Eskolaren lehenengo eguna

Aikor aldizkaria 2022ko ira. 8a, 14:09

Ikasle euskaldunek gaur hasi dute ikasturtea. Urduritasuna, barreak eta negarra nabarmenak izan dira edozein eskolatako atarian. Txorierrin bost eskola eta Institutua ditugu, guztira, 2.300 neska-mutil inguru. Lezaman jai-eguna izan da eta bihar hasiko dira.  

“Ikasturteari hasiera ematea gogorra da, urtero moduan. Beti falta da zerbait. Esate baterako, gure eskolako zuzendaritza-taldea berria da, irailaren 6a jai eguna izan zen eta horrek egun bat kendu digu dena atontzeko, irakasle-plaza batzuk bete barik ditugu...”, esan digu Alaitz Artetxe Derioko eskolako zuzendariak. Han ia 600 ikasle daude eta aurten leku gehiago izango dute. Izan ere, bigarren solairua institutuko ikasleek erabiltzen zuten, baina aurten eraikin berria dute eta hara joango dira.
Institutuan, beraz, eraikin berria da nobedade nagusia. “Horrek onura handia ekarriko digu bai irakasleoi, bai ikasleei: osasun-baldintzak hobeak dira; lekua atseginagoa eta handiagoa da; patioa eta berdegunea ere handiagoak izango dira; laborategi berriak izango ditugu; autobusak bertan aparkatzeko aukera izango du eta, ondorioz, seguruagoa izango da, ikasleek errepidea gurutzatu beharko ez dutelako... Guztiok ibiliko gara gusturago institutu berrian”, aipatu dute zuzendaritza-taldekoek.    
Beste nobedade bat COVID-19ari dagokio, gaixotasun arruntatzat hartzen delako eta eskolek horren haritik neurri berezirik hartuko ez dutelako. “Eusko Jaurlaritzak gomendio logikoak zabaltzeko eskatu digu: eskuak sarritan garbitu, autobusean doazen 6 urtetik gorako ikasleek musukoa erabili, gelak aireztatu...”, adierazi du Aintzane Uriarte Zamudioko eskolako zuzendariak. “Guztira, 206 neska-mutil ditugu eta horietako batek galdetu digu ea aurten  lurrean marrarik ez zen egongo. Zorionez, normaltasunera itzuliko gara”. 
Azken nobedade orokorra irakaskuntza-lege berria da, LOMLOE edo Celaa legea. Hori 2020an onartu zen, baina aurten sartuko da indarrean. Eskolak lege berrira dabiltza egokitzen eta irakasleek ikastaroak jaso beharko dituzte trebatzeko. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzak Larrabetzuko eskola aukeratu du “Etorkizuneko gelak” proiektua bertan garatzeko. “Gela handi bat behar da, han espazio malguak atontzeko, digitalizazioa bultzatzeko eta zenbait metodologia aktiboak eskaintzeko. Proiektu-pilotua da eta pozik gaude Larrabetzun egiteagatik”, azaldu du Deiene Iturregi Larrabetzuko eskolako zuzendariak. 

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).