"Arazo orokorra izan arren, ematen du inork ez zuela lehenengo urratsa eman nahi. Eta hori Larrabetzun panpa-lezkarik ez! taldeak egin du. Elkartea Gym berdea proiektuaren haritik sortu da. Horren bidez, ariketa fisikoa egiten dugu, natura inguruan zaintzen dugun bitartean. Lehengo udazkenean panpa-lezka mozten hasi ginen. Handik aurrera, lagun batzuek bat egin dute gurekin", esan digu Jokin Serra taldekideak. Eduardo Cordero lagun horietako bat da. "Elkartean kide gutxi gaude, sei lagun inguru, baina beste talde batzuk ere inplikatzen dira. Arazoa da lana etengabe egin behar dela, eta horrek lantalde konprometitua eskatzen duela. Taldekideok astelehenero eta barikuro batzen gara lan egiteko", aipatu du.
Auzolanez aparte, elkartekideek lau urteko plangintza egin zuten, panpa-lezka herritik erabat ezabatzeko. "Lehenengo urtean, ahalik eta landare gehien kendu behar da; eta hurrengoetan mantentze-lanak egin. Panpa-lezka Kantabriatik sartu zen Europara eta han arazoa izugarria da. Bertako elkarteek 20 urteko epea jarri dute landarea Kantabrian erabat ezabatzeko". Serraren eta Corderoren esanetan eragin handiena kostaldean dago eta Txorierrin, "Asuan eta Derion, seminario inguruan".
Lana arautzeko, taldekideek aplikazio informatikoa atera dute. “GoogleMapsen markak jartzen ditugu; horrela, badakigu panpa-lezka non mozten dugun, zenbat, ea erabat ezabatu dugun landarea... Aplikazioan edozeinek edita dezake qr kodearen bidez”. Landareak egutegi propioa du, eta horren arabera lan egin behar da: uztailaren 15etik abuztuaren 15era bitartean da gomendagarria landarea moztea. Epe horretatik kanpo, landarea errotik atera behar da. Iaz, larrabetzuarrek 3.000 landare moztu zituzten.
Erakundeen laguntza
Elkarteak panpa-lezkaren arriskuen berri eman dute Larrabetzuko eskolan. Gainera, laguntza eskatu diete erakunde publikoei. “Larrabetzuko Udalak dirulaguntza eman zigun eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuorria argitaratu du, arazoaren berri emateko, esate baterako. Bizkaiko Foru Aldundiak ekintza batzuk sustatu ditu, baina ez dira nahikoak. Izan ere, eragile guztien kooperazioa lortu behar da: Euskotren, Gas Natural, aireportua... Enpresa horiek lerro-formako azpiegiturak kudeatzen dituztelako eta hortik landarea bereziki zabaltzen delako".
Bestalde, lurren jabeak ere inplikatu behar dira. “Askotan, panpa-lezka lur pribatuetan ateratzen da eta jabeek ezabatzeko eta datozen urteetan mantentze-lana egiteko konpromisoa hartu behar dute". Horren haritik, taldekideek panpa-lezka kentzeko deialdia egin diete txorierritarrei, nork bere etxean. Horretarako, aitzurra, plastikozko poltsak luma-mototsak bertan gordetzeko, kimatzeko artaziak eta eskularruak baino ez dira behar. "Jendeak kontuz ibili behar du: luma-mototsak ez dira gehiegi mugitu behar, bertan haziak daudelako. Lumak moztu eta gero, poltsetan gordetzen dira eta Artigaseko erretegira bidali. Hostoak, konposterako erabili ahal dira, eta oinarria eta sustraiak, lurretik atera eta buelta eman, dena sikatzeko. Hezetasunik eta eguzkirik ez badago, erraz sikatuko dira".
Informazioa:
"Enpresa handiak (Euskotren, aireportua...), erakunde publikoak eta lurzoruen jabeak inplikatu behar dira"
Landare inbaditzailea
Panpa-lezka, cortaderia selloana, duela 100 urte etorri zen Ameriketarik, etxeak eta lorategiak apaintzeko. Garai hartan, bakarrik emeak ekartzen ziren, ikusgarrienak, eta ondorioz, hedapena ez zen hain handia izan. 1950. hamarkadan, aldiz, gerraosteak ekarritako goseari aurre egiteko, garia ekarri zuten Argentinatik. Eta horrekin batera panpa-lezkaren haziak ere etorri ziren Santanderreko portura, alegia. Eta handik alde atlantiko osora zabaldu zen, Portugaletik Bretainaraino (Frantzia). Kantabria, esate baterako, panpa-lezkaz beteta dago.
Panpa-lezkak arazo batzuk sortzen ditu: batetik, azkar hedatzen da eta bertako flora desagerrarazten du, espezie inbaditzailea baita, hau da, lurraren emankortasuna eta paisaiaren kalitatea murrizten ditu, baita basoen emankortasun ekonomikoa ere. Gainera, udazkenean loratzen direnez, uda ostean ere ekartzen dizkiete arazoak alergia dutenei. Panpa-lezka espezie inbaditzaileen katalogoaren barruan dago, hau da, debekatuta dago horren jabea izatea eta landa lantzea, leku batetik bestera eramatea eta saltzea edo erostea. Legeak jabeak behartzen ditu euren lureremutik panpa-lezka ezabatzera.
"Landarea batez ere errepideetan eta trenbideetan zabaltzen da, haziak airearen bidez mugitzen direlako; beraz, A8 autopista egin zenean, Kantauriko kostaldean zabaldu zen. Oso garrantzitsua da zonalde horietatik ezabatzea, autoek haziak barreiatzen dituztelako, eta zonalde horietatik basoetara zabaltzen direlako. Landare eguzkizalea da eta bakoitzak 100.000 hazi ditu", azaldu dute Larrabetzun Panpa-lezkarik ez! elkartekoek.