Webgunean jasotzen denez, Derioko kale-izendegian bi emakume-izen agertzen dira (orotara 42 izen daude): Arantzazu kalea eta Mesedeetako Andra Mariaren Ikastetxea Komentua; Larrabetzun ere, bi emakume-izen (orotara 42): Andra Mariaren Jasokundea eliza eta Andra Mari kalea; Lezaman, emakume-izen bat (orotara 21): Andra Mari eliza; Loiun, lau emakume-izen (orotara 83): Nuestra Señora de la Merced HLBHIP, Esperanza Alhama BHIP, Santa Luzia kirol-eremua eta Santa Luzia bidea; eta Zamudion, bi emakume-izen (orotara 42): Enara kalea eta Carmen Mendiguren Abaunza kalea. Bestalde, webgunean ez dago Sondikako kale-izendegiari buruzko daturik.
Teresa Laespada diputatuaren esanetan, “egitura matxista sendoetan oinarritutako gizarte desorekatuan bizi gara. Egoera eta errealitate askok uzten dute hori agerian, esate baterako, gune publikoetan eta botere-guneetan emakumeak ikusgai ez izatea eta aintzat ez hartzea. Emakumea izatea oraindik ere da desabantaila; beraz, beharrezkoa da historikoki kanporatu izan gaituzten gune horietan emakumeak ikusgai egitea eta aintzat hartzea”.
Azaldu duenez, webgunearen xedea da botere-gune sinbolikoetan, kale-izendegian kasu, emakumeek duten presentzia desorekatua azalaraztea. “Berdintasun- eta eskubide-kontua da, baina etorkizuneko apustua ere bai, emakume-erreferenteek gizon-erreferenteek adina presentzia eta protagonismoa izan dezaten, kale-izendegi, gizarte eta etorkizun berdinzaleetan”.