Sei finantza-entitatek urrats berriak emango dituzte Euskaraldian

Aikor aldizkaria 2022ko uzt. 29a, 09:06

Finantza-entitateetan euskararen erabilera areagotzen jarraitzeko urratsak emateko konpromisoa berretsi dute Bankoa-ABANCA, BBVA, CaixaBank, Nafarroako Rural Kutxa, Kutxabank eta Laboral Kutxako ordezkariek. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzailearekin eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin batera egindako agerraldian adierazi dutenez, azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo den Euskaraldiaren hirugarren edizioan parte hartu eta ahalik eta bulego gehienetan ariguneak osatuko dituzte. Gainera, langile eta bezeroen artean euskara harreman-hizkuntza izan dadin dituzten planak aintzat hartuta, Euskaraldiak ematen ari diren urratsak ikusgarri egiteko aukera ematen diela nabarmendu dute.

Bi urtez behin egiten den ariketa sozialaren helburua da hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea. Horretarako, oso garrantzitsua da euskara erabiltzeko gune erosoak sortzea. Gune horien sorreran erakunde, enpresa, elkarte zein era guztietako eragileek ekarpen garrantzitsua egin dezaketela gogoratu dute ekimenaren antolatzaileek.  Urkijoren hitzetan, arlo sozioekonomikoan eragin nabarmena duten erakundeek euskararen erabilera bultzatzeko eragile garrantzitsuak eta bide-erakusleak izan daitezke; horregatik, eskerrak eman dizkie finantza-entitateetako ordezkariei beraien erakundeetan erronka berriak proposatzeko eman duten urratsarengatik.

Maiatzaren 18an zabaldu zen era guztietako entitateek Euskaraldian parte hatzeko izena emateko epea. Azaldutakoaren arabera,  Euskaraldiaren bigarren edizioan izena eman zuten entitateak beraien parte hartzea berresten dabiltza. Horri lotuta, ariguneak sortzen ari diren entitateek hemen eman edo berretsi dezaketela izen-ematea. Bestalde, herritarrek irailaren 28tik aurrera ahobizi edo belarriprest roletan izena emateko edo parte hartzea berresteko aukera izango dute. 

Antolataileek adierazi dutenez, Euskaraldia urrats eta lorpen ugariren gehiketa izan da aurreko edizioetan. Hirugarren edizioan ere proposamen hau egingo diete parte hartuko duten entitate eta herritarrei: euskararen erabilera areagotu eta hizkuntza-ohituretan aldaketak egiteko erronka konkretuak jar diezazkiotela euren buruari. Erronka guzti horien baturatik gizartean aldaketa eragitea da antolatzaileen helburua, hizkuntza-praktiketan eragitea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).