Brigada feminista 2019ko sanmartinetan ipini zuten martxan lehen aldiz, eta, pandemiaren eraginez jai barik bi urte eman ondoren, aurtengo Pazko jaietan ere sustatu dute. “Duela hiru urte hausnartu genuen erasorik gabeko jaiak nola prestatu. Era berean, eraso sexistei aurre egiteko protokoloa osatzea beharrezkotzat jo genuen, Zamudion ez zegoelako halakorik, eta emakume-talde bat identifikatu, haiengana babes bila joateko, erasorik jasan edo kezkarik izanez gero. Emagin elkarteak zuzendutako prestakuntza-saioa antolatu genuen, eta emakume askok, hainbat adin-tartekoek, hartu zuten parte. Brigada feminista osatzeko ideia ere handik irten zen”, azaldu digute.
“Jaietan gertatu daitezkeen hainbat egoera aztertu genituen prestakuntza-saioan eta nola kudeatu ikasi”
Prestakuntza-saioa aurtengo Pazko jaiei begira ere antolatu dute, eta, aurrekoa bezala, erabat arrakastatsua izan zen. “Brigada feministan 53 emakume egon gara eta gutariko asko ibili ginen saioan. Jaietan gertatu daitezkeen hainbat egoera aztertu genituen bertan, kasu praktikoak, eta horiek nola kudeatu ikasi”. Bestalde, 2019an egindako protokolo bera proposatu zuten jai-batzordean. “Protokolo horretan aurreikusten dira gertatu daitezkeen arazoak eta larritasunaren arabera sailkatzen dira. Halaber, eraso bakoitzaren aurrean hartu beharreko erabakiak zehazten dira. Brigada feminista da protokoloa aurrera atera ahal izateko bitartekoa”.
Brigada feministako kideek zapi morea jantzi zuten jaietan, eta gauean Emagineko teknikari bat haiekin elkarlanean ibili zen, laguntza emateko eta erasorik gertatuz gero hura jasan duena artatzeko. “Bariku gauean arazo txiki bat egon zen mozkorti batekin, baina lekuan bertan konpondu zuten brigadako kideek; bestela, ez zen arazo larririk egon”. Jai-gunean puntu morea atondu zen herritarren eskura informazioa eta laguntza ipintzeko, eta sexu-erasoei kontrako mezuak zabaldu ziren txosnetako megafoniaren bidez. Herriko puntu beltzak ere identifikatu zituzten. “Lan sakona egin genuen 2019an, puntu beltzak zeintzuk diren jakiteko, eta aurten berrikusi ditugu, besteak beste, etxebizitza berriak eta lurpeko parkina egin direlako; hortaz, puntu beltz berri batzuk identifikatu ditugu”.
Komunak non ipini ere arretaz aztertu zuten, eta ingurua egoki argiztatuta egon zedila. “Beste aldetik, berezko telefono-zenbakia dugu Zamudion (633 918 561), eta, brigadako kiderik topatu ezean, hara deitu daiteke, eraso sexistarik jasan edo ikusi bada. Telefono hori zein den herri osoan zabaldu zen, barraketan eta txosnetan”. Gauean inpunitate handiagoa dagoela ematen du, baina erasoak eguneko edozein ordutan gertatu daitezke eta horregatik brigada egunean ere ibili zen martxan. “Barraketan, kaletik ibiltzean, eguerdiko poteoan… horietan guztietan ere inportantea da esatea hemen gaudela eta gure lekua erreibindikatzen dugula, jaiak edozein momentutan libre bizi nahi ditugula”.
Babestuta
Herri txikia da Zamudio eta brigada feministarekin 53 emakumek bat egin izana itzela izan da, Zapata Gorriak elkartearen kideen ustez. Gainera, aipatu dute oso garrantzitsua izan dela proiektuari lotutako gastuak jai-batzordeak aurten bere gain hartu izana. “2019an Zamudioko Udalak ordaindu zituen gastuak, baina guk nahi genuen jai-batzordea ere dinamika honetan inplikatzea eta, beraz, guretzat oso inportantea izan da gastuak jai-batzordearen aurrekontuaren baitan sartu izana”.
Herritarrek orokorrean oso balorazio positiboa egin dute egitasmoari buruz, eta hala adierazi diote talde feministari. “Emakume eta neska batzuek esan digute jaietan babestuta sentitu direla, eta inoiz baino libreago, ikusi dutelako atzean indar bat zegoela. Zenbait gurasok ere alabei esan diete edozein arazorik izanez gero guregana jotzeko… Erreferenteak izan gara eta oso pozik gaude”. Aipatutakoaren arabera, dagoeneko lanean dabiltza San Martin jaiei begira. “Pentsatuta dugu sanmartinetarako zer proposatu eta zer egin. Nobedadeak egongo dira eta azokan zein jaietan izango gara. Era berean, etengabe hobetzen ahaleginduko gara herriko jai guztietan eta jarraituko dugu gure proposamena jai-batzordeari helarazten”.
“Batzuek esan digute inoiz baino libreago sentitu direla, ikusi dutelako atzean indar bat zegoela”
Tolerantziak behera
Tamalez, jai-giroan gertatzen diren eraso sexisten berri eman dute komunikabideek azken egunotan. Zamudiokoaren moduko egitasmoak ezinbestekoak dira erasoei aurre egiteko “Bi urte jai barik eman ostean, aurreikusten zen jaiak «potente» etorriko zirela. Zamudion ez da ezer gertatu, baina asteburu berean Beasaingo jaiak izan ziren eta emakume bat bortxatu zuten bertan. Ez dakigu orain lehen baino eraso sexista gehiago gertatzen den, baina gauza da gure tolerantzia-mailak behera egin duela, behera egin behar zuelako, izan ere, asko jasan dugu jaietan. Ez dugu uste, momentu batean edo bestean, jaietan erasotua sentitu ez den emakumerik dagoenik: ipurdia ukitu digutelako, edo titiak, edo batzuen artean inguratu gaituztelako… Eta orain ez gaude hori gehiago jasateko prest: jaiak libre bizi nahi ditugu. Belaunaldi berriek oraindino horrela ibili behar izatea tristea da oso”.
Brigada feministaren inguruko egitasmoa Zamudion onartu eta gutxira, jai-batzordeentzako liburuxka atera zuen Emakundek, festetan eraso sexisten aurrean zelan jokatu azaltzeko. “Sorpresa atsegina hartu genuen, gure egitasmoak Emakunderen hainbat eta hainbat irizpide betetzen zituelako. Poz-pozik ikusi dugu bide egokian gabiltzala”.