Atmosfera sartzean meteoritoak birrindu egiten dira gehienetan, eta meteoroa sortzen dute, hizkera arruntean izar iheskorra, izarloka edo izar uxoa esaten zaiona. Baina nahiko handiak direnean ez dira guztiz desegiten, eta puskak handiak badira, arazoak sor ditzakete. Zorionez, horrelako kasuak oso gutxitan gertatzen dira, espazioa oso zabala da eta; beraz, talka horiek gertatzeko aukera oso txikia da. Baina dinosauroei galdetu… Gertatzen dira…
Alde batetik, arazoak ditugu halako gorputzak detektatzeko. Esaterako, Chicxulub kraterra eta kretazikoko suntsipena eragin zuen meteoritoa 10 km-ko diametroa zuela uste da. Ortzi zabalean hori ez da ezer, baina nahiz eta detekzio-sistemak geroz eta hobeak diren, baliteke meteoritoa antzeman orduko berandu izatea.
Bestetik, zenbait filmetan ikusi dugun bezala, ez da batere ideia ona halakoren bat leherraraztea Lurretik gertu dagoela. Izan ere, bere barruko propietateak zeintzuk diren ez badakigu, ezin dugu jakin zati bakar batean edo hamaika zatitan lehertuko den, ezta zatiek zein ibilbide hartuko duten ere, edo Lurrera zenbat jausiko diren.
2021eko azaroan, NASAk 500 kg-ko espazio-ontzia, DART misioa, bidali zuen espaziora. Bere jomuga Didymos 65803 asteroide-sistema binarioaren Dimorphos satelitea da, eta helburua, hori era kontrolatuan desbideratzea. Helmugara ailegatzen denean, bere sentsoreak erabilita, satelitearen azterketa geologikoa egingo du haren propietateak hobeto ezagutzeko. Era berean, satelitea desbideratzen saiatzen denean, bere jokaera zein izango den aurrez jakiteko aukera ekarriko du. Kontuan hartu behar da DART Lurretik 11 milioi kilometrora bidali dela, 23 km/s-ko abiaduran doan eta bakarrik 160 metroko diametroa duen gorputza kontrolatzera. Ez da makala, ez.
Batzuetan, zalantzan jartzen da halako egitasmoetan inbertitzen den dirua. Kontuan izan beharra dago haien garapenean zientzia eta teknologia asko aurreratzen direla eta emaitzak beste esparru askotara zabaltzen direla. Gainera, hobe dugu hurrengo asteroideak Lurraren kontra egin baino lehen prest egotea. Dinosauroei galdetu bestela.