatzen ari direla adierazi du: esate baterako, azken asteetan, Ortuellan, Sopelan eta Sestaon. Diputatuak sexu-askatasunaren aurkako delituei buruzko zenbait datu eman ditu. Biktimen kopuruak gorantz egin zuen 2016tik 2019ra bitartean: 2016an, 122 emakume; eta 2019an, 233. Erasoak batez ere asteburuetan gertatzen dira: 2015. eta 2021. urteen bitartean, Bizkaian erregistratutako sexu-askatasunaren aurkako delituen % 56,3 barikuetan, zapatuetan edo domeketan gertatu ziren. Biktimen adina ere aipatu da: % 38,3 adingabeak izan dira; eta % 73,6, 30 urte baino gazteagoak.